“Oso paper txukuna egiten dugu, eta harro gaude etxekoak izateaz”

M. Alustiza

Hernaniko errugbi taldeko jokalaria da Igor Genua (Hernani, 1988). Udan Rioko Olinpiar Jokoetan izan zen, Espainiako Selekzioarekin. Errugbia eta familiako Saretxo jatetxeko lana uztartu ditu azken urteetan.

Txikitako zein oroitzapen dituzu Hernanin? Eta gaztetakoak?

Txikitan ikastolatik aterata lagunekin futbolean edo pilotan ibiltzen ginenekoak; etxera sekula ez nuen joan nahi. Baserri batekoa naiz, eta, beraz, ez nuen denbora asko kalean pasatzen. Etxean arrebarekin jolasten nintzen, abere, katu, txakur eta hainbat animaliarekin. Gaztetan, kuadrillan ibiltzen hasi ginenekoak, herriko festak lehen aldiz… edozein aitzakia nuen etxetik kanpo ibiltzeko.

Herriko txoko bat?

Santa Barbarako ermita. Nire etxetik oso gertu dago, bakar-bakarrik igotzen nintzen, herri guztiko ikuspegi ederra dago.

Zer da herritik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Tilosetako plazan sortzen den giroa paregabea da ume, gazte eta helduentzat. Ez dut gustuko egiten ari diren abiadura handiko trena.

Zer da Saretxo zuretzat?

Dena da: nire iragana, oraina eta etorkizuna. Jatetxea gabe segur aski ezingo nintzateke nagoen tokian egon, eta ez nintzateke izango orain naizen pertsona.

Noiz zapaldu zenuen Landare errugbi zelaia lehenengoz?

Lehen aldiz 12 urterekin, errugbiko kideek antolatutako eskola kiroleko jardunaldi batzuetan. Izugarri gustatu zitzaidan; amari esan, eta ez zidan uzten apuntatzen, pilotan, karatean eta futbolean sartuta nengoelako. Baina, azkenean, nirea egin nuen. Ordutik asko hazi da elkartea: azpiegiturak; jokalari, entrenatzaile, guraso eta laguntzaile kopurua, babesleak… Joko aldetik ere asko hobetu da.

Bederatzi jardunaldi jokatu dituzue jada. Nola ikusten duzu taldea?

Ziur naiz aurten ere Lehen Mailan jarraituko dugula. Talde oso gaztea dugu, eta oraindik urte pare bat falta dira maila honetan lasaiago ibili ahal izateko. Beste taldeek diru sarrera handiagoak dauzkate, eta jokalari asko fitxatzen dituzte. Elkartearen filosofia harrobiko gazteekin jokatzea da, eta maila honetan ez da batere erraza. Hala ere, oso paper txukuna egiten dugu zelairatzen garen bakoitzean, eta harro gaude etxekoak izateaz; estatuko elkarte askoren inbidia gara.

Espainiako Selekzioarekin atzerrira joaten zarete maiz. Halakoetan zeren falta sumatzen duzu?

Familia, lagunak, etxetik ikusten ditudan mendi eta belardi berdeak, eta bertako bakea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.