Itziar de la Granjak (Donostia, 1970) sei urte daramatza Ordizian, Seguran eta Zegaman haurrei eta erretiroa hartutako herritarrei pintura eskolak ematen. Sormenari tartea egiteko denbora askorik ez zaio geratzen, baina gustuko du ikasleak euren lanekin pozik geratzen direla ikustea. Aisialdian kirolak kulturari lekua jan dion irudipena du, eta gazteak berehalakotasunera ohituta egoteak pazientzia falta eragiten duela iruditzen zaio. Noizbait, “grafiti ikusgarri bat” pintatzeko ametsa bete nahi luke.
Urte askoan sukaldari lanetan aritu ondoren, maite duzun lana duzu orain.
Arte Ederretan lizentziatu nintzen Leioan, baina ikasketak amaitutakoan ez nuen nire arloko lanik. Beraz, ahizparekin jatetxe batean hasi nintzen lanean; sukaldean aritu nintzen hamabost bat urtez edo. Baina, azkenean, jarraitzeko gogorik ez nuen unea iritsi zen, eta ikasketak berreskuratu nituen. Margotzen hasten ez banintzen, banekien lan batean jarraian ez nuela denbora luzez aritzerik. Donostiatik Zegamara etorri nintzen bizitzera; ez neukan lanik ziurtatuta, baina zortea izan nuen, eta iritsi bezain pronto aukera eman zidaten.
Zegamara iritsi eta berehala hasi zinen margolaritza klaseak eskaintzen?
Hasieran, lan egiteko eta berriz eskua hartzeko saiotxo batzuk egin nituen Beasainen, eta gero pintura klaseak eskaintzen hasi nintzen Zegaman, erretiratuei. Pixkanaka, umeei ere marrazketa klaseak ematen hasi nintzen, eta Ordiziara eta Segurara ere joaten naiz orain. Jada sei urte dira horretan nabilela. Denetariko guneak izaten ditut: zahar etxeak, kultur etxeak, eskolak —jangelako atsedenaldian—…
Nolakoa da haurrei eta erretiratuei erakusten aritzea?
Egia esan, ez da gauza bera batzuei edo besteei erakustea. Bakoitza bere motibazioengatik etortzen da pintura klaseetara. Denetariko haurrak ditut, 8-9 urtetatik hasi eta nerabeetara. Baina egungo haurrak oso oso azkarrak dira. Teknologiari lotuta bizi dira, eta berehalakotasunera ohituta daude; beren lagunak, elkarrizketak, denbora librea… Whatsappekin edo Play Stationekin lotzen dute; azkartasuna maite dute. Margotzen ari direnean erabakiak hartu behar izaten dituzte, zer nahi duten pentsatu, nola egin… Eta ez daude horretara ohituta; pazientzia handia behar dute, eta zaila egiten zaie. Dena azkar eta zoragarri egin nahi izaten dute. Horregatik, lan bat amaitu eta etxera pozik doazela ikustea oso atsegina da niretzat. Erretiratuen kasuan ere pazientzia handia behar da, baina euren jarrera bestelakoa da: bizitzan ia dena egin baitute. Askori, gainera, iruditzen zaie ez direla kapazak izango, baina gero denek lan egin dezakete; ez dakit, beste era batekoa da. Oso polita da norbaitek lan bat egiten duenean hartzen duen poza, eta horretatik konfiantza hartzea. Uste ez zuen arren nahi zuena egiteko gai izan dela ikusteak, horrek betetzen nau.
Ikasleek zuk agindutakoa egin behar izaten dute, edo euren sormenak markatzen die bidea?
Normalean nik esaten diet zer egin behar duten, baina nerabeekin horrek ez du funtzionatzen. Orduan, eurei nahi dutena egiten edo uzten diet, baina nik proposatutako gauzen artean: argazki mordo bat edo eredu batzuk eramaten dizkiet. Haurren kasuan, nik zehazten dut eurek zer marraztea nahi dudan, margolaritza ariketen bidez asko ikas dezaketelako. Helduen artean, berriz, denetarikoak izaten dira: batzuek eskulanak soilik egin nahi izaten dituzte, eta besteek pinturaz aparte ez dute aritu nahi izaten. Baina birziklapenaren kontuarekin-eta gauza pila egiteko aukera dugu, egia esan.
Eta zer egiten dute gero zure klaseetan egindako lanekin?
Normalean eurentzat izaten dira, baina Ordiziako kasua berezia da. Ikastarora doan etortzen dira nahi duten guztiak, eta bertan egindako lan guztiak bingora bideratzen ditugu gero. Bingorako sariak izaten dira, batzuk ilara osatutakoan jasotzeko, besteak bingo egindakoan.
Zeure kasa margotzen duzu?
Ez dut denbora askorik; klaseen prestaketak denbora asko eskatzen du, eta etxean ere nahikoa lan izaten dut semeekin eta zaindu behar dudan aitonarekin. Gustatuko litzaidake semeek ere margotzeko zaletasuna izatea, baina haiek futbolzaleak dira. Eta horrek ere denbora kentzen dit, beti hara eta hona nabil entrenamendu eta partida artean. Hala ere, tarteka margotzen aritzen naiz, eta etxean baditut neure lantxoak. Egia esan, zerbait margotzen dudanean, ia beti oparitzeko izaten da.
Eta zerekin inspiratzen zara?
Inspirazioa ez da etortzen; ideia txiki bat eduki behar duzu, eta hori garatzen joan; ez dago miraririk. Idazleek bezalaxe, orri zuri batean ideia bat idaztetik hasiko direla pentsatzen dut, eta gero horren gaineko garapena egin beharko dutela. Nire ustez, gainera, horixe da politena, hari batetik abiatu eta emaitzarekin pozik geratzea.
Gustatuko litzaizuke egunen batean irakasle lana utzi eta margotzetik bizitzea?
Uf, betiko galdera da hori, eta egia esan, ez dakit. Oso zaila da margolari izatetik bizitzea; zortea behar da. Egia da gaur egun gauzak beste era batekoak direla, eta teknologiari esker jende gaztea gehiago mugitzen dela; kanpora joateak-eta asko laguntzen du. Niri, gazteagoa nintzenean eta indar gehiago nuenean ere oso zaila egin zitzaidan. Batzuek lortzen dute, baina ez dakit nola. Egia esan, sormena ere ez da horrenbeste baloratzen. Jendea kirolarekin itsututa dago; ez dago kulturarentzako leku handirik.
Gustura margotuko zenukeen zerbait?
Zegaman eta inguruan grafiti asko daude, eta gustatzen zaizkit. Noizbait egin nahiko nuke nik ere bat, baina handia eta polita, grafiti ikusgarria. Noizbait aritu naiz espraiarekin pintatzen, baina oso gauza txikiak egin ditut, erdi jolasean bezala.
Leave a Reply