Halloween gauean bere tabernan antolatu zuen festan sartu zidan Benek ontzitxoa berokiko patrikan. “LSD likidoa da, ondo pasa!” esan, eta lankidearekin metro bateko pitxer erraldoi batean edabe bitxi bat prestatzen hasi zen, kolore biziko edukidun botila andana bertara nahastuta. “Galanta sartu nahi izan zidak tipoak gaur ere ontzitxoaren kontuarekin!” pentsatu, eta ahal zuenerako beste Rollberg gorri bat eskatu nion.
Astebete edo pasatu zen berokia berriz jantzi eta patrikan zerbait ahazturik nuela konturatu nintzenerako. Bitxia zen ontzitxoa. Gardena, gaztaina baten tamainakoa, gomazko estalki batekin. Barrukoa Benek tabernan sortu ohi dituen txupito zoroetako bat izango zela imajinatu nuen. Baditu, adibidez, sexuarekin lotutako gaixotasunen izenekin bataiatutako asko: klamidiak edo gonorreak edan izan ditut Benen tabernan.
Gomazko estalkia kendu nion ontzitxoari, eta usaintzearekin argi ondorioztatu nuen, ordea, alkoholik ez zuela edukiak. “Ezin du izan!” batekin, ordenagailura jo nuen. LSDa kartoitxo txikietan zetorrela uste, eta bertsio likidorik ere ba ote zegoen jakin nahi izan nuen. Baietz irakurtzeak, eta erabiltzaile askok Benena bezalako ontzitxoetan urarekin nahastua gordetzen zutela jakiteak ez ninduen batere lasaitu.
Legezko zein legez kanpoko substantzia psikotropikoekin benetako jakingura du Benek, eta ludikoa bezain enpirikoa den jarrerarekin frogatzen du eskuetan erortzen zaion edozer. Frantziarra izanda ere, ostatu berria zabaldu zuenerako Berlingo soto ezkutuenetan destilatzen diren baimenik gabeko likore frikienak barra atzeko armairutxoan ezkutatuta zituen. Tabernari batek bere lanbidea horrenbeste maitatzeak ezin du sanoa izan, nik uste.
Ontzitxoak hilabeteak daramatza logelako apalean, argi pornografiko samarra ematen duen lanpara morearen alboan. LSDa denik sinetsi ez, baina tragoxka emateko ausardiarik ere ez dut bildu. Eta Benen tabernak hiri erdian kokatuta ere izkina guztietatik urruti egotearen ezaugarri miragarria duenez, ezin izan naiz bertaratu barruan zer demontre dagoen galdetzeko.
Azkenean, joan zen ostiral gauean ikusi genuen elkar, etxe alboko kaleko diskotekan. Lanak bukatuta omen zen Ben. Ni, berriz, Laurarenean afaltzetik nentorren; berandu zen, eta ardoarekin goizegi hasia nintzen. Ontzitxoko likido gardena LSDa zen galdetu nion zuzenean, eta algara batean lehertu zen bera. “Hala balitz eman egingo nizukeela uste al duzu ala?” esatearekin Rollberg gorri bat eskatu zidan, berean bezala han ere kañeroan daukate garagardo bikain hori.
Ordurako, diskotekan kabitu ez, eta etxerakoak nola egin nituen ez dut gogoan. Biharamunean, oso berandu oheratu nintzela egiaztatzeak harritu ninduen —goizeko zortzietan ziento bat whatsapp lotsagarri bidaliak nituen—. Gaua zen berriro esnatzerako, eta ajea ari zuen goian-behean. Baina kaskoko mina baino, nire burua espazioan flotatzen sumatzen nuen, logelatik milaka kilometrora.
Apalera begiratu, eta ontzitxoa erdi hutsik zegoela ikusi nuen orduan. Benekin serio hitz egin beharra daukat.
Leave a Reply