Aranzadi elkarteko kide Juantxo Egaña da Arbel beltza erakusketa prestatzen aritu direnetako bat. Haren esanetan, ez da “erraza” izan erakusketarako dokumentuak biltzea, baina “gauza interesgarriak” lortu dituzte “aspaldikoa ez den garai ilun bat” azaltzeko.
Zer erakutsi nahi duzue Arbel beltza. Sasoi ilunak euskal hezkuntzan erakusketaren bidez?
Iruditzen zaigu garrantzitsua dela jendeak jakitea frankismoak euskal hezkuntzan sekulako eragina izan zuela. 1936ko gerraren ondoren, gauza asko gertatu ziren Euskal Herrian: hilketak, erbesteratzeak, kartzelatzeak… Baina, horrez gain, irakaskuntzan aldaketa nabarmena eragin zuen. Batzuetan ez gara gogoratzen edo duen baino garrantzi gutxiago ematen diogu gai horri. Garai hartarako hurbilketa bat egin nahi dugu erakusketaren bidez. Ez ditugu mendeak egin atzera: duela 50 urteko kontuez ari gara.
Erakusketan azaltzen duzuenez, hezkuntza frankismoaren “oinarrizko zutabe” bihurtu zen.
Zalantzarik gabe. Espainiako II. Errepublikarekin batera, hezkuntzan aldaketa handiak ari ziren gertatzen. Aldaketa horiek, ordea, bertan behera gelditu ziren 1936ko gerratik aurrera. Frankistek Elizaren esku utzi zuten hezkuntza, eta balio atzerakoiak jarri zituzten hezkuntzaren erdigunean: falangea, erlijioa, zigorrak, nesken eta mutilen arteko bereizketa handia. Erakusketako hainbat argazkitan begi bistan gelditzen da hori: umeak jangela sozialetan besoa jasota Cara al sol kantatzen, 1948an Saturrarango seminarioan 200dik gora mutiko, neskatoak josten ikasten, guardia zibilak liburuak erretzen…
1936 eta 1942 bitartean zigortutako irakasleei leku berezia egin diezue erakusketan.
Bai, hala da. Gipuzkoan, 140 maisu-maistra inguru zigortu zituzten. Bost fusilatu egin zituzten. Jendeari errealitate hura erakusteaz gain, nolabaiteko omenaldi bat ere egin nahi diegu jazarpena zuzenean bizi izan zutenei.
Asko kostatu zaizue erakusketarako objektuak biltzea?
Ez da batere erraza izan. Ez dago garai hartako hainbeste material. Jende gutxik gordetzen ditu liburuak edo bestelako gauzak. Hala ere, ale politak lortu ditugu. Lehen ikastoletako materiala lortzea errazagoa izan da; koadernoak edo liburuak jasotzen zituzten lagun askorekin egin dugu topo. Elvira Zipitria andereñoak erabiltzen zituen lehen liburuak ere badaude erakusketan.
Frankismo garaiaren aurreko zenbait argazki ere jarri dituzue.
Bai, saiatu gara garai hura ere gogorarazten. XIX. mendeko argazki batzuk lortu ditugu: Bergarako ikastetxe erlijiosokoa edo Donostiako San Bartolome muinoko Mariaren Lagundiaren ikastetxekoak. Beste dokumentu bat ere aipatuko nuke: Errepublika garaiko kartel bat, 1933koa. Honela dio: “Zure seme pobrea unibertsitatera joatea nahi baduzu, bozkatu estatutuaren alde”.
Leave a Reply