“Edateko erraza eta gorputz ederrekoa da aurtengoa”

Sei urte daramatza Santarba txakolindegiko Jose Inazio Manterolak (Zarautz, 1950) Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente lanetan. Iazko uzta urriaren ostean, aurtengoari “irribarrez” begiratzen dio; eguraldia lagun, “mahats asko eta kalitate onekoa” jaso dutela aitortu du.

Bihar, San Anton egunez, uzta berria aurkeztuko duzue Getarian. Zer moduzkoa da?

Aurtengoa 25. uzta izango da. Aurreko urtea oso eskasa izan zen, kazkabarrarekin asko galdu baitzen. Ondorioz, urte gogorra pasatu dugu, baina aurten udaberri goxoa izan dugu, eta horrek garrantzi handia izaten du mahats kopurua zenbatekoa izango den jakiteko. Uda nahiko txepel joan da, euri asko ez baina sarri bota baitu. Dena dela, arazo handirik ez digu eman, eta, gainera, udazkena zoragarria izan da. Oso uzta ona jaso dugu, eguraldi onari esker. Edateko erraza eta gorputz ederrekoa da aurtengo txakolina. Getariako txakolinak izan behar duen bezalakoa da: oso ona.

Balorazioa positiboa da, beraz.

Aurten bai, pozik gaude. Iazko aurpegiak eta oraingoak oso ezberdinak dira.

Zeintzuk dira Getariako txakolinaren ezaugarriak? Zer ezaugarri komun dute jatorri izeneko txakolindegien produktuek?

Getariako txakolina Hondarribi mahats barietatearekin egiten da gutxienez % 95ean, eta gehienbat txakolin zuria egiten da. Badira probatzeko egiten diren beste txakolin mota batzuk ere, baina upategi baten ekoizpenaren %20 baino gutxiago izaten dira. Hondarribi mahatsak ematen dio Getariako txakolinari ezaugarri komuna, mahats berezi horren zaporea ematen baitio.

Zenbat upategi biltzen dira jatorri izenaren barruan?

Une honetan 29 txakolindegi gara. Sor-marka sortu zenean, Aian, Zarautzen eta Getarian zeuden guztiak, baina denborarekin, Gipuzkoan upategiak sortzen joan dira, eta guztiak Getariako sor-markaren barruan sartu dira. Oraindik ere gehienak Getarian [12] eta Zarautzen [7] daude, baina ekoizpena lurralde osora zabaldu da: Aian bi upategi daude, eta Alkizan, Arrasaten, Deban, Hondarribian, Mutrikun, Oñatin, Olaberrian eta Orion, berriz, bana.

Ustekaberik ezean, bihar Getarian 29 txakolindegiak egongo dira. Gerta liteke norbaitek azken orduko arazoren bat izatea, baina, printzipioz, guztiek parte hartuko dutela hitzeman dute. Gainera, upategi denak, nolabait, behartuta daude euren produktuak eskaintzera, eta bakoitzak hamabi botilako seina kaxa ekartzen ditu egun horretarako. Guztiok nahi izaten dugu gure produktuak jendaurrean erakutsi, merkatuan bizirik gaudela esateko.

Zeintzuk dira Getariako Txakolina jatorri izenaren presidentearen betebeharrak?

Gauza berezi askorik ez; ni naiz lehendakaria, baina sei kidek osatzen dugu batzordea, eta denon artean hartzen ditugu erabakiak. Presidentearena figura sinboliko bat da. Norbait behar izaten da paperak sinatzeko, baina erabakiak talde lanean hartzen dira.

Sor-marka sortu zenetik 25 urte bete dira duela gutxi. Ibilbidea nolakoa izan da?

25 urteko bideak ez du oso luzea ematen, baina gauzak izugarri aldatu dira tarte horretan. Gaur oraindik txikiak gara, baina garai hartan askoz txikiagoak ginen. Mende laurden honetan, upategi kopuruak gora egin du, baita ekoizten den txakolin kantitateak ere. Merkatua bera ere asko hazi da: lehen, 50.000-60.000 botila ateratzen genituen urtean; orain, aldiz, hiru milioitik pasatu egin gara. Lan asko egin dugu, eta lortutako aldaketa guztiak onerako izan dira.

Azkenaldian ardo zuria modan omen dago. Txakolina ere bai?

Egia da ardo zuriaren merkatua asko zabaltzen ari dela, beltzaren eta gorriaren beherakadarekin batera. Badirudi jendeak errazago edaten duela, eta txakolinak ere bide horretatik jo behar du.

Txakolinaren salmentei ongi eusten al diezue?

Ondo saltzen da, bai, krisiak ez baitu gutxiago saltzerik ekarri. Ez dira garai errazak, baina lehengo kantitate berberak ongi saltzen dira orain ere. Akatsa edo kale egiten duena zera da, lehengo aldean asko ekoizten dela. Gure sektorearen hazkundea eta krisia une berean iritsi dira: produkzioak asko egin du gora, upategi gehiago baitaude. Oraingoz, egoera onean gaude, baina, aurrera begira, merkatu berriak aurkitu beharko ditugu salmentak igotzeko.

Atzerrian gero eta gehiago saltzen duzue. Zeintzuk dira erosle nagusiak?

Gipuzkoan bertan saltzen da txakolinaren ekoizpenaren %75-80 inguru. Atzerrira begira, AEBak dira kontsumitzaile nagusia, baina Frantzian, Ingalaterran, Japonian, Txilen eta Argentinan ere erosten dute txakolina. Kantitate txikietan bidaltzen da, hasiberriak izanik zaila baita epe laburrean asko saltzea. Gainera, esportazioaren kostuak altuak dira, eta bidean asko garestitzen da. Dena dela, aurten iaz baino %7 gehiago saldu da; beraz, ez dago gaizki.

Zeintzuk dira Getariako Txakolina jatorri izenaren erronkak?

Une honetan, 400 hektarea inguru mahasti dauzkagu jarrita, eta produkzioan sartzeko beste 30-40 hektarea falta dira; jarrita daude, baina oraindik ez da mahatsa biltzen. Horiek guztiak ongi ekoizten hastea da daukagun erronka nagusia, eta mahats horrekin guztiarekin egindako txakolin guztia saltzeko gai ote garen ikustea. Horren arabera pentsatuko genuke aurrera begira zer egin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.