‘Statu quo’-a aldatzeko erresistentzia

Gipuzkoa gobernatzen hasi ginenetik 2011n, orduko statu quo-a aldatzeko urrats ugari egin ditugu. Gure gobernatzeko moduarekin, gure programarekin, koherenteak diren politikak eta neurriak abian jarri ditugu. Hala ere, hiru urte luzeotan, statu quo-a aldatzeko egin ditugun ahaleginak zapuzten saiatu dira, hainbat frontetatik, eta etengabe, gainera. Gipuzkoako oposizioko alderdiak horretan buru-belarri aritu dira, eta horretan bidelagun izan dute Espainiako Gobernua, bere erabaki politikoak betearazteko maneiatzen duen Estatuaren abokatuaren bidez.

Gizarte solidarioagoa nahi dugu: horregatik, gizarte zerbitzuen aldeko apustu garbia egiteaz gain, sektore publikoan egiten diren erosketa eta obren kontratu publikoetan klausula sozialak ezarri ditugu. Gure errepideetako obrak eraginkortasunez egiteaz gain, garrantzitsua iruditzen zaigulako enpresa horietako langileen lan hitzarmenak errespetatzea, ingurumena zaintzea edota genero berdintasuna sustatzea ere kontuan hartzea. Kontratu publikoak tresna egokia dira gizarte justuagoa bultzatzeko, eta tresna hori ez erabiltzea arduragabekeria izango litzateke.

Herritarren erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu. Igeldotarrek beren burua kudeatzeko duten nahia argi eta garbi erakutsi dute. Herritarren borondatea bermatzea izan da gure helburu bakarra, baina demokrazia hitzarekin ahoa betetzen zaien horiek herritarren borondatea zapuztu eta auzitara eraman zuten igeldotarren erabakia. Igeldotarrek bezala, eskoziarrek eta kataluniarrek izan zuten haien borondatea adierazteko aukera, eta haiekiko atxikimendua adierazteko herri horietako banderak zintzilikatu genituen. Espainiako Gobernuak, ordea, ez du disidentziarik onartzen, eta gure keinu sinboliko horren kontra xahutzen ari da justiziaren baliabideak.

Sektore publikoaren aldeko apustua egiten dugu: Espainiako Gobernuak krisialdi ekonomikoaren ajeak zerbitzu publikoen bizkar jarri nahi izan ditu. Urteotan hartu dituzten erabakien ondorioz, zerbitzu publikoetan murrizketa latzak egon dira, eta langileek urte askotan lortutako eskubideak galtzen ari direla ikusi dute, ezer gutxi egiteko aukerarik gabe. Gipuzkoa ere krisialdi ekonomikoaren ondorioak pairatzen ari da, baina langileen eskubideak gure Gobernuaren lehentasuna dira, eta horiek bermatzeko esfortzua egin dugu. Gipuzkoan langileekin dugun konpromisoari eutsi genion, eta Espainiako Gobernuak hori zigortu nahi izan du.

Euskaldunon eskubideak bermatu nahi ditugu. Horretarako egin dugu Euskararen Erabilera Normalitzatzeko Plana. Plana aurkeztu eta egun batera, Carlos Urkijok iragarri zuen helegitea jartzeko agindua eman diola. Bi hizkuntza ofizialen arteko oreka bermatzeko helburua duten legeak eta arauak egon arren, orain arte, gurean, gaztelerak izan du nagusitasun garbia. Euskara Planaren xedea da legeak aurreikusten duen oreka hori egiazkoa izatea eta gure hizkuntzak merezi duen lekua hartzea. Horretan ere, statu quo-a aldatzeko dagoen erresistentziaren zama berriro ere gure gainean erori da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.