Gaurtik igandera bitartean askotariko musika entzuteko aukera izango da Donostian. Aretoetan, tabernetan, liburutegietan… Leku askotan antolatu dituzte kontzertuak asteburu honetarako. Beste batzuen artean izango dira Gatibu taldea, Bide Ertzean, Pablo Hasel, Urko Menaia eta Nagore Etxabe, John Berkhout eta Ruper Ordorika. Donostia inguruko musikazaleek izango dute non aukeratu, beraz.
Bide Ertzean taldeak gaur, 21:00etan, eskainiko du kontzertua, Le Bukowski aretoan. Taldeak 2013ko udazkenean aurkeztu zuen bere bederatzigarren lana, 77 izenekoa. 1977an girotu dute diskoa. Urte horretan, taldeko kideen osaba bat eta haren lagun bat hil zituen Guardia Zibilak. Familiako oroitzapen hura abiapuntu hartuta, garai hartan jarri dute arreta. Lana aurkeztu zutenetik, berrogei emanalditik gora egin dituzte.
Intxaurrondoko kultur etxean, Gatibu igoko da oholtza gainera, 22:00etan. Bihar ere eskainiko du kontzertua, ordu berean. Gaurko kontzerturako sarrerak berehala saldu ziren, eta beste emanaldi bat prestatu dute biharko. Bizkaiko taldeak abenduan kaleratu zuen bere azken lana: Euritan dantzan. Orain , diskoa aurkezten dabil buru-belarri.
Bihar ere ez da musikarik faltako Donostian. El Callejon tabernan, esate baterako, Urko Menaiak eta Nagore Etxabek kontzertua eskainiko dute, 20:00etan. Kortxoenean, berriz, hip-hop doinuak entzuteko aukera izango da 21:00etatik aurrera. Pablo Hasel abeslari kataluniarrak parte hartuko du. Haren aurretik, Herederos del Hip Hop taldea igoko da Kortxoeneko oholtza gainera.
Igandean, 12:30ean, John Berkhout talde oiartzuarrak joko du, Garoa liburutegian, Paperezko kontzertuak egitasmoaren barruan. 19:00etan, berriz, Ruper Ordorikak Viktoria Eugenian eskainiko du kontzertua. Oñatiarrak Lurrean etzanda diskoko eta aurreko diskoetako abestiak joko ditu emanaldian.
Leave a Reply