Botila makurtzeari utzi, eta ziritik tiratzen hasi. Iritsi da urteroko erritualari eusteko garaia sagardozaleentzat. Aste Santura bitarte, sagardotegirako buelta egingo dute milaka lagunek; batzuek egina izango dute, Gipuzkoan hasi baita txotx garaia. Hernani eta Astigarraga inguruetan autobusen joan-etorria nabarmen areagotuko da hilabeteotan; baina paraje horietan ez ezik, lurraldeko beste hainbat txoko ere sagardozalez beteko dira, ohi bezala.
Goierrin, esaterako, “betidanik izan da tradizioa”. Zeraingo Oiharte sagardotegiko Haritz Egurenek urteak daramatza, sagardoarekin batera, bisitariak zaintzen. Atzoz geroztik, gainera, ohi baino lan gehiagorekin. Kupelak eta jantokiak prest izan aurreko lanak amaituta, hasiera eman berri diote eskualdeko sagardo garaiari. Modu berezian, gainera: lehen aldiz, Goitur Goierriko turismo agentziako bazkide diren sagardotegiek elkarrekin ekin diote sasoiari, Altzagako Olagi sagardotegian.
“Oso garrantzitsua” izan ohi da txotx garaia ekoizleentzat. Gustura agertu dira orain arte egindakoarekin; garaia bukatu arte, ordea, ezin jakin nola joan den: “Guk gauza bat edo beste esan arren, bezeroek jartzen dute nota txotx garaia hasten denean”. Oiharten, esaterako, kantitateari baino gehiago, “berezitasunak” eskaintzeari jartzen diote arreta. Etxean egiten dute sagardoa, bertako sagarrarekin; hiru aldaera dituzte: ohikoa, eusko labela eta ekologikoa.
Asteburuko gorabeherak
Gainerako sagardotegietan bezala, asteburuan pilatu ohi zaie eskualdean jende gehien; astean zehar ere mugimendua dabil, hala ere: urteurrenak direla, enpresa afariak… Inguruko herrietatik doazenentzat, autobusak dituzte eskura. Zerainen dauden bi sagardotegietara joateko, esaterako, bi linea dituzte: bata Legazpitik ateratzen da; bestea, Ordiziatik: “Garaia puri-purian dagoenean, linea gehiago jartzen dira, beharren arabera”.
Egurenek dioenez, ohitura betidanik egon arren “gero eta izen handiagoa hartzen ari da sagardoa Goierrin”. Argi du izena eurek “irabazi” behar dutela, ongi lan eginez. “Kanpotik batez ere Astigarraga-Hernani inguruak du entzutea, baina hemen ere afizio handia egon da, eta badago orain ere. Garai batean, Gipuzkoako sagardotegi handienetariko bat Ordizian zegoen”.
Inguruko herritarrak ez ezik, urrutiagokoak ere biltzen dira Oiharten, sagardotegiarekin batera landetxea baitute. Egurenek dioenez, bisitari askok “sorpresa” hartzen dute sagardotegia ikustean, eta, denbora izanez gero, upeltegitik bueltatxoa egiten dute.
Azpeitiko Añotan ere ohi baino jende gehiago dabil ziritik tiraka. Joan den ostiralean hasi zuten sasoia, eta “sagardo berria” izan arren, gustura hartu dute lehen bisitariek, Luis Beloki sagardotegiko arduradunak dioenez. Udazken “epela” tarteko, aurreneko sagarrak aurreratu zitzaizkien; hiru bat aste lehenago hasi ziren sagarrak biltzen.
Eskualdeko sagardozale ugari han bildu ohi dira; aurten, ordea, Beloki ez da horren baikorra: “Urola eskualdean fabrika asko itxi dituzte azkenaldian; triste dago, eta hori nabaritu egiten da”. Eskualdetik kanpokoak ere joan ohi dira, herritik gertu halakorik ez dutela eta: “Bergaratik, Arrasatetik…”.
Guztira 12 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte Gipuzkoan 2014an, sagardogileen elkarteak emandako datuen arabera. Azaldu dutenez, “espero baino %20 sagar gutxiago egon da Gipuzkoan orokorrean”.
Dena den, inguruaren arabera egoera aldatu da: “Badira sagar asko izan diren zonaldeak, kostaldea adibidez, eta Goierriko zenbait leku, baina baita gutxiago izan den lekuak ere, Oiartzun ingurua eta Tolosaldea, Goierri eta Beterriko zenbait sagasti adibidez”.
Elkartearen arabera, %45 izan da bertako sagarra iazko uztan, orokorrean “oso sagar sanoa”. Aurreko urteko uztarekin alderatuta, “askoz ere sagar gehiago” izan da Gipuzkoan; sagarraren ezaugarriei begiratuta, berriz, “suabeagoa” izan da.
Leave a Reply