Opera eta balleta, bereizmen handian, Gipuzkoako zinemetan

Frantziako Iraultzan girotuta, drama historikoak eta giza tragediak zipriztintzen dute Andrea Chenierren maitasun istorioa. Poeta frantsesa du protagonista Umberto Giordano musikagilearen obrak (1867-1948). Opera eran iritsiko da Gipuzkoako hainbat zinematara, eta teknologia digital berritzailearenari esker, Londresko Royal Opera House antzoki entzutetsuan baleude bezala gozatu ahal izango dute ikusleek emanaldia.

Donostiako Principe zineman eta Errenteriako Niessenen ikusi ahal izango da urtarrilaren 29an; baita Beasaingo Usurben ere. Estreinako aldia da Goierrin, gisa honetan, zuzeneko emanaldi bat egingo dena. Hain justu ere, Ordiziako eta Beasaingo udaletako kultura sailek elkarlanean antolatzen duten Antzerki Garaia egitasmoan aurtengo prestatu duten berrikuntza izango da: opera eta ballet emanaldiak eskainiko dituzte zuzenean. “Irudiak duen bereizmen handiak eta soinuaren kalitateak Londresko antzokian bezala sentitzeko aukera emango dute”, dio Mari Karmen Murua Ordiziako udal teknikariak.

2015erako prestatu duten egitarauaren barruan, sei lan ikusi ahal izango dira Goierrin. Andrea Chénier ikuskizunaz gain, Wagnerren Holandar alderraia, Txaikovskiren Beltxargen aintzira eta Giacomo Pucciniren La bohème, adibidez.

Eskaintza zabaltzen

2014an opera lanen proiekzioak egin dira Goierrin. Ordizian, esate baterako, Madama Butterfly opera eskaini zuten, baita Amor, vida de mi vida zarzuela ere. Aretoak betetzera iritsi ez baziren ere, ikusi dute antzerki musikatuak badituela jarraitzaileak. Horregatik, kalitatean pauso bat aurrera eman eta eskaintza zabaltzea erabaki dute. “Ez da jende gehien biltzen duen eskaintza, baina gure egitekoa da kultur eskaintza ahalik eta zabalena egitea”, dio Muruak.

Version Digital enpresa arduratzen da antzokien eta Royal Opera Housen arteko bitartekaritzaz. Teknologia berriei esker, zinema aretoei zukua ateratzeko moduak gero eta gehiago arakatzen ari dira; ohiko eskaintza tradizionalaren gainbeherari aurre egiteko sortu dira, batez ere, eskaintza berriak: futbol partidak bereizmen handian, musika taldeen aurkezpenak… Eskaintza berritzaile horien barnean daude ballet eta opera emanaldien zuzeneko saioak ere.

Bitartekari enpresarekin udalek sinatu duten hitzarmenean beharrezkoa zen gutxienez sei emanaldi egitea, eta horregatik erabaki zuten Ordiziak eta Beasainek batera egitea. Antzokietan seinalea jaso ahal izateko, antena eta deskodegailua jarri dituzte. Txandaka, hilabetero izango da emanaldi bakoitza, urtarrilean hasi eta ekainera bitarte; hiruna herri bakoitzean.

Goierriko antzokietara opera eta ballet emanaldiak ekarrita, teknikaria ziur da zale gehiago izango direla: “Askotan aurreiritziak ditugu ikuskizun hauen inguruan, gutxi batzuentzat direla pentsatzen dugu, baina behin animatuz gero, askorentzat gozagarriak egiten dira”. Aukeratu dituzten lanetako hainbat, gainera, klasiko handiak dira. Ordizian ikusi ahal izango den lehena Wagnerren Holandar alderraia izango da, otsailaren 24an. Wagnerren lehen maisulan horrek kondena eta luditzeen gaia aztertzen du: bere burua betiko itsasoan nabigatzera behartuta ikusiko duen itsas kapitaina du protagonista.

Guztientzako artea

Eskaintzak izaten duen harreraren arabera aztertuko dute saio gehiago ematen jarraitu ala ez. Gaur-gaurkoz udaletako kultura sailak “pausoak emateko prest” daude. Helburua da opera nahiz balleta ahalik eta ikusle talde gehienengana eramatea.

Ainhoa Garmendia ordiziar sopranoak azaldu berri duenez, “okerra da opera elitista dela pentsatzea, gaur egungo joeretara asko egokitu delako”. Gutxi batzuentzako eskaintza gisa hartu beharrean, publiko zabalarengana eramatean ahalegina egin behar dela iritzi dio: “Ahaztuta geratu bada ere, opera ezin ulertu daiteke herri kanturik gabe, herritarren artean sortutako generoa delako”. Gero eta gehiago dira opera eta balleta herritarrengana gerturatzeko egitasmoak martxan jartzen ari direnak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.