Eider Bereziartua
Pili Manterola (Getaria, 1968) Getariako Iribar jatetxeko sukaldaria da. Hain zuzen ere, bere aitonak zabaldu zuen jatetxea, eta “etxeko negozioarekin segitzeko asmoz”, Madrilen sukaldaritza ikasketak egin zituen. Itzulitakoan, lekukoa jaso eta jatetxearen ardura hartu zuen. ETB1eko Txoriene saioko aurkezlea ere izana da, eta Euskadi Irratiko Faktoria saioan astero parte hartzen du.
Asko aldatu al da Getaria zu haurra zinenetik?
Bai, aldaketak izan dira. Beharrei aurre eginez hobekuntzak egin dira, eta, horri esker, eguneratuta gaude; ez gara atzean gelditu. Aurrera goaz, azkarrago edo makalago, baina aurrera. Oro har, arlo guztietan egin dituzte berrikuntzak, eta onerako izan dira.
Zuk ezer aldatuko al zenuke?
Ni eta nire ingurukoak asko kexatzen gara garbiketaren inguruan. Kale garbiketak-eta badakit egiten direla, baina jende asko ibiltzen da herrian, txakurrak ere asko ibiltzen dira… Paperak-eta lurrera botatzeko ohitura txarra daukagu. Beste lekuetara oporretara joaten garenean txukunago aurkitzen ditugu gauzak. Batik bat, hori aldatuko nuke, kaleko zikinkeria.
Zerk egiten du Getaria berezi?
Kanpotarrek esango lukete: “Getariarrak berak bai direla bereziak…”. Ni oso-oso getariarra naiz, asko sentitzen dut herria, eta, bertakoa izanda, norberak mantentzen du herriaren xarma. Baina, esate baterako, kokapena oso ona dauka Getariak: Donostiatik hurbil gaude, autobusez ondo komunikatuta, itsasertzean kokatuta egoteari esker hondartza politak dauzkagu, arrantza daukagu… Jende asko etortzen da.
Gainera, azken urteotan, Zarauztik Getariara egin den oinezko ibilbideari esker, erraztasun handiagoak dauzkagu bai Zarautzera joateko baita zarauztarrak hona etortzeko ere. Asteburuetan autoa Zarautzen aparkatu eta oinez etortzeko aukera ere badago. Horrez gain, txikia izan arren, jokoa ematen du herriak, zerbitzu asko dauzkagu. Bizitza asko dauka Getariak.
Zuk, sukaldaria izanik, nola deskribatuko zenuke Getariako gastronomia?
Gu serio ari gara lanean. Ez ni bakarrik, jatetxe desberdinekin osatutako talde zabal bat gara. Desberdin ematen dugu jaten, baina talde bat gara. Talde horrek izena eman dio Getariari. Gure gurasoengandik jasotako parrilako sukaldaritza mantendu dugu, eta, gainera, indartu. Marka bat sortu dugu. Bide onean goaz, jendea gustura etortzen da Getariara. Izen ona daukagu.
Getariarra izateak izan al du eraginik zure ogibidea aukeratzerakoan?
Nik hori familiatik jaso dut, hirugarren belaunaldia naiz gure etxean. Batez ere, etxeko negozioarekin jarraitzeagatik egin nituen sukaldaritza ikasketak.
Ba al duzu txoko berezirik herrian?
Udaran asko gustatzen zait portuko arrapalan egotea, han eguzkia hartzea, itsasoan bainatzea, kontu kontari egotea… Esango nuke niretzat udako txokorik bereziena dela. Gero, izkina asko ditut gogoko, baina udaran plazer handia ematen dit lana amaitutakoan hara joateak.
Getariakoa izango ez bazina, nongoa izatea gustatuko litzaizuke?
Galdera ez da erraza, baina gauza bat garbi daukat. Gustura irteten naiz oporretara, eta zortez leku asko ezagutzeko aukera izan dut. Baina kanpotik itzultzen naizen bakoitzean konturatzen naiz zein leku onean bizi naizen. Zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta gusturago sentitzen naiz eguneroko bizitza egiten dudan lekuan. Beraz, ez nuke ezergatik aldatuko Getaria; ez nintzateke beste inon biziko.
Leave a Reply