Chantal Akerman Belgikako zinemagile, idazle eta ekoizleari eskainitako zikloa abian da Tabakaleran. Urtarriletik martxora bitarte, haren hainbat lan ikusteko aukera dago Donostian. Gaur, Un Jour Pina M’a Demandé filma (1983) emango dute, 19:00etan, Tabakalera Sukaldean. Doakoa da sarrera.
Marion Cruza artista bizkaitarra da Akermanen zikloaren komisarioa. Hala aurkeztu du gaurko filma: “Entseguak, kamerinoak eta ikusgarriak. Dantza, dramaturgia eta zigarro lagungarriak. Bost aste Pina Bausch eta bere dantzariak jarraitzen”. Komisarioak dioenez, Bauschek “enigmak bistaratzen ditu, estereotipoak, ohiko keinuak”, eta Akermanek horiekiko maitasuna du ezaugarri komun Bauschekiko.
Guztira, Akermanen hamar pelikula aukeratu ditu Cruzak Tabakalerako ziklorako. Gaurko saioaren ondotik, beste lau emanaldi antolatu dituzte: otsailaren 27an, Saute Ma Ville (1968), J’ai faim j’ai froid (1984) eta L’homme à la valise (1981) emango dituzte; martxoaren 2an, Jeanne Dielman, 23 Quai du Commerce, 1080 Bruxelles (1975); eta martxoaren 3an, D’est (1993). Tabakalerak eta Kaxilda liburu dendak elkarlanean antolatu dute zikloa, Arrakalatuta programaren barruan.
Akermanekin solasean
Pelikulen emanaldiez gain, beste zenbait jarduera ere izango dira Akermanen lanaren inguruan. Martxoaren 3 eta 4an, esaterako, Ni, zu, Chantal mintegia egingo dute, Kaxildan. Keinuek eta koreografiak bere lanean duten lekuaz hitz egingo dute, eta besteekiko distantzia nola jorratzen duen ere landuko dute. Ingelesez izango da, itzulpen aukerarekin, eta beharrezkoa da aurretik izena ematea; lekuak mugatuak dira.
Martxoaren 5erako, berriz, elkarrizketa prestatu dute zinemagilearekin, Antzoki Zaharrean. Cruza komisarioak ere parte hartuko du. Jarraian, Toute une nuit filma (1982) eskainiko dute.
Leave a Reply