Leire Narbaiza
Iritsi zaigu 2016ari agur esateko ordua, baita balantzea egiteko ere. Baina zenbat gauza aldatu dira aurten? Badago alderik 2015. urtearekin? Egia esatera, ezin nezake nabarmendu gauza askorik. Eguneroko mikro-aldaketak gehituta ere ezin esan mundua asko mudatu denik.
Beharbada, norbanakook jasandakoak izango zaizkigu agerikoen. Jaiotzak, heriotzak, dibortzioak, bikote berriak, etxe aldaketak, lan berriak, langabezia… horiek dira eragiten dutenak benetan gure bizitza txikietan.
Baina horrelakorik izan ez baduzue aurten, Gipuzkoa bezala zaudete, aldaketa askorik barik. Izan ere, gure probintzia txiki honetan nobedade gutxi ditugu. Zaharrak berri esamoldea ederki datorkigu. Antzina bezala, porlan zaharra Urteberriko “berrikuntza” (barka iezadazue, beste substantiborik ez zait burura etortzen).
Bai, erraustegiaz dihardut, gipuzkoarroi buru gainean Damoklesen ezpata legez ezarriko diguten kutsatzeko makina. Megaproiektu absurdo, garesti eta arriskutsua. Alferreko diru xahuketa, betiko gutxiengoaren poltsikoen mesedetan.
Hala da, eta guk ordainduko dugu. 780 milioi euro kostatuko omen zaigu erraustegia, baina, diotenez, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (berariaz erraustegia eraikitzeko sortutako erakundea) darabiltzan datuen arabera, askoz karuagoa izango da azkenean, 1.407 milioi euro, lan publikoak beti garestiago irteten direlako, eta Zabalgarbin ere antzera gertatu zelako.
35 urtean ordaindu beharko dute udalek erraustegiaren eraikitzea eta jarduna. Kalkulatu dute Donostiako Udalak urtero 7,4 milioi euro pagatu beharko dituela errefusa erre dezaten. Zorakeria hutsa!
Eredu okerra da hori. Ekologikoki ez ezik, ekonomikoki ere bai. Eta egunotan Espainiako autobideek erakutsi digute zein kaltegarria den modelo hori: eraiki dituzte, eta, defizitarioak direnez, denon artean ordaindu behar ditugu. Hori bai, etekinak egon izan balira, eraiki zituztenendako izango ziratekeen. Erraustegiak eredu berari jarraitzen dio.
Konturatuko zinetenez, ez dut aitatu zaborra tratatzeko plantak zer eragin izan lezakeen osasunean. GuraSOS plataforma hori dabil lantzen; horiek azaldu digute hainbat ikerketak diotela errauskailu batek atmosferara isurtzen dituen dioxina eta metal astunek gaixotasun larriak sor litzaketela gorputzean metatu egiten direlako, eta gure umeak direla biktimarik babesgabeenak, hazten ari direlako.
Goikoa irakurrita, harrigarria iruditu dakizueke osasunean duen eraginaz berbarik ez egitea. Kontua da uste dudala diru kontuak min handiagoa egiten digula gaixotasun hipotetiko batek baino. Erruleta errusiar hori urrun ikusten dugulako, agian; guri tokatuko ez zaigulakoan. Baina ez ahaztu erruleta horretan, katua sakatuz gero, bala bakar bat baino gehiago izango direla kargadorean.
Urte berriak porlan zaharra ekarriko digu, esan lez, erraustegiaz gain AHTari buruz ere adostasunak lortu dituztelako Gasteiz eta Madrilgo gobernuen artean. Porlan zaharra, aspalditik dabiltzalako matraka jotzen eraikuntza proiektu faraoniko hauekin. Porlanez konpontzen dute dena agintari batzuek, aurrerabidea delakoan eraikitzea, obra handiak eginda.
Burua jan digute obra publikoekin, erraz onartzen baititu gehiengoak. Irakatsi digute porlanean dirua jartzea inbertsioa dela; baina kulturan, euskaran eta hezkuntzan, esaterako, gastua. Porlanak zoriontasuna dakarrelako, aurrerapena eta modernitatea. Eta dirua. Asko, ugari. Baina ez herritar xumeoi, beti-betikoei baizik. Betikoa. Urte berri on, porlan on.
Leave a Reply