Fagor Etxetresnak konkurtsoan zeuden duela urtebete; jarduera etenda zegoen kooperatibaren ia lantegi guztietan, eta langileek beltz ikusten zuten etorkizuna. Uztailaren 29az geroztik, ordea, argiago dago dena. Jabez aldatuta, baina aurrera egingo dute Fagor Etxetresnek. Egun horretan, Pedro Malagon epaileak Cata Kataluniako taldearen esku utzi zuen kooperatiba. Adjudikazioa urriaren 31n sinatu zuen Catak, eta 300 langile inguru lanean ari dira dagoeneko. Plana betetzekotan, 700 lanpostutara iritsi behar luke urtebeteko epean.
Bi hautagai nagusi zeuden enpresaren likidazioaren enkantean: Cata (CNA taldeko adarra) eta Aljeriako Cevital. Behin betiko eskaintzan, hala ere, Cevital oso atzean gelditu zen, eta epaileak kataluniarren aldeko hautua egin zuen azkenean. 14 milioi euro eta 200 enplegu ingururen baino gehiagoren aldea zegoen, hain justu. Epaileak alde “nabarmen” hori azpimarratu zuen bere ebazpenean. Catak 42,5 milioi eta 705 enplegu eskaini zituen; Cevitalek, berriz, 28 milioi eta 500 enplegu.
Epailearen arabera, gainera, Catak Basauriko planta erosteko eskaintza egin zuen, eta hori ere kontuan hartu zuen. “Cataren eskaintza zabalagoa da, eta jarduera handiagoa egotea dakar”.
Ikusteko dago Fagor marka zenbateraino kaltetu den enpresa eskualdatzeko prozesuan. Baina, bestelakoan, Catak zamarik gabe jaso du Fagor Etxetresnak; ez dio zorrik ordaindu beharko Ogasunari, Gizarte Segurantzari edo Fogasari, ezta langile ohiek jaso gabe izan ditzaketen kalte-ordain eta soldatak ere. Hori du bere alde.
Epaileak uztailean egin zuen adjudikazioa, baina enpresa eskualdatzeko kontratuaren sinadura espero baino gehiago luzatu zen. CNA taldeak urriaren 30ean sinatu zuen Bartzelonan. Hainbat atzerapen egon ziren sinaduraren aurretik; aurrena, Malagon epaileak berak Catak bere eskaintzan zituen Fagor Etxetresnen zordunen eskubideen inguruan erabaki bat hartu behar izan zuelako; Gizarte Segurantzaren helegite bat ere egon zen tartean, eta epaileak hura atzera botata, “arazo administratiboak” iritsi ziren gero. Atzerapenak atzerapen, urriaz geroztik Kataluniako taldea da Fagor Etxetresnen aktibo gehienen jabe berria. Orain, epaileari uztailean aurkeztutako plana betetzea du erronka. Enpleguari dagokiona, batez ere. Alde horretatik, pixkana ari da martxan jartzen hilabeteetan geldirik egondako lantegiak.
300 langile inguru, lanean
Lehen urtean 705 lanpostu zuzen sortzea espero du Catak. Egun, 300 behargin ari dira lanean Garagartzan (Arrasate), Bergaran eta Eskoriatzan. Horietako gehienak Fagorreko bazkide ohiak dira. Uztailean jabe berriek adierazi zuten “lehentasuna” izango zutela kooperatibistek eta Fagorren ibili diren soldatapekoek, zein Edesakoek eta Grumalekoek. Lehen lau urteetan 840 lanpostu sortzeko konpromisoa hartu zuen azken eskaintzan.
Fagor berriro martxan zela erakusteko, ekitaldi sinboliko bat egin zuten Garagartzan, azaroaren 27an. Egun, 200 labe eta 300 indukzio plaka ekoizten dituzte egunero. Ekitaldi horretan iragarri zuten planta berean garbigailuak ere ekoitziko dituztela aurki. Urtarrilerako hastea aurreikusi zuten. Ekoizpena igo ahala, langile gehiago kontratatuko dituzte. Hozkailuen eta ontzi garbigailuen inguruan galdetuta, esan zuten “goiz” zela ezer adierazteko. Jabe berriek pausoz pauso joan nahi dute, badaezpada. Fagorren bide berrian iaz baino oztopo gutxiago ikusten dira behintzat.
Leave a Reply