Eider Goenaga Lizaso
Asteazkena da Ordizian. Plaza Nagusiko estalpea inguruko baserritarren postuek betetzen dute. Handik metro gutxira dago D’elikatuz, Elikaduraren eta Gastronomiaren interpretazio zentroa. Eta bigarrena ezin da ulertu lehenengoa gabe. Hala azaldu du, behintzat, Gema Lopez (Ordizia, 1971) Ordiziako turismo bulegoko teknikariak. Hamabi urte dira D’elikatuz sortu zela, eta ordutik elikadura, nutrizioa, gastronomia eta Goierriko turismo eskaintza izan dira haren lan ildoak. “Ordizian zentro hau sortzearen arrazoia azoka da. Gure jarduna eta ardatza elikadura, nutrizioa eta gastronomia dira, eta gai horiek ez genituzke landuko Ordizian halako tradizioa duen azoka egingo ez balitz”.
Historia luzea du Ordiziako azokak. XI-XII mendeetan hasi ziren egiten, San Bartolome ermitaren inguruan. Historia gorabeheratsua izan arren, trenaren etorrerak eman zion sendotasuna eta bultzada 1860ko hamarkadan. Egun, 1925ean eraikitako estalkiaren pean egiten da, asteazkenero, eta inguruko baserritarrek euren produktu onenak eramaten dituzte bertara. “Azoka kalitatezko produktuen salmenta puntua da eta bere erreferentzialtasunari eta erakargarritasunari merezi duen garrantzia eman nahi diogu D’elikatuz-en”.
Hiru solairu
Goierriko Interpretazio Zentroa eta turismo bulegoa daude D’elikatuz-en lehen solairuan. Informazio bulego gisa jarduten du, eta bisitariak Ordiziari zein Goierriri buruzko informazioa jasotzen du han. “Dena den, sortu ginenetik asko aldatu da turismoa egiteko modua; egun, jende gehienak Interneten topatzen du informazioa. Horregatik, beste bi solairuek pisu gehiago dute, eta horiek izan dira gehien landutakoak”.
Elikadura eta nutrizioari buruzko edukiak daude bigarren solairuan. Historiaurretik gaur egun arte gizakiaren elikadurak izandako bilakaera aztertzen da bertan jarritako paneletan; “garai batean zein jakik osatzen zuten gure dieta, eta hori nola joan den aldatzen, gaur egun arte”. Elikaduraren piramidea da bigarren solairuko protagonistetako bat, eta D’elikatuz bisitatzen duten ikastetxeetako ikasleekin horren inguruko lanketa egiten dute, umeei elikadura osasuntsu batek nolakoa izan behar duen erakusteko. “Batez ere, solairu hau da eskolako umeek bisitatzen dutena, bertan baitauzkagu haientzat prestatutako unitate didaktiko gehienak”.
Self-service interaktiboa ere horrekin lotuta dago. Bisitariak erretilua hartu eta elikagaien fitxekin bere menua osatu behar du; ondoren, modulo informatiko batek esaten dio egin duen aukerak elikadura osasuntsu baten irizpideak betetzen dituen edo ez. Pisatu, neurtu, norberaren bizi ohiturak eta elikadura ohiturak sartu, eta horren araberako azterketa egiten duen modulo informatikoa ere solairu berean dago. “Dieta pertsonalizatu bat egiten dizu, informazio guztia aztertu ostean”, azaldu du Lopezek.
Atal berean daude, halaber, jakiak kontserbatzeko prozedurei buruzko panelak, zapore eta usainekin esperimentatzeko gunea, eta malnutrizioari eta desnutrizioari buruzko atala. “Munduko mapa batekin, errealitatea zein den azaltzen saiatzen gara; Lehen Mundua deitzen dugun honetan kaloriak neurtzen ari garen bitartean, beste batzuk ezin iritsi ibiltzen direla. Ume zein helduentzako bideoteka batek osatzen du atal hau”.
Hirugarren solairuko bisita Ordiziako azokari buruzko ikus-entzunezko batekin hasten da. Garai bakoitzeko produktu nagusiak ere aztertzen dituzte bertan, eta produktu guztien artean, bat nagusi: “Idiazabalgo gaztak bere toki propioa du. Izan ere, Goierrin oro har, baina batez ere Ordizian Idiazabalgo gaztak garrantzia handia du, eta horregatik bere tokia merezi zuen”.
Azokarekin lotura estuan sorturiko museoa izanik, zalantzarik gabe dio Lopezek asteazkena dela D’elikatuzek bisita gehien jasotzen dituen eguna. “Jendeak biak bisitatu nahi izaten ditu, bai ikastetxeetakoek eta bai bestela ere”.
Leave a Reply