Suak eta urak urraturiko ibilbidea

Alegiak 1615eko maiatzaren 22an lortu zuen, Felipe III.aren eskutik, hiribildu independentearen titulua. Baina, Tolosarekiko desanexioa lortu zuten herrien artean —14 izan ziren guztira—, Alegia berezia zen. Izan ere, aurrez ere bazituen gainerako herriek ez zituzten zenbait pribilegio —muga zergak ezartzeko eskubidea, esate baterako—, 1454. urtean Enrike IV.a erregeak emandakoak. “Erregeari egindako zerbitzu garrantzitsuen ordainsari gisa” eskuratu zuten alegiarrek hiri titulua XV. mendean, eta errege beraren eskutik jaso zuten herriaren armarria izango zena ere. Bost otso odoleztatuk osatzen dute armarri hori, alegiarrek Olmedoko gudan izandako ausardia goraipatzeko jasotakoa.

1319tik Tolosari atxikita

Alegiaren sorrerari buruzko data finkorik ez badago ere, 1319rako bazegoen antolatutako egitura bat. Izan ere, urte hartako urtarrilaren 21ean sinatu zen Tolosarekiko anexioa, Alegiako bizilagunen eskariz. Hiru mende iraun zuen herri bien arteko loturak. Eta 1454an Enrike IV.aren ebazpenaren bitartez Alegiak hainbat pribilegio eskuratu zituen arren, arlo zibileko eta kriminaleko eskumen osoa eta erabateko independentzia ez zituen 1615 arte eskuratu.

Felipe III.aren eskutik jaso zuen desanexiorako eskubidea, eta, eskumen osoa lortzeaz gain, Alegiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza izatea lortu zuen. Horietan indar gehiagoz jarduteko, ordea, bakarka baino, taldean jokatzea erabaki zuen. Hala, 1625eko apirilaren 7an sinatutako kontratu baten bidez, Alegiak, Ikaztegietak eta Orendainek Aizpuruako Batasuna osatu zuten, eta hiruren artean ahaldun bat izendatzen zuten. Hitzarmena hogei urtean behin berrikusten zuten, eta 1660an Altzo elkartu zitzaien.

Dirutza erregearentzat

Alegiak 43.704 dukat ordaindu zizkion Felipe III.ari hiribildu tituluaren truke; baina dukat kopuru hori lortzea ez zen erraza garai hartan, dirutza handia baitzen —konparazio batera, bi idik 24 dukat inguru balio zuten, eta baserri baten urtebeteko alokairuak, 22 dukat inguru—. 158 familia unitate zenbatu zituzten Gaztelako erregearen ordezkariek Alegian, eta kopuru horri zegokion hiribildu tituluagatik ordaindutakoa, familia unitate bakoitzeko 25 dukat ordaindu behar baitzituzten herriek hiribildu titulua eskuratzeko.

Urte hartan desanexioa lortu zuten herrien artean beste bi herrik ordaindu zuten Alegiaren antzeko kopurua: Albizturrek (43.772 dukat) eta Zizurkilek (40.000 dukat).

Uholdeak eta suteak

Alegiaren historia suak eta urak zedarrituta dagoela esan liteke. Hala, 1532. urtean sute handi batek herria ia osorik suntsitu zuen. Jose Ignacio Iglesias Basañezek kaleratutako Alegia. Una visión histórica liburuaren arabera, soilik bederatzi etxe gelditu ziren zutik. “Etxeak egurrezkoak izanik, nahikoa zen txinparta bat etxea osorik erretzeko; eta etxeak bata bestetik oso gertu eraikita zeudenez, 1532an sute beldurgarri batek ia herri osoa suntsitu zuen”. Sute horren ostean, beilariak hartu zuen gauero herriko etxeak erretzen ez zirela zaintzeko ardura. Edozein sute piztuz gero, haren lana zen beste etxeetan abisua lehenbailehen ematea. Halere, horrek ez zuen saihestu 1648an beste sute handi batek herriko hemeretzi etxe erretzea.

Bestalde, bi ibairen —Amezketa eta Oria— topaleku izanda, Alegiak urarekin ere izan ditu arazoak. XVII. mendetik hainbat uholde daude agirietan jasota. Baina larrienak 1762koa —bi pertsona hil ziren—, 1953koa —urak 2,80 metroko garaiera hartu zuen— eta 1983koa —hiru metroko altuera gainditu zuen urak— izan ziren.

Hain zuzen ere, azken uholde horien ondorioz Alegiaren irudi eta ikur den Zubi Zaharrak kalte handiak izan zituen, eta 1983an konpondu egin behar izan zuten, betiere ezaugarriei eutsiz. Izan ere, Alegiako Zubi Zaharra XIII. mendeko eraikuntza da. Mende askoan Alegiatik Orendainera eta, handik, Aralarrera joateko bide bakarra izan zen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.