“Etxetik lan eginda gutxiago distraitzen da langilea”

Azken urteotan sareak garrantzi handia hartu du, eta ondo baino hobeto dakite hori Urola Kostako Udal Elkartean. Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek osatzen dute mankomunitate hori, eta eskualdeko gizartearen eta ekonomiaren garapena sustatzea du helburu. Aintzane Ruesgas elkarteko enpresa zerbitzuen arduradunaren arabera, sareko lanaren inguruko proiektu bat abiatzea da hurrengo pausoa.

Zenbaterainoko eragina du teknologiak egungo lan merkatuan?

Lan munduan sartzeko era aldatzen ari da, eskuragarri ditugun baliabide teknologikoen ondorioz, bereziki. Duela urte batzuk harrigarria zirudien arren, egun smartphone bidez komunikatzen gara, eta lan esparruan ere egoera bera da. Horrelako teknologiak erabiltzeko, ez da ezagutza tekniko berezirik behar, edonork erabil ditzake. Tresneria berri horiei esker, gainera, laneko oztopo asko gainditu daitezke, batez ere, distantziarekin eta mugikortasunarekin lotuta daudenak.

Nolako abantailak ematen dizkie sarean lan egiteak enpresei eta langileei?

Hasteko, ordutegia ohiko lantoki batean baino malguagoa da, norberaren beharrari eta eskuragarritasunari egokitzea ahalbidetzen baitu. Era horretara, errazagoa da lana eta familia uztartzea, esaterako. Gainera, enpresaren beharretara hobeto egokitu daiteke; izan ere, ordutegi finkorik ez dagoenez, langile bakoitzak lan zama nahi bezala antolatzeko aukera du. Bestetik, etxetik lan eginda gutxiago distraitzen da langilea: makina soinuek, gainontzeko lankideen joan-etorriek eta besteen telefono deiek, adibidez, kontzentrazioa eta lana bera oztopatzen dute. Sareko lanarekin, enpresarekin komunikazioa posta elektronikoz edo bideo deien bidez manten daiteke, eta gainontzeko denbora, berriz, egin beharreko zereginetara bideratu. Azkenik, Interneterako konexioa beharrezkoa bada ere, bidaietan, dietetan eta bestelako gastuetan asko aurrez daiteke, bai denbora aldetik, bai kostuen aldetik ere.

Beste herrialde batzuetan jada hedatuta dagoen sistema da, ezta?

Bai, gero eta zabalduago dago mundu osoan, bereziki, Txinan eta Indian, eta Ameriketako Estatu Batuetan ere nabarmen ari da igotzen. Europan, berriz, mota horretako lanak ezagunak badira ere, freelance eran agertzen dira sarri. Esaterako, autonomoek bulegotik edo etxetik enpresa baten baino gehiagoren proiektuak gara ditzakete.

Enpresen aldetik, ba al dago lan sistema horren eskaririk?

Eguneroko zereginetan eta zailtasunetan murgilduta, enpresa txiki askok ez dute astirik hartzen lehiakortasuna sustatzeko funtsezkoak diren beste ekintza batzuk lantzeko; marketinari eta salmentari loturiko lanak, adibidez. Produkzio lanaz gaindiko jarduerak jorratzeko, sarritan langile autonomoak kontratatzen dira. Bestalde, egungo krisialdiak eta bezero berriak modu proaktiboan erakartzeko kulturarik ezak ere eragin dute enpresaren egoera larritzea.

Zertan datza On line lana, laneratzeko beste era bat proiektua?

Gaur egun, gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dute Internet lanerako, aukera berriak eskaintzen dituen eremua baita. Lana etxetik edo, behintzat, enpresaren egoitzatik kanpo egin ahal izatea eta ordutegien malgutasuna dira abantaila nagusiak. Testuinguru horretan, gure eskualdeko enpresetan sareko formulak izan ditzakeen aukerak eta bideragarritasuna aztertu nahi ditugu proiektu horrekin. Enpresak eta langabeak harremanetan jarriko ditugu, sareko lanaren inguruko ekintzak egiteko.

Proiektuan parte hartzeko, zeintzuk dira bete beharreko baldintzak?

Enpresei begira, hamar izango dira parte hartzaileak, eta bakoitzak gutxienez lau langile izan beharko ditu. Gainera, lehentasuna izango dute behargin bat kontratatzeko asmoa dutenek. Norbanakoen aldetik, honako baldintza hauek betetzea derrigorrezkoa izango da: une honetan langabezian egotea, Urola Kostako lan poltsan inskribatuta egotea, sareko aplikazioak eta Interneteko tresnak ezagutzea, Skype erabiltzea eta Facebook, Twitter eta LinkedIn sare sozialak ezagutzea. Gainera, euskara maila egokia dutenek lehentasuna izango dute, eta bestelako hizkuntzak menperatzea ere kontuan hartuko da. Izena ematen duten pertsonen curriculuma eta parte hartuko duten enpresen proiektuekiko duten bateragarritasuna aztertuko ditugu.

Nolakoa izango da eskainiko den prestakuntza?

Parte hartzen duten enpresak eta langabeak harremanetan jarriko ditugu, eta enpresa bakoitzaren beharrak ikusita, proiektu bat definituko dute, sareko aplikazioen eta sare sozialen inguruan. Horretarako, enpresek zein langabeek prestakuntza jasoko dute; webgune baten bidez jarraitu ahal izango da. Tutoretza saioak ere izango dituzte, proiektuaren garapenari laguntza emateko.

Zeintzuk dira programaren helburuak?

Nagusiki, hiru dira: enplegagarritasuna sustatzeko bide berri bat irekitzea; langabe eta ekintzaileak enpresekin harremanetan jartzea; eta euren gaitasunen trebakuntza bultzatzea. Ekinbide berezi horri esker, langabe eta ekintzaile askok lana lortzeko aukera gehiago izango dituzte, eta enpresa askori begiak irekiaraziko dizkiegu, bide berri hori erakutsiz. Guztia amaitzean, emaitza positiboak lortzen badira, proiektua intereseko beste eremu batzuetara zabalduko genuke, salmenta arlora edota nazioartekotzeko zenbait prozesutara, adibidez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.