Goretexak, garrasika

Badakit aspalditik pentsatzen duzula: nire edozein zutabe zuk zeuk ere idatzi ahal izango zenuke. Ez zaizu arrazoirik falta, ez horixe. Nireak are errazago, baina egunkari honetako ia edozein ere bai. Iritzigile izateko etsai pare bat bakarrik behar baita. Noren aurka ari zaren argi izanez gero, aitzakia koiuntural bat nahikoa duzu teklak astintzen hasteko. Betiko topikoak eguneratzeko ordu erdiko ariketa, eta kito.

Demagun BERRIAko seigarren orrialdean erortzen zarela. Espainiako eta Frantziako gobernuei zartadak banatzeak ederki funtzionatzen du hor. Ingurumariak politikarien azken ateraldien berri ematen duten albisteekin beteak dituzunez, haiek piztuko dizute metxa, lasai. Hamargarrenean, hizkuntz politika kritikatzea edo matxismoa deitoratzea tokatuko zaizu, asteko nobedadeen arabera. Hamalaugarrenean ez duzu hutsik egingo bankari eta oligarken maltzurkeria salatuta. Orrialde pare bat harantzago, herrialde inperialistek dute guztiaren kulpa. Iritzi sailean aritzea bai mauka erabatekoa. Zure arerioak aukera ditzakezu, aipatutako guztien artean.

Niri ere, Gipuzkoari buruzko gehigarriarekin bat egite aldera, lurraldeko biztanleen ongizatea mehatxatzen duten mamuak identifikatzea tokatu zitzaidan aspaldi. Argi ditudanetik, tarte honetako testuak odolkiak balira bezala ekoizten ditut. Integrismoa eta faltsukeria dira nire jomuga. Izan nadin zehatzagoa. Mendi maratoiak korritzen dituzten fanatiko erlijiosoen eta Goretexa jantzita ogia erostera jaitsi eta azkar asko igogailua hartuta sofara itzultzen diren naturazale gezurrontzien aurka idazten dut ia beti. Hainbeste, non nire anaiak beti matraka bera errepikatzea aurpegiratu ohi didan.

Aste honetan ere, kontatu berri didaten zerbaitekin zutabea hamar minututan prest izango nuela uste nuen. Gurean hain estimatuak diren arropa teknikoekin hornitzeko Aliexpress izeneko webgunea (Amazon txinatarra edo) erabiltzen hasi omen da gipuzkoar andana. Imitaziozko North Face jakez gain, trekkingeko oinetako edo potentzia handiko sakelakoak eskuratzen omen dituzte horrela, kale nagusian baino askoz merkeago.

Argumentuaren haria prestu bururatu zitzaidan: Gipuzkoako kirolaren integristak haien sosekin kapitalismo gordinena eta haurren esplotazioa sustatzen ari dira. Baina, buelta pare bat eman, eta nire argudioen ahuldadeaz ohartu nintzen. Donostiako saltokietan erositako Quechua-k, Nike-ak edo euskal marka moderno ezagunenak ere Asiako hego-ekialdean ekoizten dira, batek daki zein egoeratan. Are okerrago, nire janzki esklusibo eta ezin dotoreagoak ere bai. Aliexpressi on line edo Aitor Mendizabali erosi, bitartekoen kopurua bakarrik aldatzen da. Joko ankerra berbera da, katearen hasieran beti aurkituko dugu haur esplotatu berbera.

Behingoagatik integristak bakean utziko ditut, bada, haiei egurra partitzeko zutabea ezerezean geratu baita. Izenburua beharko du ordea pieza honek, eta abagune berezi baterako urte luzez gordeta neukan titular dotore askoa gaur agortuko dut. Goretexak, garrasika bikaina porrot egindako artikulu baten gainaldean geratuko da betirako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.