Oholtza gainetik babesera, sorkuntza lanaz gozatzen dabil Garazi Zabaleta (Beasain, 1987). Oso gaztetan murgildu zen musikaren munduan, eta dagoeneko bere bidea egiten ari da. Emusik 2016 jaialdirako abestia izan da egin duen azken lanetako bat. Aurkezpen, elkarrizketa, mikrofono eta kamera zurrunbiloan sartuta dago ezustean.
Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, ikus-entzunezko espezialitatean, baina zentzumen guztiak musika konposaketan ditu jarriak orain. Geldirik egoten ez den horietakoa da, zain egon gabe bere bidea jorratzeari ekin diona, autodidakta.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburu egitasmoaren barruan egingo da Emusik 2016 jaialdia, eta Zabaletaren abestia aukeratu dute horretarako. Euskal Herriko musikariek bat egingo dute jaialdi horretan Europako dozenaka txokotatik iritsitakoekin. Datorren urteko maiatzaren 5 eta 8 artean egingo da jaialdia, eta hiru egun horietan mila kontzertutik gora izango dira. Donostiako Musika eta Dantza Eskola ari da jaialdia antolatzen; eta, Donostiaz gain, egoitza txiki ugari izango ditu jaialdiak Gipuzkoa osoan.
Jaialdiaren sintonia izango zenak egitasmoaren espiritua eta ezaugarriak jasotzea nahi zuten antolatzaileek. Abestiak hiriburu kulturalaren filosofia islatu behar zuen, belaunaldien arteko elkarlana sustatu, integratzailea izan, tradizioa eta modernotasuna uztartu. Musikak gidatzen du beasaindarraren egunerokoa, eta bizitza musikaz janzteko gonbita zabaldu du Zabaletak bere lanean: Musikatu bizitza.
Itsaskorra da, erritmo bizikoa, erraz harrapatzen duena. “Nik aurkeztu nuenarekin nahiko fidela da azken bertsioa”, dio Zabaletak. Ahotsa Mery May arrasatearrarena izatea nahi zuen, eta hala izan da. Hortik aurrera, antolatzaileen esku utzi du lana: “Ez nuen sartuta egon nahi. Bakoitzak bere ekarpena egiten du. Musika ez da objektiboa, askatasunez jokatzen utzi behar da”.
Zazpi hizkuntzatan
Bereak ditu abestiaren hitzak ere. Errazak izan behar zuten hitzek. Baina zalantza sortu zitzaion: “Erraza norentzat?”. Jaialdiak Europako hainbat herrialdetako musikariak bilduko dituenez, guztientzat erraza izaterik ez zegoen. Ideia horri bueltaka, hizkuntzak nahastea erabaki zuen: guztira, zazpi entzun daitezke kantan. Euskara erabiliko zuela argi zuen, eta ingelesa ere sartu du hizkuntza nagusi gisa. “Denak identifikatuta senti daitezen lortu nahi nuen, eta aldi berean jakin-mina piztu. Horrek ematen zidan beldur gehien, eta azkenean hori izan da gustatu dena”.
Kolore ukitua abestiarekin egindako bideoak jarri du. Imanol Gomezek zuzendu zuen ikus-entzunezkoa, eta Donostiako Udal Musika Eskolako irakasle eta ikasleek parte hartu zuten grabaketetan. Sarean dago ikusgai. Europaren Egunean, aurtengo maiatzaren 9an, Anoetan egingo duten ekitaldi batean estreinatuko dute abestia. Emusik 2016rako entsegu orokorra izango da egun horretakoa.
Ehunmiliak ultratrailerako, Emarock jaialdirako… ugari dira Zabaletak egin dituen lanak. Ia duela hamar urte, Sugan taldearen garaian probatu zuen jendaurrean zuzenean jotzen aritzea zer zen. Ordutik, barruko lanean aritu da, baina epe laburrean berriro ere eszenara pasatzeko arra badu barruan. Bazen behin proiektua du esku artean hainbat musikari profesionalekin batera. Laster emango dute lanaren berri.
Leave a Reply