“Langilea zen, konprometituta zegoen”. Gladys del Estal militante ekologistak nuklearren kontra egin zituen bere azken aldarrikapenak. Ekainean 36 urte beteko dira Guardia Zibilak Tuteran hil zuenetik. Urtero bezala, aurten ere gogoan izango du Eguzkik, Donostiako Egia auzoan, baina, horretatik aparte, Emakumeen Nazioarteko Eguna baliatuko dute hura omentzeko. Mikel Mate musikagileak ondutako Gladys: 35 years musika lana estreinatuko dute igandean. Donostiako udaletxeko udalbatza aretoan izango da saioa, 19:00etan.
Kantu bat nahi zuten Del Estalentzat. Egian omenaldia egiten dioten lagunetako batzuek Materi egin zioten horretarako proposamena. Musikagilea gaztea zen Del Estal hil zutenean; hala ere, haren aldarrikapenak presente izan ditu obra osatzerakoan. Horretarako, azken urteetako gertaerei begiratua egin die, eta izandako “basakerietan” jarri du arreta: Japoniako zentral nuklearrez irakurri du, Txernobylez… “Gladys horietako gauza askoren kontra borrokatu zen”. Horiek hartu ditu inspirazio gisa, eta egitura bat osatu du gaion bueltan.
Hamar bat minutuko lana da; musika garaikidea lantzen du, abangoardiakoa. “Nahiz eta garaikidea den eta jendea ohituta ez dagoen, ulertzeko moduan egiteko zerbait egin nahi nuen; komunikatuko duen zerbait”, dio Matek. Kantua ez da bitan berdin entzungo. Igandeko emanaldian, Ana Belen Perez piano jotzaileak eta Judith Moreno saxofoi jotzaileak parte hartuko dute, baina berezitasun bat badu lanak bere horretan: ordenagailu baten bidez doinuak aldatuko dira. “Zenbait soinu aukeratu ditugu, eta ausaz aldatzen joango dira; entsegu eta emanaldi guztietan, beraz, soinuak ezberdinak dira beti”.
Donostian martxoaren 8aren harira antolatutako ekitaldietako bat izango da, Tepodo Konpositore Elkartearen eskutik. Materentzat “egun aproposa” da lana lehenengoz aurkezteko; “ohore bat”. Garrantzitsutzat jo du kultur arloko eragileen inplikazioa: “Nahiz eta batzuetan ez den oso erosoa, jarrera bat hartu behar dugu, eta horrelako eskaera bat oso gustura hartu nuen”. Hasiera batean, hilketaren 35. urteurrenean aurkeztea zen asmoa, baina ordurako ez zuen bukatzerik izan.
Materen lanaz gain, beste bi sorkuntza eskainiko dituzte igandeko saioan, guztiak estreinakoz. Erroak atalak “nondik gatozen” azaltzen du; Erronkak lanak, berriz, etorkizunari begiratzen dio; musika sorkuntzaren aldetik aurrera begira dauden erronkak ditu hizpide.
Esparru gehiagotara
Estreinaldiaren ondoren, Del Estalen omenezko lana beste esparru batzuetan erakustea espero du Matek, erraza ez den arren: “Zaila da musika garaikidea estreinatzea, eta askoz ere zailagoa toki gehiagotara eramatea”. Hala ere, hiru obrak batera eskaintzen ahaleginduko dira, eta proposamenak egingo dituzte Euskal Herrian nahiz atzerrian. Egiako urteroko omenaldirako ere aproposa izan daitekeela uste du. Edonola ere, nahi duenak kantua erabiltzeko aukera izango du nahierara: edonork har eta erabil dezake, baita bertsioak egin ere.
Leave a Reply