Markel Olanoren argazki handi batekin egin zuten Gipuzkoako Hitza-ren lehen zenbakiaren azala 2010eko azaroaren 5ean. Elkarrizketa egin zioten garai hartan Gipuzkoako ahaldun nagusi zenari. “Pasaiako badiaren biziberritzeak martxa ikaragarria hartuko du”, zioen Olanok, elkarrizketaren tituluan, eta Pasaiako kanpoko portua “egingarria” ez ezik “ezinbestekoa” zela esaten zuen. Bost urte geroago, Pasaiako kanpoko portuaren proiektua baztertuta dago. Bost urte geroago, Markel Olano berriro ere EAJren hautagaia da, Gipuzkoako ahaldun nagusi izan eta maiatzean egingo diren hauteskundeetan EH Bilduri foru gobernua kentzeko xedez.
Bost urte geroago, Gipuzkoako Hitza-k 200. zenbakia kaleratu du, eta hamaikatxo gai landu ditu denbora tarte horretan. Eta bost urteotan maiz azaldutako bat 2010eko lehen zenbaki hartan ere azaltzen zen, 10. orrian. “Atez atekoa: Oiartzunek mila tona zabor gutxiago bidali ditu hondakindegira bost hilabetean”, zioen tituluak. Usurbil eta Hernanirekin atez atekoa jartzen lehenengotarikoa izan zen Oiartzun. Ordutik, asko aldatu da atez atekoaren mapa, foru aldundiaren esku aldaketarekin batera. EH Bilduk 2011ko hauteskundeak irabazi eta Gipuzkoako udalerri askotako alkatetza lortu zuen, eta horrekin batera hondakinen kudeaketa ezberdin bezain polemikoa jarri zuten abian. Bost urte geroago, eztabaidak bizi-bizi jarraitzen du; hauteskunde kanpainan, hondakinen kudeaketa eta atez atekoa eztabaidaren erdi-erdian kokatuko dira.
200. zenbakiaren atzetik, 201, 202, 203, 204… Gipuzkoako Hitza-k ostiralero segituko du lurraldeko albisteak irakurleari helarazten. Hitzen sorrerarekin, BERRIA Taldeak “herrialde bakoitzeko euskaldunak euskaraz irakurtzera bultzatuko zituen produktua” egin nahi izan zuen, “gertukoa, irakurterraza eta informazio nazionalaren eta lokalaren arteko hutsunea beteko zuena”.
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak Hitzak kaleratu aurreko astean azaldu zituen bost urte hauetako jarduna zehaztu duten ezaugarriak. Informazio soziala, eguneroko adierazpenen kazetaritzatik eta eguneroko zurrunbilotik ihes eginez landutakoa, pausatuagoa…; eguneroko egunkarian lekurik izan ez duten erreportaje, elkarrizketa eta gainerakoekin osaturikoa.
Lurraldekoan, hutsunea
“Euskarazko komunikazio esparruan Gipuzkoan zegoen hutsuneetako bati erantzuteko sortu zen Hitza 2010eko udazkenean. Izan ere, informazio nazionala zein lokala euskaraz eskaintzen zen arren, herrialde mailako informazioan hutsune handia zegoen”, azaldu du Mikel Arregi Euskal Editoreko kudeatzaileak.
Euskararen normalizazioan “egiteko handia” zegoela aurreikusita, horretan jardungo zuen proiektua abiatu zuen BERRIA Taldeak. Izan ere, ordu arte “Gipuzkoako biztanleek herrialde mailako informazioa irakurri nahi bazuten, gaztelerazko egunkaria erosi beste aukerarik ez zuten”. “Astero herrialde mailako informazioa euskaraz ematen duen astekari bakarra da”, gehitu du. Proiektu berriaren helburuak ere zerrendatu ditu Arregik: euskararen garapena eta normalizazioa lortzeko eragitea; euskararen inguruko gainerako mugimenduak sustatu eta laguntzea; Gipuzkoako biztanleei hitza ematea eta euskal komunitatea trinkotzea; hedabideen artean erreferentzialtasuna lortzea; euskarazko gainerako hedabideekin elkarlanean jardutea; eta, finean, Gipuzkoako euskarazko hedabideen sarea osatzea eta indartzea.
Gipuzkoako Hitza-k astean 23.000 ale kaleratzen ditu, eta hiru modutan iristen da irakurlearengana: BERRIA egunkariarekin batera, tokiko Hitzekin batera (Urola Kosta, Oarso-Bidaso, Goierri eta Irutxuloko Hitzekin, eta, Tolosaldeko kasuan, Ataria-rekin) eta harpidetza zuzenen bidez.
Leave a Reply