Udalerri euskaldunak eguneroko bizimodua, familiakoa, soziala zein laborala ia erabat euskaraz duten horiek dira. Naturalki dira euskaldun, ez dute berariaz erabaki. Euskaldun izan dira mende luzetan, eta, frankismo gorrienean ere, euskaldun izan ziren, norbanakoaren sinesmen, uste politiko edo asmo profesionalen gainetik.
Udalerri euskaldunetan sortu eta gizarteratu diren pertsonak dira oraindik ere euskaldungoari esperientzia kultural beteenak eskaintzen dizkiotenak. Euskal hiztun oso izateaz gain, hizkuntzaren ezagutza sakonetik hizkuntzarekin osatutako ideia, kantu, gidoi, liburu asegarrienetako batzuk eskaintzen dizkigutenak. Eta kudeatzaile, irakasle, saltzaile, ingeniari, mediku trebe asko eta asko ere eman dizkigutenak.
Ez dago oso argia izan beharrik ikusteko euskal hiztun taldeak udalerri euskaldunak behar beharrezkoak dituela. Baina jabetzea eta bere euskaltasuna gordetzen laguntzea ez dira gauza bera. Atzerriko legeek eragotzi egin digute betidanik hizkuntza praxiari dagokionez burujabetasuna. Geronek adostutako hizkuntza praxia ukatu zaigu. Udalerriek bere hizkuntza praxia antolatzea erauzi dute eta ondoren zigortu bide horretan abiatutakoak. Euskal Herriak disfrutatzen duen zaintza demokratikoaren izenean, euskaltasunak debekua eta zigorra ordainetan.
Gauzak horrela, mendez mende, hamarkadaz hamarkada, euskara nagusitzen den eremua murrizten joan da. Naturaltasunez esaten dute xenofoboek, eragindako eta antolatutako prozesu baten bidez esango genuke euskaltzaleok.
Azken 30 urteetan udalerri euskaldunek bizi izan duten prozesuaren aurrean, gertatutakoa azaltzea mingarriagoa zaigu. Udalerri euskaldunetako panorama linguistikoa errotik aldatu da eta frankismo gorrienean nozitu zuten erdalduntzea baino handiagoa gertatu da Franco hil ondorengo sisteman. Geure buruari galdetzen diogu euskaltzale ugarik zer gertatu ote den naturaltasunez euskaldun ziren hiztun komunitateetan. Azalpen horrekin egoera menderatu eta hobetzeko bidea ikusi nahian.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Gaindegiari azken hamarkadetako bilakaera sozio-ekonomikoaren azterketa egin zezan eskatu zion. Ez da lan erraza, azken 30 urteotan gure gizartean gertatu diren aldaketa guztiak kontuan hartuta, euskal komunitateetan gertatu den aldaketa sozio-linguistikoari oinarri sozio-ekonomikoa ematea, baina ahalegin bat egin genuen.
Aski dira hiru edo lau datu aldaketaren tamaina ikusarazteko. Batetik, biztanleen kopurua %7,8 hazi bada, etxebizitzena %37tik gora hazi da, udalerri txikienetan gehiago. Bestetik, inguruko herrietatik etorritako biztanleen kopurua nabarmen hazi da, %51 izateraino (etorritako gehienak 30 urtetik gorakoak) eta, azkenik, herrian bertan lan egiten duten herritarren kopurua nabarmen gutxitu da, heren bat inguru batez beste, baina txikienetan are gehiago.
Esandakoak, beraz, argi uzten du udalerri euskaldunetako egitura sozial eta ekonomikoetan aldaketa erabatekoa gertatu dela. Inguru sozialaren transformazio handia nozitu dute udalerri euskaldunek (txertorik eta indargarririk gabe nozitu ere). Eta etorkizunean oraingo aldaketa are nabarmenagoa izango da, hiztun helduen belaunaldi erdaldunena nagusituko baita euskaldunenak hiltzen diren bitartean, euskaldunena (gazteak) ikastera edo lan bila eremu erdaldunenera joan beharrean den bitartean. Esandakoak, halaber, izan ditzake osagarri gehiago; esaterako, udalerri euskaldunetako enpresen garrantzia eta ahulezia, biztanleria formatuena (euskaldunena) kanpora joan beharra lan bila edo euskararik ezagutzen ez duen entretenimendu digitalaren indarra. Eta abar luze bat. Euskaran oinarritutako harremanen nagusigoa eta presentzia gutxitu izanak, beraz, badu oinarri sozial eta ekonomiko bat.
Ez dago esan beharrik, udalerriei hizkuntza eskumenak kentzen dizkien legedia oro errotik dela kaltegarria, baina ez genuke ahaztu behar hurrengo urteetan berebiziko premiak izango dituztela herriok; besteak beste, bertako eskola eta ikastetxeek baliabide osagarriak beharko dituztela hizkuntza aniztasunean euskara zubi izan dadin eguneroko harremanetan. Halaber, udalek baliabide bereziak beharko dituzte herritar berriei harrera egiteko, eta bertako ekonomiak sustapen berezia beharko du enpresak euskaldundu eta izaera endogenoa duten ekimenak bultzatuz, bertako gazteei etorkizun profesional emankorra eskaintzeko.
Dagoeneko irakurlea hasi da pentsatzen hori denok behar dugula, eta ez du arrazoirik falta. Baina ohar gaitezen, udalerri euskaldunak denon izenean erdaldundu ditugu, oharkabe ala axolagabe, baina geure ardura da herri horietako euskal komunitateak babestea ala zapuztea.
Leave a Reply