Hernaniko neskak prest dira trainerua uretaratzeko

Bizi-bizi dator Urumea ibaia Hernani parean. Lekualdaketan dabiltza arraun elkartean, tresnak egungo egoitzatik aldameneko eraikinera eramaten. Maialen ere han da —Maialen Lujanbioren omenez—, eraikin zaharrean oraindik. Hernaniko emakumezkoen trainerua, gaur ez dute uretaratuko; arraunlariak, ordea, entrenatzen hastekoak dira berehala. Ainhitze eta Añarbe Kalonje ahizpa eta arraunlariek Gipuzkoako Hitza hartu dute entrenamendua hasi aurretik.

Lehen aldia izango du aurten Hernaniko emakumezkoen traineruak. Bateletan ari dira orain, apirila bitarte, eta maiatzetik aurrera hasiko dira bete-betean trainerurako prestatzen. Debuta, ordea, otsailaren 21ean egingo dute, Orioko jaitsieran.

21 neska biltzen ditu taldeak; “ia denak berriak” traineruetan: Hernaniko hamabi arraunlari, Tolosako zazpi eta herri bakoitzeko patroi bana. Azken horietako bat da Añarbe. Traineruan aritutakoa da aurretik —2012an San Juanen arraunlari moduan—, baina inoiz ez patroi lanetan.

Ainhitzeri baino “gogorragoa” egiten zaio lana eta entrenamenduak uztartzea, eta hortik heldu zitzaion patroi izateko proposamena. Iaz, arrauna utzi egin behar izan zuen, denera iritsi ezinda, eta elkarteak berak planteatu zion aukera. “Entrenamenduak desberdinagoak direnez, errazagoa egiten zait nire aldetik entrenatzea. Errazagoak dira bakarrik egiteko”. Arraunlariek egiten dituztenetatik aparte, “ariketa gehiago” eskatzen ditu patroi izateko prestaketak; oreka lantzeko saioak, esaterako. “Pisu arina eta bizia behar du patroiak”, gehitu du Ainhitzek.

Astean gutxienez bost entrenamendu egiten dituzte; arraunlari guztiak, ordea, astean behin elkartzen dira. Tolosa eta Hernanikoak norbere herrian aritzen dira; hala ere, “antzeko” saioak egiten dituzte. Normalean, bitan aritzen dira gimnasioan, beste bitan ibaian batelekin eta astean behin Pasaian elkartzen dira denak traineru saioa egiteko.

Arraunlari izateaz gain, “psikologo lanak” egitea ere tokatzen zaio Ainhitzeri. Bateletan, Juanjo Etxarte dute entrenatzaile Hernanin, baina haren lan kontuak tarteko, laguntzaile aritzen da, “eguneroko jarraipena egiten”. Trainerurako prestaketaz, berriz, Etxarte eta Koteli arduratzen dira.

Harrobiko lana

Duela zortzi urte “harrobia lantzeko apustua” egin zuen Hernaniko arraun elkarteak, eta arrauna ikastera joateko deialdia egin zuten eskoletan, gazteen artean. 13-16 urte bitarteko zortzi gazte batu ziren, bost mutil eta hiru neska. Tartean zen Ainhitze; Añarbe, berriz, hiru urte geroago hasi zen. Hasieretan, “larri” ibili ziren bateletarako taldea osatzeko. Gutxienez bost kide behar dira —lau eta patroia—, eta behin baino gehiagotan geratu ziren atera ezinik: “Beti ibili gara justu; baten lanarengatik edo lesioengatik, batzuetan ezin izan dugu atera”.

Emakumezkoen trainerua osatzeko ideia atzetik dator. “Duela lau bat urte edo” hasi ziren horretan pentsatzen, eta iaz ikusi zuten posible ideia gauzatzea. “14-15 urteko gazte asko hasi ziren orduan. Talde indartsua sortu zen, eta pentsatzen hasi ziren 2-3 urtera jarraituz gero trainerua osatzeko kopurua izango zutela”, dio Ainhitzek. Iaz, zazpi arraunlari zebiltzan maila gorenean, eta beheko mailatik bospasei neska zetozela ikusita hasi zuten bidea.

Apirila bitarte bateletan lehiatuko direnez, “proba modura” hartuko dute Orioko jaitsiera. Denboraldiari dagokionez, berriz, ez dute helmuga jakinik jarri. Añarbek dioenez, “atera eta itxura emanez gero, pozik” egongo dira. Ahizpa ere ados dago: “Helburua da ordezkaritza bat izatea, eta urte honetan behintzat hor mantentzea”.

Lehen aldia dutenez, ez dakite nola ibiliko diren, baina ez eurak, ezta haiekin batera jardungo duten gainerako neskak ere: “Asko aldatzen dira traineruak; iaztik hona ere asko aldatu dira”. Badakite Gipuzkoako ligan ariko direla, Euskotren ligarako sailkapen fasea jokatuko dutela, eta Kontxako sailkapena ere hor dutela. “Sailkatuz gero, primeran, eta bestela ere, ondo. Gu ahal dugun guztiarekin aterako gara” .

Leave a Reply

Your email address will not be published.