Eskola konbentzionalak haurren erritmoa eta emozioak ez dituela kontuan hartzen iruditzen zaio Maider Ugarteri (Pasaia, 1991). Ikasle garaia “aulkian eserita” eta “jolas denbora noiz iritsiko zain” igaro zuela gogoratzen du, eta bestelako hezkuntza eskaintzeko lanean dabil Zapaburu proiektuan.
Irakasle ikasketek bultzatu zaituzte hezkuntza libreaz interesa izatera.
Unibertsitateko praktikak eskola konbentzionaletan egin nituenean, ez zitzaidan batere gustatu. Praktikak amaitu orduko hasi nintzen Interneten informazioa bilatzen, iruditzen zitzaidalako beste eredu batean gauzak egin zitezkeela. Ez zitzaidan normala iruditzen haurrei garrasi egitea, emozioei arretarik ez jartzea, erritmoak ez errespetatzea… Adibidez, haur bat tripako minez komunera joan eta bueltan etortzean ez zitzaion galdetzen zer moduz zegoen; irakasleak ez zuen hartzen denborarik etxean arazoren bat zuen umearekin eseri eta horretaz hitz egiteko; irakasleek esan eta ikasi behar dituzte zein eduki barneratzen dituzten… Gauza horiek aldatu nahian, beste eredu bat bilatzen hasi nintzen, eta hainbat autoreren lanekin egin nuen topo. Han eta hemen irakurritakotik gauza onak hartuz sortu dugu Zapaburu.
Zeuk jasotako hezkuntzatik, adibidez, zer aldatuko zenuke?
Ia guztia. Gogoratzen dut nire hezkuntza aulkian eserita pasatu nuela. Azterketetako presioaz ere gogoratzen naiz, azterketa egiteko presioaz eta lagunen, gurasoen zein irakasleen onarpena jaso beharraz. Gure artean lehiatzen ginen. Ez dut uste oso onuragarria denik hori; prozesua bera hasieratik bukaerara garrantzitsuagoa iruditzen zait amaierako ebaluazioa baino. Unibertsitatean, berriz, ez da haurrekin batere lanik egiten. Haurrak ez dira unibertsitatera eramaten, edo alderantziz, unibertsitatea ez da eskoletara joaten. Niri hori gertatu zitzaidan; hala pentsatzen nuen diplomaturan: “Maider, lasai, gero ez da horrela izango. Praktiketan izango da kontaktua haurrekin”. Baina praktiketara joandakoan armairu bat sentitu nintzen, ez zidaten ezer egiten uzten; eseri eta klase bati begira egon behar izaten nuen. Irakasleak ere informazioa bota eta bota egiten zuen, eta ez zitzaion inporta haurrek barneratzen zuten edo ez. Uste dut aldatu egin behar dela hori, ikaskuntzak erreala izan behar duela, eskola batean topa daitezkeen egoera guztiak planteatu eta horietatik ikasi beharko litzatekeela.
Hezitzaile eta irakasle kontzeptuak bereizi-edo egiten dira. Zergatik?
Irakasle Eskolara joatea da askori errazena iruditzen zaion bidea: irakasle izatea erabakiz gero, eskola publiko edo pribatu batean lan egitea erabakitzen duzu; baina zerbait ezberdina ere egin daiteke, eta nik horren alde egin dut. Gelakideekin hitz egiten nuenean sentitzen nuen zer egin ez zekitelako sartu zirela irakasletzan; eta ez zuten interes berezirik beste eredu batzuen inguruan. Nire kasuan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako diplomaturak egin ditut. Interesagatik neure kabuz asko irakurri dut, eta jakin nuen Italian sortu zela hezkuntza librearen filosofia, eta hara ere joan nintzen praktikak egitera. Horrez gain, Ingalaterran eskola bat ezagutzen egon naiz. Hezitzaile izateko unibertsitateko formazioa hor egon da, baina garrantzia izan dute neure kabuz eman ditudan pausoek ere.
Zer aldatuko zenuke egungo hezkuntza eredutik?
Haurren erritmoa ez da errespetatzen eskola konbentzionaletan. Eurek erabaki behar lukete zer, noiz eta zenbat denboran ikasi nahi duten. Uste dut ikaskuntza prozesu horiek direla onuragarriak eta indartsuak, motibaziotik sortuak izaten direlako. Helduok ere zerbait interesatzen zaigunean hasten gara informazioa bilatzen; ba, gauza bera egin behar da haurrekin. Ezin diegu inposatu zein ezagutza, nola eta zenbat denboran jaso behar duten. Horrela funtzionatzen du hezkuntzak, eta haurren batek ez badu ezaugarri horiekin bat egiten, atzera uzten da, eta besteek aurrera jarraitzen dute. Erritmo horiek errespetatu egin behar dira; haurren ondoan egon eta euren prozesuetan lagundu behar zaie.
Gipuzkoan ez dago halako eskola eredurik; zuek Zapaburu proiektua duzue abian.
Nahi dugu Gipuzkoan ere gurasoei hezkuntza eredu bat baino gehiagoko abanikoa eskaini ahal izatea, eurek erabakitzeko haurrak nola heztea nahi duten. Hasiko ginateke Haur Hezkuntzakoekin, eta gero Lehen Hezkuntzara arte iristea nahi dugu. Hori guztia legeztatuta egin nahi genuke, hezkuntza libreko haurrek ere espedientea izan dezaten.
Zein fasetan zaudete?
Proiektuko gauza gehienak lotuta daude; orain, gurasoak eta haurrak behar ditugu. Eskolak ongi funtzionatzeko, hogei bat ume behar ditugu. Gurasoekin kudeaketaz hitz egin beharko genuke, eta lanean hasi eraikinari begira, espazioa antolatzen eta. Gurasoei esango nieke sinets dezatela beren seme edo alabaren gaitasunetan, haurra bera izango dela bere ikaskuntza prozesuaren protagonista, eta horretarako eskola librea dela aproposena.
Zer egiteko lukete gurasoek Zapaburu eskolan?
Parte hartze aktiboa, guraso, hezitzaile eta haurren arteko komunikazio iraunkor bat behar baita. Guk planteatzen dugun eskola autogestionatua da, eta gurasoek arduratu beharko lukete kudeaketaz: materiala erosteaz, jangela kudeatzeaz, ikastaroak antolatzeaz… Zerbait behar dutenean gugana joko dute, eta guk ere gauza bera egingo genuke. Ostirala ateak irekitzeko eguna izango litzateke: irteerekin, gu tailerren bat egitera irtengo ginateke; eta sarrerekin, gurasoak eskolara etor daitezke dakitena erakustera. Horretarako prest egon behar dute gurasoek; ez du esan nahi ostiralero etorri behar dutenik, baina beharrezkoa da euren parte hartzea.
Baina posible al da hezkuntza eredu osoa aldatzea?
Uste dut eskola libre bat agerian jartzeak jendeari ikusaraziko diola badagoela beste eredu bat. Konfiantza hori zabaldu daiteke, eta jendea kontziente izan daiteke gauzak beste era batera egin daitezkeela emaitza bera edo hobea lortzeko. Uste dut eskola libretik seguruago irteten direla haurrak, emozioak adierazten eta erabakiak hartzen ikasita.
Leave a Reply