“Arkitekturan, 36ko gerrak ez zuen etenik ekarri”

Errenteriako udal arkitektoa izan zen urte askoan Enrique Ponte Ordoki (Donostia, 1944), 1990eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzako ardurak hartu zituen arte. Garraio Azpiegiturako (1995-1999) zein Hirigintzako zuzendaria (1992-1995) izan zen Lakuan egon zen bitartean. Orain, erretiroa hartuta, ikerketari ekin dio. 36ko gerra ondorengo hiri garapena aztertu du La construcción de la ciudad: Gipuzkoa 1940-1976 tesian.

36ko gerra ondorengo Gipuzkoako hiri garapena Espainia- ko eredu gisa erabili zutela defendatu duzu zure tesian. Nolatan?

Arkitekturako lehen zuzendari nagusia Pedro Muguruza Otaño izan zen. Muguruza gipuzkoarra zen, elgoibartarra. Francok izendatu zuen, eta Erorien Haranaren egilea izan zen. Arkitekto hark herrialde bakoitzeko antolamendu bat egon zedin lortu nahi zuen, eta udalerri bakoitzak bere antolamendua izan zezan. Gaur egun udalerri guztiek dituzten antolamendu plan orokor horiek; ordura arte, ez ziren existitzen. Antolamendurako teknika berria zen, baina gerra aurretik zetorrena. Izan ere, politikoki etena erabatekoa izan zen bezala, arkitekturan 36ko gerrak ez zuen etenik ekarri. Espainiako errepublikan zein Europan abangoardiak ekarritako mugimenduen jarraipen bat gertatu zen gerra ondoren.

Jarraipen hori zertan islatu zen?

36ko gerraren ondoren bakartzea eta prekaritatea erabatekoak izan ziren. Kontuan hartu behar da Europan II. Mundu Gerra zegoela. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako lurraldea neurri batean pribilegiatua izan zen, gerra bitartean eskuindarren habia izan zelako, eta Francok udaldietarako toki gisa aukeratu zuelako. Horren eraginez, hemen bazegoen beste toki askotan ez zegoen jarduera.

Testuinguru horretan, Pedro Muguruzak erabaki zuen hemengo antolaketa Espainiako estatuko udalerri eta probintzia guztietara eramatea. Aurrez halakorik ez zegoenez, probako esperientzia bat egin zuen, eta Gipuzkoa aukeratu zuen horretarako. Gipuzkoako Antolamendu Plana sortu, eta plan hori baliatu zuten Gipuzkoako udalerri guztietan ordura arte existitzen ez ziren antolamendu orokorrerako planak gauzatzen hasteko.

Muguruza ez zen izan garai hartan eragin handiko arkitekto gipuzkoar bakarra, ezta?

Muguruzarekin batera, bazen beste arkitekto bat, Pedro Bidagor. Donostiako Parte Zaharreko falangista bat zen. Gipuzkoako Antolamendu Planaren ardura hark izan zuen. Hirigintzako Zuzendari Orokorra izan zen, eta, 1957. urtean, Etxebizitza Ministerioa eratu zenean —ordura arte ez zen existitzen—, hirigintzako lehen zuzendari nagusi izan zen.

Garai hartako etxebizitza sozialak ere ikertu dituzu.

1920ko hamarkadan sozialdemokraziak Europan garatutako esperientziak gauzatu ziren garai hartan, batez ere Vienakoak eredu hartuta. Antolamendu orekatu eta arrazionalak dira, erraz antzeman daitezkeenak, etxebizitza baxuak, eta garrantziaren arabera ekipamenduak bil ditzaketenak.

