Egur labean eta eskuz egitea, horra euskal pastelaren sekretua

Berriatuko (Bizkaia) Elizburu baserria gozogintza lantegi bat da. Handik irteten dira Labegur euskal pastelak; baina ez horiek bakarrik: ogiak, pastelak eta abarrak ere pasatzen dira egur labetik, kontsumitzailearengana iritsi baino lehen. Gurasoek erretiroa hartu ondoren, Lourdes Malaxetxebarria alabak hartu zien lekukoa, eta hasieratik Labegurren ikur izan diren ezaugarriei eusten die oraindik: eskuz egindako produktuak eta zuzeneko salmenta dira Labegurren zutarriak.

Badira 25 urte Labegur martxan jarri zutenetik. Ogia eta euskal pastela egiten zituzten hasiera batean, eta pixkanaka, bestelako gozoak gehitu dizkiote eskaintzari. Malaxetxebarriak dioenez, euskal pastela da gehien saltzen dutena, baina hortik aparte ere, askotariko produktuak dituzte: arroz tarta, sagarrarena, txokolatezkoa, ahabiarena, gaztarena; pastak, txokolatea —zuria eta beltza—, magdalenak, muffin-ak…

Egur labearekin egiten dute lan, eta, Labegurren arrakastetako bat hori izan daitekeen arren, Malaxetxebarriak ezinbesteko deritzo kalitatezko lehengaiak izateari: “Lehengai onak izatea da emaitza on bat lortzeko lehen pausoa, baina baita eskua ere. Lehengaia ona bada baina eskurik ez…Eta, noski, mimo asko jartzea”. Baserriko esnea erabiltzen dute gozoak egiteko.

Urteen poderioz, errezetak “hobetuz” joan dira; “eskua hartu ahala, lehengaiak hobeto ezagutzen dira, zein den bestea baino hobea…”. Etxean ikusitakotik ikasi du Malaxetxebarriak, eta ezagutza hori ikastaroekin osatuz joan da apurka-apurka. Tresneriari dagokionez, berriz, ez dute aldaketa nabarmenik egin urte guzti hauetan, ia guztiz eskuz lan egiten baitute: “Adibidez, oratzeko makina berbera dugu labea zabaldu genuenetik”.

Urtetik urtera eskaintza zabaltzen joan diren bezala, 2006. urtean beste urrats bat egitea erabaki zuten, eta ekoizpen lerro berri batekin hasi ziren lanean: ekologikoa. “Mundu interesgarria da; naturala da, eta merkatuaren aldetik ere badago eskaria”, dio Labegurreko arduradunak. Ekoizteko moduak ohikoaren berdina izaten jarraitzen du; soilik osagaiak aldatzen dituzte. Euskal pastela, ogia eta intxaur pasta egiten dituzte modu horretara. Euskal pastel tradizionalak zein ekologikoak, bakoitzak bere bezeroak ditu, Malaxetxebarriaren arabera: “Batzuek guztia %100 ekologikoa nahi dute, besterik ez. Beste batzuek, berriz, tradizionala nahiago dute”. Azoka ekologikoetan bereziki “ondo” saltzen dute euskal pastel ekologikoa. Oro har, azoken bitartez saltzen ditu produktuak batik bat Berriatuko gozogileak; “%95”, gutxi gorabehera. Gipuzkoan eta Bizkaian aritzen dira.

Aurrera begira, oraingoz ez dute produktuen eskaintza gehiago zabaltzeko asmorik; bakarrik lan eginda, Malaxetxebarriak badu lana oraingoz. Egun seinalatuetan, ordea, bestelako gozoak ere eskaintzen ahalegintzen dira: Gabon garaiaren bueltan, esaterako, turroiak egiten dituzte.

EUSKAL PASTELA

Ekoizlea: Labegur.

Helbidea: Elizburu auzoa, Berriatua (Bizkaia).

Telefono zenbakia. 94-613 90 85.

Eskaintza: Otsailaren 18ra arte da eskaintza.

Produktua erosteko: www.euskalherrikoplaza.com

Leave a Reply

Your email address will not be published.