Asier Perez-Karkamo
Turismo gidetan Espainiako Estatuko herri politenen zerrendan agertzeak baditu alde onak eta txarrak. Hori ongi dakite Hondarribian. Herriko ekonomian pisu gehien duen sektorea zerbitzuena da, eta, horren eraginez, Gipuzkoako langabezia tasarik txikienetakoa du. Baina udara garaian turistez leporaino betetzen da herria, eta arazorik ere sortzen dute. Datu bat: erroldan 16.999 lagun daude izena emanda, eta aurtengo udan, uztailaren 1etik abuztuaren 31 bitarte, 36.403 bisitari jaso zituzten herriko bi turismo bulegoetan.
Herriko jaiak irailaren bigarren astean izaten direnez, festen ondoren bukatzen da bisitarien uholdea. Azken urteetan udala eta Arma Plaza Fundazioa buru-belarri ari dira lanean udara igaro eta gero ere bisitariak egon daitezen. Txomin Sagarzazu alkateak azaldu duenez, herriko eskaintza urte osokoa izatea bilatzen dute: “Udaran eskaintzen duen berbera dugu eskaintzeko amaitu ostean. Kultur, kirol edota aisialdi aldetik eskaintza osatu bat egiten da urte osorako. Hor daude, adibidez, Itsas Etxea Auditoriumeko programazio emankorra eta Arma Plaza Fundazioaren bidez urritik martxora eskaintzen dugun Ezagutu zure hiria ekimena, bereziki hondarribiarrei begira antolatzen dugun proiektua. Urteko hamabi hilabeteetan dauka Hondarribiak zer eskaini herritarrei eta bertara etortzen direnei”.
Turistei galdetuz gero Hondarribiko ikurrak zeintzuk diren, hondartza, San Pedro kaleko fatxadak eta trainerua aipatuko lituzkete, itsasoarekin zerikusia duten hiru ikur. Baina hori baino askoz gehiago da Hondarribia: hirigune historikoa eta bere harresia, hainbatetan erasoa baina oraindik Gipuzkoako osatuena; Jaizkibel mendia, baskoien garaitik erabili izan den talaia natural paregabea; baserri eremuko auzoak, oinez edo bizikletaz deskubritzekoak…
Ez zorrik, ez mailegurik
Turistenei bizkarra eman gabe, udalaren ardura nagusia hondarribiarren beharrak dira. Horiek agintaldi planean zehaztuak ditu udalak: “Legealdiaren hasieran hiriaren ikuspegia zehaztu genuen, herritarren beharrei erantzuna emateko hurbiltasun eta gardentasunez. Hiri iraunkorra, bizi kalitate egokiarekin, solidario eta euskalduna izan dadin, baita aktiboa ere ekonomia, ondare, kultura eta kirolean”.
Datorren astean “zuhurtzian oinarritutako aurrekontuak” onartuko dituzte, baina, inguruko udalerriekin alderatuta, egoera pribilegiatua dute Hondarribian, ez baitu ez zorrik ezta mailegurik ere. “Alde horretatik, hainbat proiektu esanguratsu dauzkagu markatuak datozen hilabeteetarako. Zuloaga Etxeko [liburutegia] lanak amaitu eta ireki, Egiluz jauregian artxiboa kokatzeko aurretiko lanak egin, Santiago kaleko bigarren zatia hobetu, bigarren enpresa mintegia egin Puntal auzoan…”
Udalaren eta hondarribiar askoren kezketako bat euskararen erabileraren beherakada da, eta, horregatik, Blagan euskara elkartea sortu berri dute herrian prozesu parte hartzaile baten ondoren. Blagan albiste ona dela uste du alkateak, eta haiekin elkarlana ezinbestekoa dela: “Begi onez ikusten dugu euskararen erabilera indartzeko sortu den elkartea, eta udaletik lanean jarraituko dugu denok batera aurrera egiteko”. Haren iritziz, gertatzen ari dena ez da Hondarribian soilik gertatzen, baina hori ezin da aitzakia bezala erabili: “Kezkaturik gaude euskararen erabilera zein den ikusita. Hori argi eta garbi esan behar da. Egia da ez dela soilik Hondarribiarengan eragina duen egoera bat, baina horrek ez du esan nahi ez denik kezkatzekoa. Laster aterako da euskararen erabilera zein den esango digun ikerketa, eta, datu horiek eskutan, lanean jarraituko dugu”.
Erabilera sustatze aldera, Neguko Jardunaldiak antolatzen ditu urtero Euskara Zerbitzuak, euskarazko askotariko ekitaldiak biltzen dituen programa. “Baina Neguko Jardunaldietatik at ere euskarazko programazioa egiten da urte osoan; hori ere aipatu egin behar da”.
Leave a Reply