Itziarren bai, Igeldon zain

Erabakia, desanexioa, parte-hartze prozesua… Kontzeptu horiek eragile politiko guztien ahotan ibili dira aurten, Gipuzkoako bi auzok abiatutako burujabetza prozesuek aurrera egin duten heinean. Itziarren, konpontze bidean da auzia, herritarrek erabakitzen zutena errespetatzeko konpromisoa hartua baitu Gipuzkoako Foru Aldundiak; Igeldoko herritarrak, berriz, zain daude oraindik, desanexio dekretuaren kontra EAJk, PSE-EEk eta PPk aurkeztutako helegitea noiz konponduko.

Aurten, bi galdeketa egin dituzte Itziarren, maiatzaren 25ean eta azaroaren 30ean, eta bietan ala bietan, auzo udalaren aldeko hautuak aise irabazi du, parte hartze zabalarekin. Itziarren eta Debaren arteko eztabaidaren sustraiak, ordea, askoz sakonagoak dira.

Hamarkadatan Debarekiko desanexioa lortu nahian aritu dira Itziarko herritarrak, eta Itziar Herria Sortzen plataforma ere horretarako sortu zuten. Urte luzez ez atzera ez aurrera geratu zen eztabaida, eta, denbora horretan, Gipuzkoako beste auzo batek —Ereñotzuk, Hernanin— auzo udalaren bidea hartu zuen. Bide orria argi ikusita, handik jotzea erabaki zuten itziartarrek ere.

Debako Udalak iaz hasi zuen auzo udala eratzeko prozesua. Denon Herria izeneko plataforma bat sortu zuten, eta hainbat pertsona ezagunen babesa jaso zuten. Baina desanexioaren aurka zeuden alderdiek arazoak ikusi zizkioten auzo udalaren aukerari ere: erakunde berriak hartu beharreko lur eremuarekin piztu ziren desadostasunak.

Izan ere, auzo udalaren proposamenak barruan hartzen ditu Itziar, Itxaspe, Elorrixa, Mardari, Lastur, Endoia, Arbizkoa, Egia eta Arriola. Debako beste herritar batzuek Gora Deba plataforma sortu zuten, proposamen horren aurka. 1.200 herritarren sinadurak bildu zituzten, auzo udala Itziar eta Itxaspera mugatzeko eskatuz.

Auzia, berriz ere, blokeo egoeran sartzeko arriskua ikusita, Denon Herria erakundeak herri galdeketa egin zuen maiatzaren 25ean, auzo udala sortzekoa zen bederatzi gune horietan. Herritarren hiru laurdenek eman zuten botoa, eta %95ek eman zioten baiezkoa, lurralde horiek guztiak barruan hartuz.

Ekainaren 17an, Debako udalbatzak bilera egin zuen, eta Itziar auzo udal bihurtzearen alde agertu zen. Alternatibak, Aralarrek, Itziar Herria Sortzen taldeak eta EAko zinegotzietako batek aldeko botoa eman zuten; EAJk, Ezker Anitzak eta EAko beste zinegotziak, berriz, aurkakoa.

Azaroaren 30ean egin zuten bigarren herri galdeketa Itziarren, Debako udalbatzak Itziarko auzo udala eratzea onartu du. Ados zaude? galderari erantzuteko. Baiezkoak babes handia jaso zuen (%96 inguru), eta parte hartzea %72koa izan zen. Orain, Gipuzkoako Aldundiak dekretuz onartu beharko du auzo udalaren sorrera —horren aldeko pausoak emango dituela iragarri du Martin Garitano ahaldun nagusiak—. Izaera berriarekin, Itziarrek autonomia izango du hainbat gai kudeatzeko.

Igeldoko auzia, kolokan

Igeldoko desanexio prozesuak ere zeresana eman du aurten. Herri galdeketa iazko azaroan egin zuten, eta bozen %61 izan ziren udalerri gisa antolatzearen aldekoak. Aldundiak dekretu bidez onartu zuen desanexioa, baina ez zen gauzatu, Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek helegitea jarri eta epaitegiek gibelera bota baitzuten diputazioaren erabakia. EAJren ustez, aldundiak dekretua kendu beharko luke, eta horren ondotik zabaldu beharko litzateke erabakitze prozesua, Donostiako Udalak bultzatuta.

Igeldoko Itsas Aurre elkarteak, berriz, jeltzaleen “hipokrisia” salatu zuen azaroan, Usansoloko (Bizkaia) desanexioa babesten duelako eta Igeldokoari, ordea, trabak jartzen dizkiolako. EAJko burukideei jarrera aldatzeko deia egin zien plataformako kide Jose Ignacio Galparsorok: “Ikus dezatela Bizkaian zer egin duten, eta demokrazian eta erabakitzeko eskubidean sinisten badute, alda dezatela hemen ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.