Lanerako izango zituen aukerei baino gehiago, zuen jakin-minari erreparatu zion Kizkitza Arozenak (Villabona, 1975) sexologiaz ikasten hasi zenean. Hala ere, gaur egun sexu hezkuntzako saioak eta terapia sexologikoa eskaintzen lan egiten du. Jendeak ez omen dio askorik galdetzen bere lanbideaz, baina sexologia osotasunean zer den azaldutakoan, adineko eta elizkoiek ere bat egiten dute diskurtsoarekin.
Sexuak gure bizitzan zuen garrantziaz jakin nahiak bultzatu zintuen sexologiara.
Psikologiako karrera egin nuen, eta, horretan ari nintzela, sexu heziketako ikastaro bat egin nuen; asko gustatu zitzaidan. Ikastaroan egon ginen batzuk animatu ginen, eta Psikologia amaitutakoan, Madrilen master bat egin genuen. Sexuaren atzean egon zitekeena, sexuak pertsonentzat zuen esanahia arakatzea interesatzen zitzaidan. Kuriositate pertsonala nuen gaiaren inguruan; banekien beti gordetzen zen zerbait zela, eta jakin-mina nuen.
Baina lanbidez ere sexologoa zara. Zer egiten duzu?
Hasieran, sexu heziketako ikastaroak egiten hasi nintzen, Urtxintxako begirale ikastaroetan eta. Garai horretan, Donostiako Udalaren programa baten barnean ikastetxeetan sexu hezkuntza eskaintzen aritu ginen ikasle, guraso zein irakasleei. 2004an, terapiara zuzendutako beste ikastaro bat egin nuen, eta beste sexologo batekin kontsultan terapia sexologikoa eskaintzen hasi nintzen, bakarka zein bikoteka. Orain, sexu hezkuntzarekin zein kontsultan jarraitzen dut. Batzuetan, hitzaldiak eskaintzea ere tokatzen zaigu, interesa izan dezaketen taldeek hala eskatuta.
Sexologoa zarela jakitean, jendeak arraro erreakzionatu izan du?
Jendeak ez du askorik galdetzen. Sexua zerbait egitearekin edo sexu harremanak izatearekin lotu dugunez, jendeak uste du horren inguruko lanketaz arduratzen naizela. Baina sexologia ez da hori; pertsona nola egiten den ulertzea da, nola bihurtzen garen gizon edo emakume, nola erakartzen dugun elkar, gure gorputza eta bere erreakzioak ezagutzea da. Sexologia ikasten duenak ez du sexu harremanez ikasten; sexua pertsona bihurtzeko baldintzatzat ulertzen du. Jendeari hori azaltzen zaionean, berdin dio helduak, elizkoiak, atzerakoiak, gazteak izatea, berehala konektatzen dute diskurtso horrekin. Zerbait ikastearekin lotzen dute, eta ez moral bat erakustearekin, eta erraz onartzen dute.
Zeren inguruko interesei edo kezkei erantzun behar izaten diezu?
Adinaren araberakoak izaten dira zalantzak. Gazteen kasuan, saioetara datozenen kuriositate, aurreiritzi eta itxaropenen araberako kezkak izaten dituzte. DBHn dauden ikasleez ari naiz, eta guk euren adinean genituen kezken antzekoak dituzte: euren lehenengo aldia, gorputzean dituzten hainbat sentipen… Asko galdetzen dute telebistan edo Interneten ikusi dituzten gaiez. Informazio asko dute, baina hori nola kokatu ez dakite, informazio asko baina hezkuntza gutxi dutelako. Saiatzen gara euren burua ezagutzen, ulertzen eta maitatzen erakusten ere, diren bezala onar daitezen, euren sexu orientazioarekin eta identitate propioarekin.
Normal hitz egiten al da sexuaz, edo gai tabua da oraindik?
Gai tabua lehen izan zen, aipatu ezin zen gai bat. Gaur egun, beste korronte bat dago: tabua ez izateagatik hizketan hasi ginen, eta orain asko hitz egiten da. Baina zertaz ari garen jakin gabe, kontzeptuak zaindu gabe, eta mezu nahasiak emanez. Mezu gehiegi ematen dira, batere ordenarik gabe. Egon zen tabuari buelta eman nahian gabiltza, eta gauza asko esaten ditugu, baina informazio horiek ordenatzen lana daukagu.
Hala ere, sexu harremanak eta ugalketa ez al dira lotuegi ulertzen?
Gogoratzen naiz haurdun nengoela joan nintzela sexu hezkuntzako saio batera, DBHko bigarren mailara edo. Ikasle bati arreta eman zion horrek, berak sexu hezkuntza haurdun ez geratzeko zerbait balitz bezala ulertzen zuelako, eta arraroa egin zitzaion ni haurdun egonda saioa ematera joatea. Pentsatzen zuen: “Nola etor daiteke norbait haurdun sexu hezkuntza eskaintzera?”. Sexua ugalketari lotuta ikusten dugu, eta, zenbaiten arabera, sexu hezkuntza nahi gabeko ondorioetara ez heltzeko modua azaltzea da. Baina ulertu behar da sexu hezkuntza ez dela haurdun ez geratzeko zerbait, baizik eta sexuan heztea eta horrekin hobeto bizitzen laguntzea.
Leave a Reply