Maite Alustiza
Sagardo garaia hasi aurretik, uzta berria dastatzen emateko, Sagardo Apurua egin ohi zuten sagardogileek garai batean. Donostian, txotx garaia hasi aurreko egunetan dira, eta, berotzen hasteko, XVI. mendeko dolare baserri bat jarriko dute Bulebarrean. Igandetik ostegunera arte, Sagardo Apurua antolatu du Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, beste hainbat eragilerekin batera. Sagardoaren kultura jendeari zabaldu nahi diote, garai bateko ohiturak eta egungo joerak azaldu. Ekitaldi ugari izango dira: dastatzeak, lehiaketak, tailerrak, erakustaldiak… Gainera, 2016ko uzta aurkeztuko dute.
Baserri sagardotegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita. Egunero, zurrukutuna eta garai bateko pintxo bereziak dastatzeko aukera izango da, Diametro 200 eta Irizar eskolaren eskutik. Horretaz aparte, bertako produktuen merkatu bat jarriko dute baserrian bertan.
Sagardo Apuruak hirugarren aldia du, baina, lehen aldiz, pintxo lehiaketa egingo dute Donostiako ostalariek, astelehenean. Aditu talde batek dastatu eta epaituko ditu, eta pintxo horiek jateko aukera izango da jarraian.
Herritarrek festan parte har dezaten, familientzako eta, oro har, herritarrentzako herri kirol desafioa prestatu dute. Hainbat joko eta probatan jardungo dute parte hartzaileek, eta Hegalak kirol zentroak egingo ditu dinamizazio lanak. Izena emateko, telefono zenbaki honetara deitu behar da: 943-33 68 11.
Asteazkenean, gai tematiko bat landuko dute egun osoan: sagardoa eta itsasoaren kultura. Besteak beste, Albaola Itsas Faktoriak San Juan baleontziaren pieza bat zuzenean landuko du. Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barnean, XVI. mendeko San Juan baleontzia berreraikitzen dihardute Albaolan, Pasaian.
Astigarragan eta Irunen
Donostian ez ezik, Astigarragako Sagardoetxean ere garai bateko usadioetan jarriko dute arreta. Bihartik abenduaren 11ra arte, hainbat ekintza egingo dituzte. Egun horietan guztietan, Barrikotea gaztainekin dastatze berezia egongo da. Antzina, sagardotegiko lanak bukatu ondoren, barrika muztioarekin betetzen zuten sagardogileek, eta, bi aste geroago, festa egiten zuten bizilagunekin. Horretaz gain, abenduaren 5ean, 18:30ean, Gabonetako pinua sagarrekin eta kandelekin apaindu ahal izango dute bisitariek. Sagardoetxearen webgunean daude eskuragarri ordutegiak eta prezioak.
Irungo Ficoba erakustazokan, familientzako Sagarren tailerra antolatu dute, abenduaren 6tik 8ra. Sagardoetxearekin batera, Igartubeiti baserri museoak, D’Elikatuz zentroak, Gaztaren Interpretazio Zentroak, Txakolinguneak eta Vila-Lucia Ardoaren Gune Tematikoak antolatu dute jarduera.
Leave a Reply