Hezkuntzarako eta prestakuntzarako gunea izango da Beasaingo Antzizar kiroldegian eraikitzen ari diren zentroa. Herri kiroletarako baliatuko da; profesionalentzako gune bat da, baina, batez ere, eskola kirolean dabiltzanek herri kirolak ezagutzeko eta probatzeko helburua du, Ikerne Badiola (Zumarraga, 1971) Gipuzkoako Aldundiko Kirol diputatuak azaldu duenez.
Zein behar ikusi ditu aldundiak eta federazioak herri kiroletarako gune bat sortzeko?
Aldundira iritsi ginenetik ardura genuen, ikusten genuelako gazte askok ez zutela herri kirolen berri, ez zituztela herri kirolak ezagutzen. Hortik hasi ginen lanean, ardura horri irtenbide bat eman nahian. Prestakuntzari eta hezkuntzari lotutako zentro bat izango da, gune bat, ez horrenbeste herri kirolen teknifikazioari lotutakoa. 2013an hasi ginen lanketarekin, orduan bukatzen baitzen ordura arteko kirol instalazioen plana.
Zer lortu nahi duzue?
Umeak txikitatik has daitezela herri kirolak ezagutzen, probatzen, zer diren ikusten. Herri kirolak ezagutaraztea da helburua, umeek eta gazteek gureak diren betiko kirolak ezagut ditzatela. Herri kirolak baserritik herrira bideratzeko leku bat izango da. Horretarako hasiera bat izango da gune hau, bertatik mugimendu bat bultzatzeko.
Teknifikazio zentro izena eman diozue, baina teknifikazioak zein leku izango du?
Askotan, teknifikazioa esaten denean, goi mailako prestaketa ulertzen da, goi mailan dabiltzanentzako zerbait izan behar duela; proiektu honen helburua, baina, herri kirolak teknifikatzea da. Batetik, herri kiroletan murgiltzea eta murgilduta daudenean beren teknika hobetzeko aukera izatea, horretarako gune zehatz batean, prestakuntza eta hezkuntza oinarritzat hartuta. Eta bestetik, entrenatzeko eta beren teknika hobetzeko aukera izatea profesional mailan dabiltzanek. Baina, guretzat, heziketa da garrantzitsuena.
Zergatik aukeratu duzue Beasain zentroa kokatzeko?
Beasainen eta Goierrin beti egon izan da herri kiroletarako zaletasuna, eta beti bultzatu izan dira. Horri lotuta, aukera suertatu zen, herriko kiroldegian ia zazpi urtean erabilerarik eman ez zaion gune bat zegoelako. Igerileku estalia zegoen orubean ari dira lanak egiten, eta ia 300 metro koadroko eremua geratuko da. 2016ra arte martxan dagoen instalazio planen barruan dago sartuta proiektua, beste 40 planekin batera.
Nolakoa izango da gune horren kudeaketa?
Aldundiak gauzatu du proiektua federazioarekin batera. Lanak martxoaren erdialderako bukatuta egongo dira, eta, irailetik aurrera, 2015-2016ko ikasturtearen hasieran, hasiko da proiektua garatzen. Goierriko herri guztietan eskola kirolean dabiltzan umeekin eta gazteekin programa bat jarriko dugu martxan. Programa hori martxan jartzen denean ikusiko dugu benetako funtzionamendua zein izango den, jendeak erakusten duen interesaren arabera. Martxotik irailera bitartean, eskola kirolean dabiltzanei prestakuntza eskainiko zaie. Herri kiroletan aritu ahal izateko materiala egongo da bertan, pista zabal baten inguruan kokatuta dauden gela batzuetan. Bakoitzak behar duen materiala hartuko du, eta erdiko pista horretan arituko dira.
Herri kiroletako profesionalek zein tarte izango dute?
Gune guztiz irekia izango da, eta nahi duten profesional guztientzat. Hori da gure helburua ere, gazteak gune horretara biltzen direnean profesionalak bertatik bertara edukitzea, zertan eta nola aritzen diren ikustea, ezagutzea. Gazte horientzat erreferente bat izan daitezela. Profesionalen eta gazteen artean harremana sortzea da helburua, horrek gazteak motiba ditzakeelako.
Eta herri kiroletan trebatu nahi duen baina profesionala ez den besteren batek?
Horientzat ere irekita egongo da. Azken finean, herri kirol mundua, eta sortzen duen giroa, sustatu nahi dira, eta ez profesionalen artean bakarrik, gizarte osoan baizik. Lagun giroko apustuetarako prestatu nahi duenak ere, adibidez, erabili ahal izango du.
Beasaingoa izango da lehen zentroa. Etorkizunean gehiago aurreikusten dituzue?
Oraingoz, Beasaingoa izango da gune erreferentea, eta, etorkizunean, beharren arabera ikusiko da. Baina helburua ez da Beasaingo gunea mimetikoki beste eskualde batzuetara eramatea. Gehiago da teknikariak eta materiala edukitzea eta, unean-unean, behar den lekura mugitzea. Beasainen dago, eta, printzipioz, goierritarrentzat izango da, baina helburua Gipuzkoa osora zabaltzea izango da, noski.
Leave a Reply