Hamar urte daramatza gurpil aulkian Florentino Aranburuk (Donostia, 1932), esklerosi anizkoitza diagnostikatu eta oinez ibiltzeko arazoak larrituz hasi zitzaizkionetik. Denbora horretan lagun asko egin ditu Ademgi elkartean.
Noiz diagnostikatu zizuten gaixotasuna?
Berandu. Niri diagnostikatu zidaten esklerosi anizkoitza bigarren mailakoa da. Progresiboa. Gaixotasun honek normalean gazteei erasotzen die, baina nire kasuan adinez oso nagusia nintzen. 60 urterekin hasi nintzen gaizki sentitzen, eta erretiroa hartu nuen. Arazo txiki batzuk hasi zitzaizkidan agertzen, baina gutxika-gutxika arazo horiek haziz joan ziren. Aurreneko minak ezkerreko eskuan nabaritu nituen, zerbait arraroa, eta orduan hasi zitzaizkidan medikuak frogak egiten. Handik gutxira hasi nintzen hankako arazoekin.
Ordura arte min handirik nabaritu al zenuen noizbait?
Ordura arte ia egunero ateratzen nintzen kalera paseatzera. Asko gustatzen zitzaidan. Baina aurreneko minekin egun batzuez gelditu egin behar izaten nuen. Egun gutxiko atsedena hartu, eta mina joaten zenean, normal-normal ateratzen nintzen kalera. Baina arazoak gehituz joan ziren, eta nik ere gero eta baldarrago ikusten nuen neure burua. Frogak egin zizkidaten, baina ez zidaten ezer berezirik aurkitu, ez baita ohikoa adin horretan gaixotasun hau diagnostikatzea. Neurologoarengana ere joan nintzen, baina era guztietako frogak egin arren ez zuten bete-betean asmatzen. Baina apurka-apurka hasi ziren susmatzen, nire hanketako arazoak ere larrituz joan zirelako. Leku asko bisitatu nituen, eta, azkenerako, ia egun berean, bai Iruñean eta bai Donostian, esklerosia diagnostikatu zidaten, duela hamabi bat urte. Hezur-muina atera eta azken frogak egin ostean, diagnostikoa baieztatu zuten.
Zenbat urte daramatzazu gurpil aulkian?
Hamar bat. Hasieran, bastoiaren laguntzarekin hasi nintzen ibiltzen. Gero, makuluarekin, eta, azkenik, gurpil aulkian eseri ninduten. Badut beste bat, motorduna, baina hori ez dut elkartera ekartzen, astunegia baita anbulantziara igotzeko. Etxean, berriz, pertsonentzako garabi bat daukat, eta harekin altxatzen naute ohera zein komunera.
Zer aurkitu duzu Ademgi elkartean?
Neurologoak aholkatu zidan etortzeko, duela zortzi bat urte, eta oso gustura etortzen naiz. Oso lantalde jatorra da, oso ondo zaintzen zaituzte bertan. Gainera, gaixotasun bera duen jendea ezagutu dut. Batzuk joan egin dira, beste batzuk etorri, baina lagunak ezagutu eta gustura etortzen zara.
Zer-nolako zerbitzuak eskaintzen dizkizu elkarteak?
Errehabilitazio ariketak egitera etortzen naiz. Masajeak ematen dizkidate belaunetan, artikulazioa hobetzeko, eta eskuarekin ere egiten ditut ariketak. Astean behin, gainera, psikologoarekin ere egoten naiz. Lagungarria da burua ondo mantendu eta animoa ez galtzeko.
Bestelako jardueretan parte hartzen duzu?
Igerilekura ez naiz joaten; baldar ikusten dut neure burua. Baina pintura tailerra gustuko dut. Ostiralero joaten naiz margotzera elkarteko lagunekin.
Leave a Reply