Hemen, Errenterian, Alaberga auzoa da horren adibide argia. Alaberga Obra Sindical del Hogar erakundeak eraikitako auzoa da, eta Gipuzkoan badira antzeko beste batzuk ere. Antolamendu interesgarriak dira, pobreak, material eta diru eskasiaren eraginez, baina errepublika garaian indarrean zeuden irizpideei eusteko borondate argiarekin. Auzo horietan ikusten da, politikoki ez bezala, arkitekturan jarraipen bat gertatu zela, arkitektoek gerra aurretik indarrean zegoen lan egiteko moduari eutsi ziotelako.

Alaberga auzoaren antzekoek zein ezaugarri zituzten?

Alaberga da Obra Sindical del Hogar izenekoak Gipuzkoan eraikitako auzorik handiena. Ordizian bada beste bat oso interesgarria, bai eta Elgoibarren ere, Muguruzak berak eraikitakoa; eta Irunen, hura ere Muguruzarena. Etxebizitza horiek hiri antolamendu bat lortu nahi dute, plazarekin, u formarekin, eta hirian ondo txertatutakoak dira. Alaberga, esaterako, garai bateko N-1 errepidera begira eraikitako auzoa da, identitate handikoa. Mendi magalean gora eraiki zuten, baina urbanizazioaren barruan eskola eta eliza ditu, bai eta bestelako ekipamenduak ere. Auzo haiek bizilagun unitate modukoak ziren, zerbitzuen ikuspegitik beharrezkotzat jotzen ziren guztiak jasotzen zituztenak. Errenteriako Beraun auzoarekin alderatuz gero, argi ikusten da jada ez dagoela halako borondaterik. Etxebizitza blokeak altxatu beste borondaterik ez dago Beraunen, eta zenbat eta altuago hobe.

Errepublika garaiko ereduarekiko haustura noiz gertatu zen?

1957. eta 1958. urte inguruan hasi zen haustura. Diktadura pixkanaka aldatzen hasi zen, enbaxadak ireki zituzten eta desarrollismo esaten zaiona ezarri zen. Gipuzkoara zehazki, lantegi asko zeudenez, jende asko iritsi zen, eta jende horrek guztiak etxe premia sortu zuen. Hor hasten da nire tesiaren bigarren zatia.

Zer defendatzeko?

Desarrollismoarekin batera hiria egiteko borondatea desagertu zela; hau da, antolamendu arrazionalak egiteko borondatea, eta hiriarekin ondo lotutako urbanizazioak eraikitzeko asmoa desagertu zen. Horren ordez, Gipuzkoan, topografikoki hain eremu zaila izanik, mendi magalak okupatzen hasi ziren. Nik, Errenteriako kasua aztertu dut, eredu horren paradigma delako, baina Eibarren, Ibarran, eta beste toki askotan gertatu zen fenomenoa da.

Etorkinen fenomenoak ez ezik, zerk eragin zuen halako aldaketa bortitza?

Ordura arte, 50tik gora langile zituzten lantegiek derrigorrezkoa zuten langileei etxebizitza bat eskaintzea, betiere alokairuan. Baina desarrollismoarekin batera, beste figura bat azaleratu zen, etxe sustatzailea, eta, harekin batera, etekina lortzea bihurtu zen lehen helburu. Jadanik ez zeukaten antolamenduarekiko kezkarik; plazak, pasealekuak, kaleak… etxebizitzen eraikuntza gero eta dentsitate handiagokoa izango da, erakundeen onespenarekin, eta kontuan hartu gabe loturak, azpiegiturak, ekipamenduak…. Gipuzkoa osoan daude halako adibideak: Arrasaten, Bergara, Zumarragan…

Noiz arte iraun zuen horrek?

1970eko hamarkadan, jendea kezkatzen hasi zen; espaloirik eza, saneamendu sarerik ez, argiztapenik apenas, eskolarik ez… Etxebizitzak baino ez zituzten eraikitzen, eta, gainera, askotan, arazoekin. Hainbat arkitekto lan egiteko modu horren kontra altxatu ziren. Franco hil ondorengo garaiak dira, eta ordutik aurrera eredua aldatu zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.