Azpeitia. Dakitenek euskaraz egiten dute

E.G.L.

Herri handien artean euskaldunena da Azpeitia, ezagutzan zein erabileran beherantz joan arren. Euskaldunen kopurua %87,8tik %83,6ra jaitsi zen 2001etik 2011ra. Lehen hizkuntza gisa 6,2koa izan zen jaitsiera (%75,8an dago), eta etxeko lehen hizkuntza gisa, 7,8 puntukoa (%69an dago). Dena den, euskararen uharte moduko bat da Azpeitia; eta ezagutza zein erabilera datuak, altuak ez ezik, oso parekoak dira. 2011n egindako neurketaren arabera, kaleko elkarrizketen %81,9 euskaraz dira, eta horrek esan nahi du ezagutzaren eta kaleko erabileraren arteko aldea bi puntu baino txikiagoa dela.

Datu horien atzean “herritarrek hizkuntzarekiko duten fideltasuna” dagoela azaldu du Eneritz Albizu Uemako teknikariak. “Euskaraz dakiten ia-ia guztiek hitz egiten dute euskaraz kalean. Azpeitian gizarte arau moduko bat da kalean euskaraz egitea, eta arau horrek denon jokabidean eragiten du. Euskaraz egitea ondo ikusita dago, hori da normalena, eta gazteleraz aritzea da normaletik ateratzen dena”.

Kaleko erabileran ez bezala, administrazioarekiko harremanetan badu arazorik Azpeitiak. “Osasun arloan, adibidez, bi pediatretako bat erdalduna da, familia mediku erdaldunak ere badira, eta larrialdietan bat edo bi bakarrik dira euskaldunak. Ueman erakundeen arduraz hitz egiten dugunean, askotan udalei egiten diegu erreferentzia, baina herri bati zerbitzua eskaintzen dioten administrazioak bat baino gehiago dira. Horregatik, guk administrazio guztiei eskatzen diegu esfortzu handiagoa egiteko, batez ere gune euskaldunetan, arnasguneetan, euskara berma dadin, zerbitzu guztietan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.