“Artea eta askatasuna edozein intolerantzia baino indartsuagoak izango dira”. Cartooning for peace egitasmoa babesten duten marrazkilarienak dira hitzok, Charlie Hebdo aldizkariko langileei babesa erakusterakoan egindakoak. Adierazteko askatasunak bildu zituen marrazkilariok bederatzi urte atzera erakusketa ibiltarian, eta gaurkotasunik batere galdu ez duen aldarriaren trazoak Errenterian dira orain. Hain justu, Charlie Hebdo-ko Willem marrazkilariaren lanak daude, besteak beste.
Adierazpen askatasunaren eta, oro har, giza eskubideen inguruko ilustrazioak biltzen ditu erakusketak. Ikusgarri bezain adierazgarriak; haurren eskubideen ataleko hau, kasurako: “Mugi zaitezte, haurrok! Gerra gure zain dago!”, oihukatzen diete kamioi gainetik soldaduek gudarako trajez eta soinean motxila jantzita daramaten umeei. Orotara, nazioarteko 130 prentsa marrazkilariren lanak jaso dituzte; jorratutako eremuak, berriz, askotarikoak dira: arrazakeria, zentsura, Ekialde Hurbileko gatazka, erlijioak, haurren eskubideak gerra garaian, Internetek duen eginkizuna… 22 panel guztira, euskaraz nahiz gazteleraz.
Danimarkako aldizkari baten argitalpenak izan ziren egitasmoaren sorburu. Jyllands-Posten-ek Mahomaren karikaturak plazaratzeak protesta ugari eragin zituen 2005eko irailean, eta urtebete geroago, giza eskubideen gaiari eutsi zioten Annanek eta Jean Plantureux Plantuc Le Monde egunkariko marrazkilariak, Cartooning for peace ekinbidearen bidez.
Plantucek, hain justu, marrazkien bitartez erantzun die egunotan Parisko erasoei: “Askatasuna beti izango da indartsuena”, zioen joan den ostiraleko Le Monde-n argitaratutako ilustrazioan. Irudian, berriz, herritarrak ziren protagonista, besoak altxatuta arkatzak eskuan zituztela.
2005ean bezala, adierazpen askatasunaren mugei buruzko eztabaidak indarra hartu du orain. “Marrazkilari haiei bezala, guri ere gai horiek hausnarketarako aukera ezin hobea ematen digute”, dio Marina Bidarsoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak, Charlie Hebdo-n gertatutakoa gogoan.
Mundu osoko erakusketa geletan izan dira bakearen marrazkiak. Iaz, Donostiara iritsi zen erakusketa, eta apirila bitarte Gipuzkoako zenbait herritan bisitatzeko aukera izango da. Errenteriak hartu du orain. Julen Mendoza alkateak nabarmendu duenez, “interesgarria” egin zitzaien aldunditik iritsitako proposamena; gainera, “ikuspegi kritiko batetik, momentu egokian” heldu dela iritzi dio. “Arriskua” ikusten du eskubideen arloan izandako urraketak ahaztuak izateko, eta, horregatik, ezinbestekoa deritzo hurrengo belaunaldiei transmititzeari.
Leave a Reply