Hots jostailu bat sortu, kontserbak egiten ikasi, gatza ekoitzi eta dastatu, eguzki eklipse partzial bat ikusi. Gipuzkoako 44 museotan aukeran dauden jardueretako batzuk baino ez dira. Gaurtik martxora bitarte, familia giroan egiteko 47 ekintza antolatu dituzte lurraldeko 25 herritako museoek. Sei astetarako eskaintza prestatu dute, sei gairen bueltan: burdina, artea, itsasoa, historia, gastronomia eta natura. 47 ekintzetatik hamabost tailerrak izango dira, 25 ibilbideak eta hamazazpi bisita gidatuak. Gaurtik igandera bitarte, burdinaren bueltan ariko dira Beasainen, Elgoibarren, Oiartzunen, Legazpin eta Zerainen.
Jolastera? museora izena eman diote egitasmoari, eta era ludiko batean haurrek ikasi eta imajinazioa lan dezaten ere bultzatu nahi dute. Zumalakarregi museoko Lurdes Azpiazuk “ametsezko bidaiak egitera” gonbidatu ditu haur nahiz gurasoak: “Iragana ezagutuz gaur egungo identitatearen oinarria aurkitzeko gonbita egiten diet familiei”.
Asteburu bakoitzari gai jakin bat eman arren, martxoaren 6tik 8ra arteko astea apur bat berezia izango da. Historiari lotutako jardueren barnean, emakumeak urteetan izandako tokiari egingo diote tartea. Igande horretan Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumeen lanaz ariko dira, esaterako, Eibarko armagintza museoan; Ezkio-Itsason eta Legazpin ere landuko dute gaia.
Ekintza bakoitzak bere xehetasunak ditu: batzuk doakoak dira, besteak, berriz, ordainpekoak; batzuk euskaraz, besteak ele bitan edo gazteleraz. Kontsultak eta erreserbak egiteko, Gipuzkoako museoen atarian aurki daiteke informazio guztia: www.gipuzkoakomuseoak.net.
Herri txikiak ezagutzeko
Herri handi eta txikietako museoek bat egin dute egitasmoarekin, eta halako proiektu batek bereziki herri txikiengan duen eragina nabarmendu du Aitor Larrañaga Leintz-Gatzagako Gatz Museoko arduradunak. Haren arabera, museoek landa garapenean zuzeneko eragina dute, bisitan doazenek herriko jatetxe eta denda txikietan kontsumitzen baitute.
Horrez gain, egiten dutena ezagutzera emateko baliagarria dela uste du: “Baliabide urritasuna dela eta, zailtasunak izaten ditugu askotan promozio lanak egiteko; zail egiten zaigu modu eraginkor batean hemen gaudela esatea”. Beraz, horrelako egitasmoek “asko” laguntzen diete beste museoen eta kultur artean nabarmentzen.
Herrietako museoak eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean aritu dira egitasmoa abiatzeko. Ikerne Badiola diputazioko Kultura diputatuak azaldu duenez, proposamen “berritzailea” da, halako ekinbide bat egiten duten lehen aldia baita. Gainera, orain arte izandako erantzuna “ezin hobea” izan dela dio, egitasmoarekin bat egin duten museoak kontuan hartuta. “Anbizio handiko proiektua da. Elkarlanaren bidez gauza asko eta ederrak egin daitezkeela erakusten du”.
Kultura Saretzen proiektutik dator ideia. Iaz, herrien eta aldundiaren arteko sare bat osatu zuten, kultur arloko eragileekin batera. Elkarrekin lanari “etekin gehiago atera eta beste esperientzietatik ikastea” zuen helburu, eta, hausnarketa “sakon” baten ondoren, kezka nagusi batekin egin zuten topo: urteko lehen hilabeteetako programazioan zegoen hutsunea. “Arazo” horri irtenbidea eman nahian antolatu dute, hain zuzen, Jolastera? museora.
Urteko gainerako garaietan ere izaten dira ekintzak museoetan; baina oraingo honetan bereziki, Zumalakarregiko arduradunak argi du ez dagoela ez parte hartzeko “aitzakiarik”: “Erakargarria, dibertigarria, interesgarria, harrigarria eta, zenbait kasutan, ausarta izango da”.
Leave a Reply