Hiru urte dira, BERRIA taldeak, BERRIAlagunen bidea abiarazi zuela. Hedabideek XXI. mendean duten abagunean, bideragarritasuna bermatzea du xede BERRIAlagunen egitasmoak: Egunkariak erosteko ohitura gutxitzen ari da, eta horren aurrean gero eta gehiago diren irakurleak, urteko ekarpenaren bidez komunitateko kide egitea da helburua. Horrela, berrikuntza eta garapenerako aukerak sortzeaz gain, sarean doako izaten jarraituko du.
13.000 lagunek osatzen dute BERRIAlagunen komunitatea; norbanakoek eta iragarleek. Eta eskerrak eman nahi dizkie BERRIA Taldeak, proiektuari ematen dioten babesagatik. Komunitatearen ekarpenari esker berritu dira aurten BERRIAren papereko eta sareko edizioak eta Badok euskal musikaren ataria.
Taldeak helburu bat jarri du hurrengo urterako. 15.000 lagunetara ailegatzea, eta komunitatea saretzea. Horretarako, bide ezberdinak jorratuko ditu.
Tokiko kanpainak
BERRIA ezagutzera emateko asmoz eta tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin, 2014an abiarazitako bideak segida izango du hurrengo urtean.
Elkarlanean egin zen Erosi Ordizian BERRIAren eskutik kanpaina; Ordizian merkari elkarteak, Ordiziako udalak, Orkly enpresak eta BERRIAk, elkarlanean garatu zuten kanpaina. 87 BERRIAlagun iragarle berri gehitu zaizkio komunitateari eta ehunka pertsonak hartu dute parte azaroan herrian antolatu den zozketan. Egitasmoak bi astez iraun du, eta herriko 87 dendak edo tabernak parte hartu dute.
Kanpainaren amaieran zozketa bat egin dute. BERRIAlagun diren denda eta tabernetan txartel bat betetzeko aukera izan dute bezeroek erosketa bakoitzeko. Horien artean mila euroko sari bat zozkatu dute, BERRIAlagun diren saltokietan gastatzeko. Horrez gain, beste zozketa bat ere egin dute dendarien artean. Irabazleak mila euroko bonu bat eskuratu du BERRIAn iragarkiak jartzeko. 2015ean elkarlanaren bidetik, antzeko egitasmoak egingo dira beste lau herritan. Proba ondo atera da, eta bide horretan segituko dute, herriz herriko egitasmoetan indarra jarriz.
Leave a Reply