Artistak bat datoz: ez dute elkar ezagutzen. Donostiako Aquariumean elkartu dira haietako batzuk, astegun arratsaldez; bizpahiru laguneko taldetan, batean eta bestean hizketan dabiltza. Gehien batzen dituena dute inguruan: artea. Artea forma eta modu ezberdinetan. Margolanak daude, eskulturak, lan abstraktuak zein figuratiboak. Eurenak dira; 28 guztira. Gipuzkoako arte garaikidearen erakusle eta bilgune bilakatu da egunotan Aquariumeko erakusketa aretoa. Sakabanatua elkartu eta artea hedatu bilduma martxoaren 1era arte egongo da ikusgai.
Erakusketara bere obra eraman duen sortzailerik gazteena da Cristina Guerrero (Donostia, 1979). “Ideia bikaina” izan da harentzat arlo ugaritako artistak batzea, Gipuzkoan uneotan egiten dena “ikusi eta erakutsi” ahal izateko. Gainera, ohi ez bezala, bere lana sorterrian aurkezteko aukera eman dio, normalean atzerrian lan egiten baitu: “Inguruan ezezaguna naiz ia. Ez dakit zergatik; agian egiten dudan obra mota hobeto egokitzen da kanpoan. Gustuen arabera doala uste dut, baita horrela suertatu zaidalako ere, dudarik gabe”.
Batik bat Alemanian aurkezten ditu bere margolanak: Hannoverren izan berri da, eta Frankfurt izango du hurrengo geltoki. Azken bildumako lan bat aukeratu du, hain justu, Donostiako erakusketarako: Bikini-bank. Aurrerantzean ere, bide beretik jarraituz gero gustura segituko du lanean; hala ere, onartu du bere herrialdean “aitortua” izatea gustatuko litzaiokeela.
Bakarrik aurkezten ibilia da Ricardo Ugarte eskultorea (Pasaia, 1942), baina bilduma kolektiboetan parte hartzen du azkenaldian. Itsasoko unibertsoa landu izan du beti bere obraren bitartez, eta urarekin lotura duen eskultura bat aukeratu du oraingoan ere: Gazteluek egindako branka. Aurretik sortutako lanak aurkezten dabilen arren, eskuak eta burua ez ditu geldirik: “Artistak beti gabiltza sortzen”. Idazteari ekin dio azkenaldian; iaz, 50 urte bete ziren soldaduskan Afrikan egon zenetik, eta orduko istorioak kontatzen ari da orain.
Sortzez urarekin loturarik eduki ez arren, “Aquariumarekin hartu-emana” duen lan bat hautatu du Koldobika Jauregik (Alkiza, 1959) bildumarako: Meditazioa. Ibilbide luzeko eskultorea da, eta kasu honetan, paretara zintzilikatutako obra bat aurkeztu du, espazioak baldintzatuta.
Etorkizunari begira
Artistak eta plazak badira egun Gipuzkoan; etorkizunari, ordea, begi ezberdinetatik begiratzen diote hiru artistek. Guerrerok zalantzan jarri du berak ikasi eta landutakoak jarraipenik izango ote duen: “Beharbada oker nabil, baina nire belaunaldiko artistak badauden bezala, ez dakit hurrengo belaunaldikoak egongo diren”. Teknologia aipatu du horretarako arrazoi gisa. Dioenez, estilo “oso klasikoa” jorratzen du, tradizionala, eta, gainera, ikasketa prozesu zabala du atzetik: “Teknika bat ikasi behar da, urte askoz”. Dena den, onartu du bera margolaria izanda ere teknologia baliatzen duela obrak sortzeko. Argazkilaritzarekin eta bideoarekin lan egitea ere gustuko du, esaterako.
Lekuko faltarik ez du sumatzen Ugartek. Haren ustetan, eskulturan “lan oso ona” egiten ari diren artistak daude egun, eta ziurtatuta dago horien jarraipena. Horrekin batera, hainbat artistak sortze prozesutik kanpo egiten duten lana nabarmendu du: “Oso garrantzitsua da ekitaldien antolaketan egiten duten ahalegina”.
Ugarterentzat bezala ere, Jauregirentzat ere egoera “ona” da sortzaileen aldetik; ekonomikoki, baina, bestelakoa da panorama. Haren iritziz, akaso oraingoa da “inoiz egon den” egoera ekonomikorik txarrena: “Orain dela zazpi urte, adibidez, asko ziren ez arte eta ez ezer egiten ez zutenak, baina dirua mugitzen zen, eta bazegoen interes bat. Egoera honek balio izan du galbahetzeko, nolabait”. Jauregik gaineratu duenez, erakundeek ere laguntzak moztu dituzte, eta “asko artista instituzionalistak ziren”.
Egun, sortutakoari irtenbidea ematea zail ikusten du Jauregik. Dioenez, ez dago eroslerik, eta egiten duen lana gehienbat atzerrirako izaten da: Frantziarako, Ingalaterrarako… “Eroslerik ez badago, artistak nondik atera behar du bizitzeko?”.
Erosleak ez egotearekin batera, tailerrak ixtea izan da “akatsik handiena” Jauregirentzat: “Artelekuk gutxi baldin bazituen, orain ez dago ezer. Asko betirako itxi dira, eta segur aski zenbait teknika ez ditugu aurrerantzean ikusiko”. Zailtasunak zailtasun, “itxaropenez” begiratzen dio etorkizunari: “Artearen mundua beti horrelakoa izan da”.
Leave a Reply