Erritmo biziarekin ekingo dio Berri Txarrak taldeak Denbora da poligrafo bakarra disko berriaren aurkezpen birari. Lau kontzertu, lau egunetan. Guztiak Donostian, Intxaurrondoko kultur etxean. Eta sarrerak amaituta daude aspalditik, baita urtarrilaren 29an Atarrabian (Nafarroa) izango denerako ere. Kontzertu sortaren aurrenekoa gaur bertan egingo du talde nafarrak, 21:00etan hasita.
Lekunberriko taldearen azken lanak harrera beroa izan du zaleen artean, eta musika kritikarien txaloak jaso ditu, Euskal Herrian zein atzerrian. Nazioartean, hain zuzen ere, urtarrilaren amaieran ikusiko du argia Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitzak, eta dagoeneko atzerriko hainbat hiritan jotzeko tokiak eta egunak lotuak ditu taldeak: Bordele, Paris, Madril, Bartzelona, Frankfurt, Berlin, Hanburgo…
Disko bat, ekoizle bat
Berri Txarrak taldearen diskografia osatzen duen zortzigarren lana da Denbora da poligrafo bakarra —tartean daude Zertarako amestu zuzeneko DVDa eta Denak ez du balio bilduma lana—, Only in Dreams zigiluak joan den azaroan kaleratutakoa. Harian diskoaren eta BTX 20 urte bira arrakastatsuaren ondotik dator azken lana, Los Angeles eta Madrilgo estudioetan grabatua izan dena. Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre hirukoteak 2014ko udaberrian jo zuen Ameriketako Estatu Batuetara, bertan Ross Robinson ekoizle ospetsuarekin lan egitera. Robinson, besteak beste, Sepultura, The Cure edo eta Slipknot taldeekin batera lan egindakoa da. Elkarlana, baina, zabalagoa izan da. Madrilen, esaterako, Ricky Falkner Love of Lesbian eta Sidonie-ko ekoizlearen gidaritzapean jardun zuen hirukoteak, eta laneko hirugarren diskorako Bill Stevensonekin (All, Descendents). Disko bat, ekoizle bat. Emaitza, hogei kantuko disko hirukoitza. Batzuk erritmo elektrikoagoarekin, beste batzuk, berriz, pop ukitu nabariagoarekin.
Zortzigarren lanarekin, 101 dira talde nafarrak idatzi eta grabatutako abestiak. Ezagun egin diren horietako asko entzungo dira gaurtik astelehenera bitarte Intxaurrondoko Kultur Etxean.
Gaur, 21:00ean, Intxaurrondoko Kultur Etxean.
Leave a Reply