Kanpoko portua, jokoz kanpo

“Zentzua duenak badaki ezin dela egin”. Pasaiako Portu Agintaritzako presidente Ricardo Peñak uztailean egindako hitzak dira. Pasaiako kanpoko kaia ez dute eraikiko, oraingoz. Aurreko hilabeteetan iragarritako asmoa irailaren 25eko bileran onartu zuen Pasaiako Portu Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak. Agintaritzak azaldu zuenez, “saihetsezina” da kanpoko kaiaren proiektua bertan behera uztea, haren aldeko argudioak “bata bestearen atzetik” desagertu direlako. Hala, azken urteetan hainbeste zeresan sortu duen egitasmoa bertan behera gelditu da, oraingoz: “Inork ez daki hamar urte barru zer gertatuko den. Horregatik ez gara gai esateko kanpoko portuak ez duela etorkizunik, baina gaur egun ditugun datuekin eta ahalmenarekin ikusten dugu ezinezkoa dela”.

Proiektua aurkeztu zutenetik, ingurumen aldetik kezka handia sortu izan du proiektuak. Ia 5.000 alegazio jaso ditu, eta gehienek kostaldean egingo lukeen kaltea nabarmentzen dute. Espainiako Ingurumen Ministerioak berak ere azaldu zuen kanpoko portuaren aurkako jarrera, 2011n. Hala ere, proiektua bertan behera uzteko argudioetan ez dute ingurumena aipatu. Krisi ekonomikoak zuzenean eragin du erabakian.

Bereziki, hiru arrazoi eman ditu Portu Agintaritzak egitasmoa eteteko. Batetik, trafikoaren jaitsiera. Oraingo portuak 6,3 milioi tonarentzako gaitasuna du. Kanpoko portuaren azken proposamenak 9 eta 17 milioi tona arteko trafikoa iragartzen zioten. 2013an hiru milioira ere ez zen iritsi portuak mugitutako zama. Trafiko handieneko urtean, 2003an, sei milioi tona mugitu zituen. Aurrera begira egindako aurreikuspenek ere urruti ikusten dituzte kopuru horiek.

Bigarren arrazoia kanpoko portuak aterpetu behar zuen Iberdrolaren ziklo konbinatuko zentralaren proiektua bertan behera geratu izana da. Energiaren merkatuko gorabeherek, eta, bereziki, ziklo konbinatuko zentral termikoen krisi larriak proiektu hori bertan behera uztera eraman du Iberdrola.

Azken arrazoiak finantzaketarekin dauka zerikusia. Kanpoko portuaren zati handi bat etxebizitzen salmentarekin estali behar zen. Alabaina, etxebizitzen merkatuaren erorketak guztiz zalantzan utzi zuen egitasmo hori.

Finantzaketari dagokionez, proiektuaren beraren azken bertsioak 750 milioi euroko kostua iragartzen bazuen ere, aditu gehienen arabera, oso behetik jota zegoen kostu hori. Joxe Joan Gonzalez Txabarri jeltzaleak, esaterako, Pasaiako Portu Agintaritzako presidente zenean 2.500 milioi inguruko aurrekontua aurreikusten zuen, 2008an. Miguel Buen sozialistak egitasmoa erdira txikituta 750 milioi euro aipatu zituen. Diru asko bazen ere, askoz ere gehiago kostatuko zen portua. Adibidez, Coruñako (Galizia) kanpoko portua 370 milioitan adjudikatu zuten, eta 700 milioiko gastua gainditu du jadanik.

Erabakiaren berri izan orduko PSE-EEk kritika egin zion agintaritzari; Gipuzkoako buru Iñaki Arriolaren arabera, “aitzakiak” dira agertutako argudioak, eta kanpoko portua “ezinbesteko” azpiegitura da. EH Bildurentzat, berriz, erabaki “pozgarria” da. Gipuzkoako Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinen esanetan, gainera, “zaila” izango da kanpoko portua “justifikatzeko” beste aukera bat izatea.

Badiaren biziberritzea

Kanpoko kaiaren proiektua bertan behera utzita, Pasaiako Portu Agintaritza badia barruko portura begira jarri da: “Neurriak hartu beharko ditugu, daukagun lur samurraren erabilera hobetzeko”, esan zuen Peñak BERRIAn, irailean egindako o elkarrizketan. Horrez gain, pasaitarrekin “ondo moldatzeko” saio bat egiten ari direla ere adierazi zuen: “Gaur egungo egoera ez zaigu gustatzen”.

Hirigune batean dago portua, eta pasaitarrek urte askotan eskatu izan dute zati bat herriko gabeziei aurre egiteko. Izan ere, Gipuzkoako dentsitate demografiko handiena duen eremua da. Agintaritzak dio lur batzuk uzteko prest dagoela baina “gehiena” behar duela. Kanpoko portuaren egitasmoa eten arren, izango dute zertaz eztabaidatu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.