Maite Alustiza
Garapen sozioekonomikoa da Hernaniko Udalaren apustuetako bat. Soziala eta ekonomikoa elkar eraginean jartzeko, proiektu bat dauka martxan Gabriel Zelaia eremuan. Bi eraikin dituzte inguru horretan: batean, tokiko garapeneko zerbitzuak daude; eta bestea Emakumeen Etxea izango da hilabete batzuen buruan. “Bien artean sortuko diren sinergiak eta inguruko espazioak emango dituen aukerak apustu garrantzitsua dira”, azaldu du Luis Intxauspe alkateak.
Tokiko garapenerako espazioan baliabide ugari dituzte: hor daude enplegu zerbitzua, lanerako orientazio eta ekintzailetza zerbitzuak, coworking-a, enpresa sortu berrientzako espazioak… Proiektu asko lantzen dituzten arren, garrantzi berezia ematen diote ekonomia sozial eraldatzaileari. Arlo horretan, joan den larunbatean azoka egin zuten Hernanin, eragile ezberdinekin: “Hor bazeuden ekonomia sozialean aritzen diren talde ezberdinak; bai Euskal Herrian, bai eskualdean, eta baita Hernani mailan dauden iniziatiba ezberdinak ere”. Intxausperen arabera, azoka hori egitea garrantzitsua izan zen, ekonomia sozial eraldatzailearen inguruan dabiltzan eragileak eta haien lanak bisibilizatu nahi dituztelako.
Herritik kanpo ere, Bilbon egin berri den Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Kongresuan, bere esperientzia kontatzeko gonbidatu dute Hernani: “Bartzelona, Madril eta Zaragoza bezalako hiriekin konpartitu genuen mahaia. Urte batzuk daramatzagu tokiko garapenaren gaia lantzen, pertsona zentroan jarriz, integratzailea izanez, emakumearen papera kontuan hartuz… Bilbon konturatu ginen egiten ditugun gauzak interesgarriak direla, praktikoak direla; arrakasta izan zuten”.
Tokiko garapenerako zerbitzuak martxan dira Gabriel Zelaia eremuan, eta prozesuan dago Emakumeen Etxea. Espazioak zer-nolakoa izan behar duen hausnartzen ari dira urritik, “nahi duen guztiarekin”: zein zerbitzu izango dituen, antolaketa… “Oso pozik gaude parte hartzearekin. Jende asko ari da etortzen, adin ezberdinetako pertsonak eta jatorri oso ezberdinetakoak”. Ildo horretan, kultur aniztasuna lantzen duen Amher elkartea Emakumeen Etxean egotea planteatu dute. “Batez ere emakumeen eta beste jatorri batzuetatik etorri direnen garapena landu nahi dugu”. Parte-hartze prozesuak otsailera arte iraungo du; hor definituko dute espazioa, eta gero obra egin beharko dute —zati batzuk auzolanean egiteko asmoa dute—. “Prozesuak emaitzak bezain inportanteak dira. Emaitza garrantzitsua izango da, toki erreferente bat izango delako Hernanirentzat, baina baita prozesua bera ere”.
Parte hartzearekin lotutako beste hainbat prozesu ere garatzen ari dira, hori baita udalaren “beste ardatzetako bat”. Aurrekontu parte hartzaileekin bukatu berri dute. Hirugarren urtea izan da, eta udalak 500.000 euro jarri ditu herritarren eskura, 2017an zertan gastatu erabaki dezaten. Ia hamar hilabete iraun du prozesuak: proposamenak egin dituzte, baloratu egin dira, filtratu dira, eta, azkenik, herritarrek bozkatu egin dituzte. Astearteko osoko bilkuran onartu zituzten udalean aurrekontu parte hartzaileetan ateratako proposamenak.
Horrez gain, Lizeaga auzoan ere parte hartzea lantzen ari dira, azterketa bat egiten, auzoaren biziberritzeaz eta lanketa urbanistikoaz. “Auzokideek hausnartuko dute zer-nolako auzoa nahi duten, eta horretarako zer lanketa egin behar den”.
Erabakiak “modu irekian” hartzeko filosofia horren barruan, erabakiguneak aipatu ditu Intxauspek. Modu iraunkorrean funtzionatzen dute, eta udalak beste eragile bat bezala parte hartzen du. Parekidetasun Kontseilua daukate, Gazte Kontseilua ere badago; jai batzordea… “Hirugarren adinekoen mahaia sortzen ari gara, jende helduarekin zerikusia duten zenbait politika mahai horretan lantzeko; eragileekin eta norbanakoekin ari gara”.
Azpiegiturei dagokienez, “obra garrantzitsu bat” egiten ari da udala: kiroldegiko igerilekua berritzea. “Gure herriko igerilekua da erabiltzaile gehien duen zerbitzua. Jaioberriek erabiltzen dute, ikastaroekin-eta, eta gure bizitza bukaerara arte erabiltzen dugu; errehabilitazioak ere egiten dira han”. Kirolarekin baino gehiago, ongizatearekin lotu du igerilekua Intxauspek: “Jarduera fisikoarekin, osasunarekin eta zoriontasunarekin lotutako espazio bat da. Herritarrek jarduera fisikoa bizitza osoan zehar egiten duten espazio bat”.
Igerilekua handitzearekin batera, energia berriztagarriaren bidez funtzionatuko duen sistema bat jarriko dute martxan, eta bertara iristea ere errazagoa izango da, igogailua jarrita. “Eraikina oso zaharra da, Gipuzkoako lehenengo kiroldegietako bat”. Udarako obra bukatuta egotea espero dute.
Leave a Reply