Begoña Urroz Ibarrola. Lasartearra, 22 hilabete. 1960ko ekainaren 27an Donostiako Amara zaharreko FEVEren geltokian izandako atentatuan hil zuten. Hura da 1960tik 2010era Donostian indarkeria politikoak eragindako biktimen zerrendako lehena. Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaritzak txosten batean jaso ditu “terrorismoaren eta beste edozein motatako indarkeria politikoaren ondorioz” euskal kasuan izandako urraketak, eta Donostiako Udalari aurkeztu berri dizkio.
Bi ataletan banatu dituzte “bizitzeko eskubidearen aurkako urraketak”. Batetik, urraketa “nabarmentzat” har daitezkeen kasuak zerrendatu dituzte; bestetik, berriz, ikerketa lan handiagoa eskatzen dutenak daude. 131 dira, guztira. Horietatik 107 dira ETAri egotzitakoak; 11 Espainiako segurtasun indarrek eginikoak; eta lau BVE eta GALenak. Egiletza argitu gabeko lau kasu ere bildu dituzte, eta bost kasu gehiagok egiaztatze lan handiagoa behar dute.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak balorazio ona egin du Jaurlaritzaren txostenaren inguruan. Haren arabera, hirian “zer-nolako sufrimendua egon den jakiteko balioko du”. Horrekin batera, gogoratu du udala Donostiako Sufrimenduaren Mapa lantzen ari dela hainbat dokumentu ofizial eta ez-ofizialen bidez, eta Jaurlaritzak egindako lana mapa horren osagarri izango dela iritzi dio: “Arlo honetan eginiko edozein ekarpen positiboa da barneratzailea eta irekia bada”.
Txostena osatzeko, biktimei buruz argitaratu diren zerrenda guztiak berrikusi eta erkatu ditu Jaurlaritzak; bai Espainiako Barne Ministerioarenak, biktimen elkarteenak, hedabideenak, norbanakoenak, Nafarroako Gobernuarenak eta baita Jaurlaritzarenak berarenak ere. Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak adierazi duenez, “errealitatearekin konprometituta dagoen memoria bat” osatu dute.
Dokumentuan ez dituzte jaso giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak bizitzeko eskubidearen urraketatzat jotzen ez dituen kasuak, nahiz eta indarkeria testuinguru bati lotutakoak izan —suizidioak eta polizien artean ustekabean izandako tiroketak, adibidez—.
Datu nahasgarriak
Kasu “gehien-gehienetan” informazio nahikoa eskuratu dute, eta, gainera, iturri guztiak bat zetozen. Hala ere, bereziki 1960ko, 1970eko eta 1980ko zenbait gertakariri buruzko lana korapilatsuagoa egin zaie, informazio faltagatik edo tartean datu nahasgarriak zeudelako. Donostiaren kasuan, egiletza argitu gabe duten kasuez gain, gehiago ikertzea eskatzen duten bost gertaera bildu dituzte: Vicente Lertxundiren heriotza —Martuteneko espetxetik larri zaurituta atera ondoren hil zen—, Jose Miguel Anduezarena —guardia zibil batek larri zauritu eta gero hil zen—, Rosa Zarrarena —pilotakada bat jasota larri zauritu eta zortzi egunera hil zen—, Maria Francisca Eraunzetamurgilena —bonba-jostailu batekin odolustu zen—; eta Jon Anzarena —Baionako geltokian Tolosarako (Frantzia) tren bat hartu ondoren desagertu zen, eta gorpua hiri horretako gorputegi batean agertu zen—.
Argitzea falta den informazioa dagoenez, beraz, ez dute behin betiko dokumentutzat jo; dena den, “errealitate objektiboaren irudi zorrotz eta hurbila” ematen du, Fernandezen arabera: “Bidegabeki hildako biktima bakoitzaren sufrimenduaren aurpegiaren erretratua da”.
Donostiakoa ez ezik, lurraldeko herrietako memoriak ere lantzen ari da Bake eta Bizikidetza idazkaritza. Horien bitartez, udaletako arduradunei “oroitzapenezko proiektuak egiteko baliabide egoki bat” eskaini nahi die. Uste du erakundeek “memoria kritiko bat” sustatzeko eginbeharra dutela, eta biktimen oroitzapenari “bizirik” eutsi behar zaiola.
Leave a Reply