Maite Alustiza
“Beti pentsatzen dugu ezin dugula gehiago bildu, baina elikagai kopurua gehitzen doa”. Jose Manuel Pineda Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak emandako datuen arabera, 2014ko bilketan 575.000 kilo jaso zituzten, eta, iaz, 626.850 kilo. Aurten, hala ere, “zail” ikusten du kopuru horiek gainditzea: “Batzuek diote gipuzkoar bakoitzeko kilo bat jaso beharko genukeela, baina gure helburua ez da kiloak eta kiloak pilatzea, baizik eta laguntzen dugun pertsona kopurua gutxitzea”.
Beherakada nabaritzen hasiak dira bankura jotzen duten lagun kopuruan, “baina ez gehiegi”: aurten jasotzen dutenarekin 20.145 pertsonari laguntzea espero dute; iaz, 22.875 lagundu zituzten, eta, 2014an, 24.522.
Gaur eta bihar egingo du bilketa Elikagai Bankuak, lurralde osoko 75 saltoki handi eta dendatan. Pastaz, arrozaz eta lekaleez gain, beste hainbat produktu behar dituzte: kakao hautsa, gailetak, barazki eta arrain kontserbak, olioa, higiene produktuak… “Gurasoek haurrentzako esnea edo fruta potoak eskatzen dituzte, garesti samarrak dira eta. Fardelak ere banatzen ditugu”. Supermerkatu eta dendetan elikagaiak jasotzeko hainbat kaxa izango dira, eta 1.500 boluntario ariko dira bilketan laguntzen.
Boluntarioekin batera, urtero erakunde batek kolaboratzen du bilketarekin, eta, aurten, Real Sociedad Fundazioa ariko da —iaz, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak kolaboratu zuen—. Elikagai Bankuak egiten duen lana goraipatu du Jokin Aperribai fundazioko presidenteak: “Gipuzkoar guztien alde laguntza humanitarioa ematen du. Guk gure esfortzu guztia ipiniko dugu partida hau irabazteko”.
Produktuak emateaz aparte, bonuak ere erosi ahal izango dira saltokietan. 3 edo 5 euroko balioa dute, eta Elikagai Bankuak beharren arabera erabiliko ditu. Hasiera batean dendetan geratuko dira bonuak, erabili gabe, eta, zerbait behar izanez gero, haiekin erosiko dituzte produktuak. “Guretzat abantaila bat izango da”, dio Pinedak. Modu horretan, bilketa eta sailkatze lanak gutxitu egingo zaizkie, eta, gainera, elikagaiak iraungitzea saihestuko dute. Iaz ere martxan eduki zuten bonuen sistema: 626.850 kiloetatik 70.590 bonu bidez eskuratu zituzten.
Elikagaiak jaso ondoren, biltegietara eramango dituzte datozen egunetan. Oiartzunen du egoitza nagusia Gipuzkoako bankuak, eta beste biltegi bat Bergaran. Urtero egiten duten bilketa honetaz gain, beste bi bidetatik jasotzen dute laguntza: Europako Batasunetik, eta Azken minutua egitasmoaren bitartez —produktu galkorrak jasotzen dituzte supermerkatuetan—. Azken horri lotuta, Elikagai Bankuarekin elkarlanean aritu diren enpresei aitortza egin zien Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean. Kanpainaren atarian, bankuaren lana eskertu du Markel Olano ahaldun nagusiak: “Elikagai Bankuak lurralde osoa mobilizatzea lortu du, eta hori ez da kapazitate makala. Lortu du integratzea erakunde publikoak, boluntario asko eta enpresak”.
Leave a Reply