Donostian 26 konpartsak parte hartuko dute biharko desfilean

Kaldereroen bisitaren ondotik, inauteriak iritsi dira Donostiara ere. Astelehenera bitarte mozorro festak hartuko ditu hiriko auzo ugari; atzotik, dagoeneko, jai giroan dabiltza: dantza saioak eta joaldunak izan ziren Parte Zaharrean, besteak beste. Momo jainkoa ere hirian da; bost egunez hiriko aginte makila izango du hark.

Urtero bezala, bihar egingo dute konpartsa eta karrozen desfilea, 17:00etan. Bulebarrean hasi eta bukatuko dute ibilbidea, eta 26 konpartsak parte hartuko dute aurten. Igandean, goizetik ekingo diote festari, Dianarekin, eta 11:30etik aurrera haurren desfilea izango da. Eguneroko ekintzetan bezala, inauteriei bukaera emateko segizioan ere jendetza espero dute: deabruak, maindirez jantzitako pertsonaiak, dragoiak eta beste hainbat lagunek hurrengo urtera arte agurtuko dituzte inauteriak, astelehenean, 19:30etik aurrera.

Konpartsen eta txarangen doinuek hartuko dituzte egunotan Donostiako kaleak; horiez aparte, ordea, bestelako musika eskaintza ere izango da. Bihar, Bide Batez erromeria taldea ariko da Konstituzio plazan, 23:30etik aurrera. Ordu berean, The Joselontxo’s txarangak, Taupada batukadak eta Rockalean taldeak musika jarriko dute Parte Zaharreko kaleetan. Igandean, kalejira egingo du The McKensy’s Clan Band taldeak, 19:00etatik aurrera, Bulebar inguruetan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.