Helduen euskalduntzean, bi urtean doakotasuna helburu

Euskara Zuzendaritzarentzat helduen euskalduntzea ezinbesteko zutabea da hizkuntza normalizazioan, eta, ildo horretan, hainbat urrats egin ditu, betiere helburu batekin: bi urtean helduen euskalduntzea doakoa izatea. Helduen euskalduntzea, ordea, ez da aldundiaren eskumena, udalena baizik, eta horretarako aldundiak 400.000 euro eman zizkien udalei 2013an eta 2014an. Udalek 4,5 milioi euro jarri dituzte udal euskaltegietarako, eta beste milioi bat euro, herritarrei euskara ikasteko diru laguntza emateko.

Ahalegin ekonomiko horrek izan du emaitza, eta herenegun foru aldundiko, udaletako eta udal euskaltegietako arduradunek agerraldia egin zuten Gipuzkoako datu onak nabarmentzeko. Izan ere, bi urtetan mila ikasle gehiago matrikulatu dira udal euskaltegietan, eta 7.198 ikasletik 8.285 ikaslera iritsi dira.

“Udalei beti eman zaie laguntza euskara sustatzeko, baina laguntza orokorra zen, udalen euskara plana sustatzen zen; eta guk zehaztu egin genuen partida helduen euskalduntzerako zela. Orduan, matrikulazioa diruz laguntzeko 400.000 jarri genituen”, azaldu du Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendariak.

Orain, ordea, beste pauso bat eman nahi dute. Udal bakoitzak bere irizpideak ezartzen ditu diru laguntzak banatzeko, eta irizpide horiek bateratzea dute xede, diru laguntza eskuratzea errazago eginez, eta, ahal dela, herritarrak diru laguntza lortu aurretik ordaindu beharrik izan ez dezan, “askotan horrek botatzen baititu atzera”.

Etxeburuak dioenez, Gipuzkoan hainbat udalek lortu dute helduen euskalduntzea doan eskaintzea, eta euren xedea bi urteren buruan Gipuzkoa osoan gauza bera lortzea da. Asteazkenean, bide horretan urratsak egiteko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. “Doakotasunera jo behar da. Formula asmatu beharko da, baina herritarrak eskubidea izan behar du herri honetako berezko hizkuntza ikasteko, ordaindu gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.