“‘Atea hor dago’ esaldia euskaratzeko eskatu zidaten euskara azterketan”

Imanol Gomezek gogor lan egin zuen DBuserako lan poltsa osatzeko probak gainditzeko. Aurkeztu ziren 500 lagunetako bat izan zen, eta proba gainditu zuten 45 langileetako bat da. Euskara azterketa egitekotan zen, Donostiako Auzitegiak proba baliogabetzeko erabakia kaleratu zuenean. Kaltetuetako bat izan arren, oraindik ez du ofizialki jaso joan den astean EAEko Auzitegiak kaleratutako ebazpenaren berri. Bere eskubideen defentsan eta euskararen alde azkeneraino borrokatzeko prest agertu da, ordea.

“Nik ahalegin handia egin dut proba hauetara aurkezteko. Asko ikasi behar izan nuen. Eta Diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) besterik jasotzen ez dudan arren, nire dirutik ordaindu dut euskaltegia. Nik ahalegina egin badut euskara ikasteko, besteek ezin al dute egin?”. Hala, proba hasieratik baliogabetzen bada, argi du auzitara joko duela. Uste baitu UGTren arabera baldintzak aldatu dizkieten 56 langileren eskubideak urratu diren bezala oraingo egoerak bere eskubideak eta berarekin batera azterketa gainditu zuten beste 44 lagunenak urratzen dituela.

Galdutako aukera

Gomez DBuseko beste hiru langilek lagunduta azaldu da, eta guztien ahotan euskara hizpide, guztien ahotan euskarak aurrera egitearen kontrako azken erabaki judiziala. Aitor Lasarte gidariak erabiltzaile euskaldunen hizkuntz eskubideak urratzen direla esan du, eta horiek direla galtzaile handienak. Eta iazko epaiak esaten zuen arren Donostian gero eta gutxiago erabiltzen dela euskara, berak kontrako pertzepzioa jasotzen du erabiltzaileengandik. “Ospitaleetara joaten den linea, adibidez, donostiarrek ez ezik, Gipuzkoa osotik etorritako jendeak erabiltzen du; eta horretan euskara gaztelera baino gehiago entzuten da”.

Bestetik, aurreko epaiak zioen gidariak ez duela zertan bidaiariekin hitz egin. “Hitz egin behar dugu, noski, eta azalpenak eman. Eta asko ez dira gai”.

Euskararen aldeko borroka ez da berria DBuseko langile hauentzat. Izan ere, euskarari ez omen zaio inoiz garrantzi handirik eman konpainia horretan, eta orain kezkatuta daude ez ote den galdutako aukera bat izango. Fidel Arizmendi LABeko kide eta langile batzordeko kidea da. Oso gogoan du orain dela 14 urte DBusen sartu zenean eginiko azterketa. Lasarteri egin dio galdera. “Gogoratzen zara? Hiru esaldi euskaratu behar genituen, eta beste hiru gaztelerara pasatu behar ziren. Bada, horietako bat zen ‘atea hor dago'”.

“Eta, gainera, ez erantzunda ere ez zen ezer gertatzen”, gaineratu du Josu Zubeldiak, Kurpil sindikatuko kideak. Azterketaren %5 bakarrik balio zuenez, gainerako guztia ondo eginda nahikoa izan zitekeen lanera sartzeko, euskaraz hitz bakar bat ere jakin gabe.

Hori aldatzea ezinbesteko jotzen dute gidariek, baina aldaketak UGTri ematen dion beldurra jarri dute auzi honen guztiaren atzean. Izan ere, UGTk beti izan du gehiengo osoa DBusen, baita egin berri diren hauteskunde sindikaletan ere. “Esaten dute ez dutela ezer euskararen kontra, baina jende euskalduna sartuz gero, beldur dira euren nagusitasunarekin zer gertatuko den”. Bestalde, konpainiako langileen artean beti esan izan omen dute UGTkoa izanez gero errazagoa dela enpresara sartzea. “Kasualitatea al da azken hiru hauteskunde sindikaletan UGTk beti 195 botoren bueltan lortzea?”.

Beste deialdi bat

Ez Gomezek, ez beste gidariek ez lukete ondo ikusiko beste deialdi bat egin behar izatea. Haien arabera, guztiak aterako lirateke galtzen; bai erabiltzaileak, bai proba egin dutenak eta baita lanean ari diren eta ordezkapenik ez duten gidariak ere. “Agian gauzak ez dira behar bezala egin, baina egindakoa atzera botatzea ez litzateke bidezkoa”, dio Gomezek.

Arizmendiren ustez, agian lan poltsan banaketa egitea litzateke aukeretako bat. Barruko langileei irizpide batzuk jartzea eta euskara derrigortasuna soilik kanpokoei ipintzea. “Agian horrela onartuko lukete”, dio, UGTri buruz.

Guillermo Apariciok, ordea, argi du. Erretiro aurreratua du, eta urte asko egin ditu DBusen lanean. Gazteleraz hitz egin arren, euskaraz hitz egiteko eskatzen die besteei. “Bestela, ni ari naiz zuek diskriminatzen; zuen eskubidea da euskaraz egitea. Eta gauza bera autobusean; euskara ofiziala den unetik, erabiltzaileak eskubidea du euskaraz hitz egiteko. Hori konpontzeko modu bakarra hizkuntza profilak eskatzea da, gainerako tokietan bezala. Erdibiderik gabe; jendeari begira baldin bazaude, euskaraz jakin behar duzu, eta kito”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.