Maite Alustiza
Eibarko autobus geltokiaren kokalekua zehazteko prozesu bat abiatu du udalak, eta Leber enpresa, udalaren enkarguz, 400 inkesta egiten ari da herritarren artean, aleatorioki, geralekuetan dauden erabiltzaileei eta kalean doazen oinezkoei. Inkesten ondoren, geltokiaren kokapen berria aztertuko du Leberrek, “baldin eta aukera garbi bat ikusten bada aurretik egindako inkestetan”. Oraingoz, bi aukera planteatu dituzte udaleko alderdiek: erdigunearen alde batean dago Ego Gain —orain arteko tokia—; eta erdigunearen beste aldean, Matsaria behea.
PSE-EEk, udal gobernuak, Ego Gain hobetsi du. Eneko Andueza Eibarko PSE-EEko buruak azaldu duenez, hauteskunde kanpainan esandakoari eusten diote: “Erdigunean dago, oso ondo komunikatuta sarrera-irteerei dagokienez, eta herriko tarteko geralekuei eustea ahalbidetuko luke. Gainera, zerbitzu berriak leudeke: urbanizazio berriaren garapenarekin, espaloien zabalera hamabi metroko bidean zabaldu egingo litzateke”. Markesina berriak ere jarriko lituzkete, “handiagoak, modernoagoak eta funtzionalagoak”; horiekin batera, lokal bat ireki ahalko lukete, adibidez, bidaia txartelak saltzeko.
EAJk, Matsarian
Anduezaren ustetan, EAJk proposamen bat aurkeztu izana “desegokia” da, kontuan hartuta “parte hartze prozesuek jendeak libreki iritzia ematea” dutela helburu; herritarrek euren lehentasuna “inolako kutsadurarik gabe” azaltzea. Urbanistikoki eta teknikoki ere, proposamenak “ez du ez hanka ez buru”.
Matsaria auzoko beheko partea da kokapen egokiena EAJrentzat. Josu Mendikute bozeramaileak azaldu duenez, estazio intermodal bat egitea da euren proposamena: “Ez litzateke autobus geltoki bat egitea, orain daukagun tren geltokia intermodal bihurtzea baizik”. Saihesbidearekin “konektatuta” legoke, eta, hala, posible litzateke trafiko astuna herrigunetik kentzea: “Kutsadura akustikoari dagokionez dauzkagun azterketen arabera, arazo handiena trafiko astuna da. Kamioiak aspaldi ez dira herrigunetik pasatzen, saihesbidetik doazelako, baina autobusak bai. Horrek asko arinduko luke trafikoa; nahiko kaotikoa da”.
Gainera, estazioa lekuz aldatuta, Ego Gain kalean oinezkoentzako “3.000 metro karratu” izango lituzketela gaineratu du: “Ez da bakarrik Matsaria beheko ingurua biziberritzeko balioko lukeen zerbait, baizik eta herrigunera bizi kalitate hobea ekarriko luke”. Gaur egun baino autobus gehiago sartzeko aukera edukiko luke Matsariako geltokiak, Mendikuteren arabera. “Hogei autobus sartzeko lekua daukagu. Gure planteamendua ez da hori: Donostiako geltokiak 21entzako tokia badu, Eibarren ez dugu hainbeste behar, baina horrekin esan nahi dut aukera dugula nahi beste autobus sartzeko”. Geltokiak itxarongela bat, komunak, kontsignak eta abar izango lituzke. Eta aparkalekuak: “Oker ez banago, Eibarren 7.000 aparkaleku publiko gutxiago dago autoak baino. Defizita dago, eta 500 aparkaleku egitea planteatzen dugu”.
Matsaria urrun dagoela esaten dutenekin ez dago ados. Haren arabera, Eibarko zentro geografikotik gertuagoa dago Matsariako beheko aldea Ego Gain baino. Konparazioa egin du herriko punta batetik bestera: “Amaña auzoko azken dorretik guk planteatzen dugun estaziora 2,3 kilometro daude, eta distantzia bera dago beste puntatik, Barrena kaleko lehenengo etxetik, Ego Gaineraino”.
Matsarian egitekotan, Mendikute jakitun da sarbideak aldatu egin beharko liratekeela. “Hori Eibarko hirigintza plan nagusian jasota dago; jasota dago auzo hori birmoldatu egin behar dela eta saihesbidetik daukan sarbidea aldatu egin behar dela. Bere zailtasunak lituzke, baina hiri proiektu bat da, herria transformatzeko proiektu bat”. Autobus gidarientzat ere kokapen egokia izan daitekeela deritzo: “Lurraldebuseko gidariek esaten dute Gipuzkoa osoan okerren pasatzen duten lekua izaten dela; biraketak, trafikoarekin minutu asko galtzen dira… Gidariek publikoki Matsariaren alde egin zuten”.
EH Bildu, aztertzearen alde
EH Bilduk aurtengo aurrekontuetan aurkeztutako zuzenketa baten ondorio da ikerketa. Igone Lamarain zinegotziak gogoratu du estazioaren kokalekuaren eztabaida ez dela berria. “Kokapenaren inguruan beti egon dira iritzi ezberdinak eta hainbat aukera mahai gainean. Guk esan genuen ondo aztertu behar dela oraingo kokapena, eta jendearekin konpartitu”. Egungo geltokiak dituen arazoen artean aipatu ditu txikia izatea eta erdigunean egonda autobusen joan-etorria “nahiko handia” izatea.
Dena den, koalizioak ez du zehaztu zein kokapen hobetsiko lukeen: “Aztertu beharreko kontua da. Buelta asko eman dizkiogu, badago iritzi bat, baina ez dugu prozesua baldintzatu nahi. Mundu guztiak dauka eskubidea bere proposamena hasieratik mahai gainean jartzeko, baina uste dugu udaletik ezin dugula prozesua baldintzatu. Gure ustez, horrelako proiektu baten kokapena erabaki aurretik lanketa egin behar da; berba egin behar da autobus konpainiekin ere”.
Lamarainen ustetan, “abiapuntu on bat” da inkestak egitea, baina abiapuntu baino ez: “Gero aukera guztiak ondo aztertu behar dira, txostenak egin… Kontuan hartu behar da ze aukera dauden, aldekoak eta kontrakoak, kostua, trafikoa, mugikortasuna… Aukera posibleen artean herritarrei galdetu beharko litzaieke. Hori litzateke prozesuaren bukaera”.
Leave a Reply