Ura badago…Gipuzkoako Ura-tik haratago!

Gipuzkoako ur-partzuergoari buruz ari gara. Gipuzkoako Urak. Izen horrekin, euren asmoa definitzen dute: Gipuzkoako uren kudeaketaren jabe izatea. Enpresa publikoa izan arren, kudeaketa eta kudeaketaren fruituak pertsona partikular zehatz batzuen esku gelditzen dira… Elosegi jauna buru dela. Ezker abertzalearen ilegalizazioaz baliatuta, hainbat herritako uraren kudeaketa bereganatu nahi izan zuten (Lizartza, Zaldibia…) eta baita lortu ere (Altzo…). Zaldibiakoek kontatzen dute, diputazioa EAJren esku zegoela, Olanok esan ziela: “Partzuergoan sartuko zarete bai ala bai”. Halako interesa adierazten dutenak, ez dira etorriko gure herrira faborea guri egitera, ezta? Euren portaerari buruz gehiago hitz egitea badago, baina hemen tokirik ez.

Kezkatuta gaude, entzuten dugulako, hainbat herritan, uraren kudeaketa partzuergoaren esku uzten ari direlako…herria eta udaletxea desenpoderatzen ari direlako. Eta, uste dugu, toki gehienetan, bestelako alternatibarik dagoen ala ez sakon aztertu gabe. Gure herrian, Lizartzan, horrela ikusi dugu.

Partzuergoak sinetsarazi nahi digu ura kudeatzeko modu egokiena beraiena dela. Kaosa interesatzen zaie: ematen du, partzuergorik gabe, diru galerak izango ditugula… partzuergorik gabe, ur kaxkarra. Errealitatea bestelako izan arren. Izan ere, diru galerak euren mesederako dira… Zenbat eta ur zikinago, negozio gehiago eurentzat.

Gure herrian, Lizartzan, besteak beste, honako portaera deskubritu diegu: ur oso garestia saltzen digute, tratamendua aitzakiatzat hartuta; herriko sarean ur galera handia dago, eta udaletxeak ordaindu behar du gainkostu hori; partzuergoak konbentzitu nahi gaitu kudeaketa euren esku utziz gero ur galera eurek konponduko luketela. Eta trukua non dago? Bada, herriak daukan ura ezin hobea, tratamendu gutxi behar duena, errekara doala. Eta herriko ura erabiliko bagenu, nahiz eta galerak izan, guretzako kostua ia zero izango litzateke. Shock teoria erabiltzen digute: kaosa sorrarazi, eta gero salbatzaile gisara etorri.

Bestelako adibideak baditugu Gipuzkoan. Donostialdean, Oiartzunek, Pasaiak, Hernanik…bertako ura ere kudeatzen dute, eta bertako sareak euren esku segitzen du. Zaldibia, Gaztelu, Leaburu, Andoain… horiek ere bertako kudeaketaren aldeko apustua egin dute. Beraz, badaukagu nora begira.

Konbentzituta gaude tokiz toki azterketa eginez gero, posible dela bestelako alternatibak ere mahai gaineratzea. Partzuergoarena hor dago, baina herriz herri egindako diagnostikoa falta da. Gero, proposamen ezberdinen arteko eztabaida egingo dugu, eta erabaki egokiagoa hartuko genuke. Dudarik gabe. Lizartzan horrela egin dugu; herriko uraren kudeaketaren aldeko proposamena jorratuta daukagu. Orain, hauteskundeak aurrean ditugula, uraren kudeaketaren gaiak berebiziko garrantzia du, hauteskunde programetan kontuan hartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.