Espainiako Justiziak eta Poliziak ezker abertzaleko gazte mugimenduaren aurka 2007an botatako sokan beste korapilo bat izan da irailaren 22tik abenduaren 18ra bitartean epaitu dituzten 28 gazte independentisten kasua. Auzipetuetatik sei dira gipuzkoarrak: Ainara Ladron (Elgoibar), Beñat Lizeaga (Zumaia), Aitziber Plazaola (Bergara), Jazint Ramirez (Donostia), Xalba Ramirez (Donostia) eta Julen Zuaznabar (Astigarraga). 28en erabakiz, euren aurkako sokari korapilo propioa jarri diote aurtengo udazkenean: Azpeitiko Loiola basilikan eraikitako Askegunea.
Irailaren 22an hasi eta atzo arte, Espainiako Auzitegi Nazionalean Segi gazte antolakundeko kide izatea leporatuta epaitu dituzten 28 gazteetatik hamalau 2010eko urriaren 22an atxilo hartu zituzten. Horien artean Ladron eta Zuaznabar zeuden; eta atxiloaldian tratu txarrak jasan izana salatu zuten biek epailearen aurrean eta espetxeratu egin zituzten.
Atxiloketatik ihes egitea lortu zuten, berriz, Lizeagak, Plazaolak zein Jazint eta Xalba Ramirezek. Hainbat hilabetez ezkutuan egon ondoren, Izpuran (Nafarroa Beherea) agertu ziren beste lau gazterekin batera 2011ko otsailaren 21ean, eta astebeteko itxialdia egin eta gero, guztiak atxilo hartu zituzten ondorengo egunetan. 2012ko martxotik uztailera bitartean askatu zituzten denak, bakoitzak 30.000 euroko bermea ordainduta, betiere.
Aske geratu zirenetik bi urte baino gehiago igarota etorri zen euren aurkako epaiketaren txanda. Ekainaren 11n absolbitutako beste 40 gazteei leporatzen zizkieten delitu berak egozten zizkietenez, epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuten 28ek ekainaren 22an. Halakorik gertatu ez zenez, desobedientziaz erantzuteko erabakia hartu zuten, eta epaiketa hasteko bezperan, irailaren 21ean, agerraldi jendetsua egin zuten Azpeitiko Loiola basilikaren aurrean. Konponbidea bai, epaiketarik ez lelopean iragarri zuten bost gaztek epaiketara ez aurkezteko erabakia hartu zutela, eta Loiolan Askegunea osatzeko deia egin zuten.
Prozesua jo puntuan
Loiolan geratu zirenetako bat da Jazint Ramirez donostiarra. Haren hitzetan, beste urrats bat egiteko beharra ikusi zuten: “Epaiketa hasi aurretik ikusten genuen egokia zela urrats hori egitea: kondena bati erantzutea baino, epaiketa bera jartzea jo puntuan. Ez genuen absolbituak izatea nahi, gure aurkako prozesua bera, eta epaiketa politikoak oro har, ez gauzatzea nahi genuen”. Epaiketari hedabideetan lekua izateko aukera ematen zion horrek: “Halako ekintzak oso ikusgarriak dira, eta oihartzun handia dute Euskal Herrian, estatu mailan, zein nazioartean”.
Baina planteamendua berria zen beste epaiketa politiko batzuen aurka osatutako Askeguneekin alderatuta: sententzia irmoa irten ostean desobeditu ordez, epaiketara aurkezteari ere muzin egin baitzioten.
Eskubide zibil eta politikoen defentsarako Eleak mugimenduko kide Txerra Bolinagaren iritziz, positiboa izan zen aldagai hori txertatzea: “Bestela, epaiketa normal hasiko zen. Eta erabaki horri esker oihartzun handiagoa eduki zuen”. Mezua hedatzeaz gain, autoritatearen aurrean ahalduntze jarrera eskuratzea garrantzitsua da, Ramirezen ustez: “Posizio bat markatzen du desobedientzia jarrerak, botere judizialari legitimitatea kentzen zaio. Estatuak baino baliabide gutxiago izan arren, ahalduntze bat da norberarentzat ere”.
Edonola ere, Angela Murillo epaileak epaiketa hasi orduko agindu zuen aurkeztu ez ziren bostak atxilotzeko, eta ertzainak irailaren 22ko arratsean bertan joan ziren Loiolako basilikara. 18:30 aldera iritsi zen polizia Askegunera, eta basilikaren aurrean herri harresia osatu zuten ehunka herritarrek auzipetuak babesteko. Hiru ordu igarota alde egin zuten ertzainek handik bost auzipetuak atxilo hartuta.
“Oso urduri” egon zen Ramirez harresiaren barnean, eta atxiloketak sentimendu kontrajarriak eragin zizkion: “Beste harresi batzuetan parte hartu nuen, baina jendea zu babesten ari dela dakizunean oso bestelakoa da, ez duzulako ingurukoek horregatik min hartzerik nahi. Sentimendu kontrajarriak nituen, atxilotu egin ninduten baina pozik nengoen aldi berean”.
Berrituz joan beharra
Bolinagak herritarren erantzuna oso ona izan zela nabarmendu du, eta gertatuak gertatu, pozik amaitu zutela: “Bagenekien Loiola irisgarritasun aldetik ez zela oso egokia, baina jendetza etorri zen hala ere, ikusgarria izan zen. Askeguneek badute zerbait, elkartasun giro hori kutsatu egiten da”.
Orain arte egin diren antzeko ekintza guztiek izan dute arrakasta bertsua, baina Askeguneak eta herri harresiak tresna gisa berritzen joan beharra dago: “Ezin da dena berdin-berdin errepikatu, dinamika erretzeko arriskua baitago; gauza berriak asmatu beharko dira, eta horretan gabiltza”. Poliki-poliki beste urrats batzuk egiten badira, desobedientzia mota horren balioa iraunarazten asmatuko dutelakoan dago Bolinaga: “Egia da, oraingoz, estatuari ez diola kostu handirik ekartzen, baina esango nuke dohainik ere ez zaiola irteten”.
Iragan den asteartean, hamabi auzipeturen kontrako akusazioa erretiratu zuen fiskalak, tartean, Ramirezen kontrakoa. Gainerako 16 auzipetuentzat, ordea, seina urteko zigor eskaerak mantendu zituzten. “Positiboa iruditu zaigu erabakia, eta alde batetik, pozik gaude; baina aldi berean, sekulako amorrua ematen digu beste 16 lagun akusatuen aulkian gelditu izana. Ez dugu ongi ulertu zergatik utzi gaituzten batzuk prozesutik kanpo, eta beste batzuk, berriz, auzipetuta jarraitzen dute”. 16 gazte horiek sententziaren zain daude orain. Akusazio berdinengatik 40 lagun absolbitu izanak “esperantzarako argi izpi bat” sortzen dio Ramirezi.
Leave a Reply