Altzotarrek Gaztelako Filipe III.a erregeari erosi zioten hiribildu izateko titulua. Dirua bildu eta ordaindu ahal izateko, hainbat neurri hartu behar izan zituzten. Batetik, herrian egiten ziren salmenta guztien gaineko zerga bat sortu zuten —ogia kenduta—, eta, horrela, ordaindu beharrekoaren bi heren pagatu zuten. Bestetik, beste herena betetzeko, Altzo herriak berak eta batzarra osatzen zuten auzokoek mailegu bat eskatu behar izan zuten. 1.420 dukaten truke, Tolosako Pedro Errekalderi beren etxeak berme gisa eman zizkioten, besteak beste.
Horretaz gainera, erregearekin negoziatuta, ordainketa atzeratzea ere lortu zuten. Guztira, 91 auzokide zenbatu zituzten betebehar hori gauzatzeko, eta auzoko bakoitzak 25 dukat jarri behar izan zituen. Beste lau zalantzan gelditu ziren —ez da ageri, behintzat, ordaindu zutenik—. Era berean, auzotarrek eskubide politikoak izateko aukera izan zuten.
Ordainketa eginda, hiribildu berriek zer toki merezi zuten zehazteko, hiribildu titulua lortzeagatik ordaindutakoaren arabera antolatzea erabaki zuten. Horrela, herri bakoitzaren auzo-kide zenbakiari erreparatu zioten, David Zapirain Karrikak idatzitako Altzotik Altzora. Ibilaldi historikoa Altzon zehar liburuan irakur daitekeenez (Aranzadiren Tolosaldea historia bilduma, 2003). Altzok 853.125 marabedi ordaindu behar izan zuen, eta, horren ondorioz, herriko etxeei zortzi boto egokitu zitzaizkien. Hogeita hamar hiribildu berrien artean hogeita hirugarrena geratu zen Altzo, apalenen artean. Bere tamainagatik, Altzok ezin izan zuen Batzar Nagusietan jarleku bat berak bakarrik ordaindu, eta, horretarako, Bozue Handia batasuneko parte egin zen 1617an. Elkargo hori Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrainek osatzen zuten.
Independentzia aurretik
Altzo 1374. urtean elkartu zen Tolosarekin. Zapirain Karrikaren liburuan jasotzen denez, hori baino lehenago Altzok ez zuen hiribildu gisa jokatzen, leku bezala baizik, “eta, beraz, pentsa daiteke mugak lausotu samar dituen eremua dela”. Udaletxe batera lotuta baino gehiago, jaunari eta elizari lotuta zeuden altzotarrak, Olazabal edo Salbatore edo Andra Mari parrokietara. Horiek izan ziren euren nortasuna adierazteko ikur nagusiak.
Tolosarekin elkartzean, epaile eta legeen araberako bizimodura moldatu ziren, jaunaren eta leinu zaharren menpekotasunetik ihes eginez, eta Gaztelako erregearen hiri sarean txertatuz. Tolosarekin elkartzean, bere lurren kudeaketa zuzenari eutsi zion, baina ez zuen auzokoak epaitzeko erabateko gaitasunik.
1450. urtetik aurrera sortu ziren arazoak: sistema horretan, herrixkek ez zuten ordezkaritza zuzenik lortzen Gipuzkoan sendotzen ari ziren erakunde politikoetan —batzar nagusietan eta foru aldundian—.
Altzorekin lotuta agertzen da historian lehendabiziko aldiz Gipuzkoa hitza —Ipuskua gisa—, Iruñeko Antso III.a erregearen garaian. Zehazki, Ipuskuako agintea zuten Gaila andrearen eta Garzia Azenariz jaunaren eskutik ageri da, 1025. urtean; bikote horren jabetzen zerrendan aipatzen da Olazabalgo Salbatore eliza.
Leave a Reply