“Programa aitzindaria da”

BTTa, BMXa, errepidea eta pista. Horiek dira Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak (Otxe) datorren astetik aurrera landuko dituen modalitateak. Izan ere, eskola hasiberriak formazio integrala emateko helburua du: “Programa aitzindaria da. Euskal Herrian formazio integrala ematen duten eskola bakarra da, eta atzerrian ere gutxi izango dira mota honetakoak”, azaldu du Arkaitz Iza eskolako zuzendariak.

12 eta 16 urte arteko nerabeentzat da. Formazioaren barruan, kirol arloa lantzeaz gain, arazo mekanikoak konpontzen erakutsi nahi diete. “Txirrindulariak buruaskeak izatea nahi dugu, hori ere garrantzitsua delako. Bestela, 18 urterekin ere, gurpila zulatu, eta gurasoei deitu behar diete, ez delako nola aldatzen den irakasten”.

Oinarri horiek finkatuta, datorren astelehenean hasiko dira ikastaroekin. Hala ere, Izak gogorarazi duenez, ekainera bitartean izena eman daiteke oraindik —Oarsoaldeko edozein kiroldegitan—. Egutegia zein izango den zehaztua dute jada. Horrela, hil honetan Ane Santestebanek eta Izak berak teknika eta mekanika emango dute, hurrenez hurren. Martxoan, berriz, pistaren txanda izango da eta apirilean errepidearena. Tenperatura epelagoak diren garaietan —maiatzean eta ekainean— BTT eta BMX motako bizikletekin egingo dute lanketa. Astelehen eta asteazkenetan geratuko dira, 18:00etan, Errenteriako Alaberga auzoko 4 zenbakian. Bertatik abiatuko dira, toki egokiagoetara, jarduerak egiteko.

Eskolak formazioaren irizpideak jarraitu eta lehiakortasuna alde batera uzten duen arren, lasterketei aterik ez diete itxiko. “Gure plangintzaren arabera, fase edo jarduera bat bukatutakoan, irteera bat egingo dugu asteburu batean”. Horrela, ikasleek eurek eskatuz gero, lasterketa edo martxa batera joango dira. “Hori bai, ikusi behar dugu nolakoa den euren teknika eta ea gai diren halakorik egiteko”. Horrez gain, datozen urteetan, Lezoko Allerru zein Errenteriako Laguntasuna taldeekin elkarlanean aritzeko asmoa du Otxek, lehia eta formazioa uztartze aldera.

Bide luzea atzetik

Proiektuarekin iaz hasteko asmoa zuten arren, asmoa atzeratu behar izan zuten, aurrekontua aurkezteko epera ez zirelako iritsi. Girizia elkartearen bidez egin zuten eskaria. Handik Oarsoaldeko Kirol Kontseilura joan ziren, eta han egin zuten eskaria, eskualdeko lau udalek babes zezaten.

Pedalei eragiten aurten hasi bada ere, bidea urratzen aspaldi hasi zen Otxe. Izak lehen urratsak gogoratu ditu: “Zazpi urte dira Oiartzun BTT lasterketarekin hasi ginenetik. Txirrindularitza sustatu, eta, aldi berean, herriari zerbait eman nahi genion. Girizia elkartearen barruan bizikletan zein eskaladan aritzen ginenak, gehienbat”. BTTko proba horrek izan duen parte hartze arrakastari esker, dirua pilatu du antolakuntzak. “Dirua ez da guretzat, eta, bizikleta martxa denez, horrekin zerikusia duen zerbaitetan inbertitzea pentsatu genuen”.

Hainbat proposamen aztertu ondoren, txirrindularitza eskola bat sortzea erabaki zuten, aldeko faktoreak eta kontrakoak kontuan hartuta. “Konturatu ginen zeuden eskolak errepidekoak bakarrik zirela, eta BTTkorik ez zegoela”. Gainera, Oiartzunen BMX pista bat daukate.

Horrela, “orain arteko eskemak hautsi” eta formazio eskola sortu zuten, eta eskualdeko jendea lotzen hasi ziren: Ane Santesteban eta Dorleta Eskamendi errepideko txirrindulari profesionalak, Mikel Astarloza txirrindulari ohia, Urko Munduate BTTn aritutakoa, Asier Maeztu eta Gorka Agirrezabala pistardak, eta Igor Eskudero eta Aritz Petrirena BMX modalitatean aritzen direnak.

Hasieran, Oiartzungo txirrindularitza eskola izateko bokazioz jaio zen proiektua, baina gerora Oarsoalde osora zabaldu zuten. “Behin maila horretako begirale horiek lortuta, herriko gauza txiki batean ezin zen geratu, lau katurekin”. Oiartzungo Udalari aurkeztu zioten egitasmoa. Lehenago ere eurak akuilatzen aritu zen, euren jarduera hedatzeko. “Eta guk horrela ibili izana eskertzen diogu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.