“Gutxitan betetzen dira jatorrien inguruko topikoak”

Haurra zela gustatzen zitzaion kanpotarrek galderak egitea, eta turismo ikasketak egitea erabaki zuen Andoni Fernandez de Arangizek (Donostia, 1979). Duen lanagatik, bidaiatzen duenean arreta berezia jartzen du beste herrialdeetako turismo zerbitzuan.

Zazpi urte jada turismo arreta eskaintzen ari zarela.

Unibertsitatera joateko garaian hautatu nuen turismoko karrera ikasiko nuela. Beti esan izan dut Donostia mundu guztiak ezagutu behar duela, 7 urtetatik edo. Hiruzpalau lanetan ibili izan naiz, batzuk turismoarekin zerikusirik ez dutenak. Kanpoan ere bizi izan naiz, Irlandan urte batzuk pasatu ditut, ingeles maila hobetzen. Oposizioetan postua lortu nuen, eta sei bat urte daramatzat turismo bulegoko arreta zerbitzuan.

Eta zein da zure lana zehazki?

Turistak etortzen direnean arreta eskaintzen duenetako bat naiz ni. Horrez gain, administrari lanak egitea ere egokitzen zaigu: mezu elektronikoei eta telefono deiei erantzun behar izaten diegu, gure bazkide diren jatetxe eta hotelen eskaintzak prestatzen ditugu, turista taldeentzako plangintzak… Arreta eskaintzerakoan, Donostia eta inguruetako guneei buruzko azalpenak ematen ditugu.

Beraz, hizkuntza mordo bat jakingo duzu.

Menperatu euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Hitz egiteko moduan italiera ere esan nezake, eta katalan apur bat dakit, baina oso gutxi; ez dut menperatzen.

Zer bilatzen dute turistek Donostian?

Nondik datozen, horren araberakoa izaten da normalean. Ipar Euskal Herrikoak, Tolosakoak [Okzitania] edo Bordelekoak familia turismoa eta erosketak egitera etortzen dira, egun-pasa baterako planarekin. Ingalaterrakoak, Eskoziakoak, Alemaniakoak, AEBetakoak… horiek geroz eta gehiago etortzen dira, eta gastronomiaz gozatu nahi izaten dute, dudarik gabe. Espainiatik etortzen direnek plan tipikoagoak izaten dituzte, zerbait bisitatu eta Donostian egin daitekeenaz galdetzen dute. Batzuetan, atetik sartu eta nongoak diren asmatuz gero, jakiten dugu zer egin nahi duten. Eta gezurra badirudi ere, munduaren beste puntatik datozenek garbiago izaten dituzte ideiak, gertutik datozenek baino.

“Katalanak xuhurrak dira”; “Alemaniarrak hotzak dira”… Betetzen al dira jatorrien inguruko topikoak?

Gutxitan izaten da horrela; ez nuke esango betetzen direnik. Zeelanda Berrikoak eta Australiakoak oso atseginak izaten dira. Japoniarrak eta korearrak ere jatorrak dira. Gainera, geroz eta gehiago etortzen dira, eta badute berezitasun bat: dituzten galderen erantzunak lortu arte ahalegintzen dira, baita bulegora hamar aldiz etorri behar izaten badute ere. Apur bat hotzak eta konfiantzarik ematen ez dutenak, berriz, errusiarrak dira.

Jaiegunotan lan asko izango al duzue?

Orain arte, egia esan, ez dugu lan handirik izan, hilabete apalenak izan dira. Zubian izango dugu mugimendu pixka bat, baina jai ere ez da leku guztietan, eta horrek ere eragiten du. Aste Santuko oporretarako entrenamendu modukoa izango da, urtarrilean eta otsailean herdoildu egiten gara pixka bat eta.

Xelebrekeriaren batzuk gertatuko zitzaizkizun.

Orain gutxi galdetu ziguten Aste Santuan zein eguraldi egingo duen, baina kontuz, Eivissan. Bazen beste bat animaliak eramateko aukera zegoen hotelez galdetu ziguna, eta horietako hotel baterako erreserba egiten ari ginela esan zigun putre bat zeukala. Orain gutxi, Herbehereetatik bizikletaz etorri ziren bi gazte eduki genituen; bidaiatzeko dirua irabazteko, musika instrumentu bat zeramaten, eta kontzertutxoak ematen zituzten: guri bulegoan eman ziguten bat. Portugalera joan nahi zuten, eta ikusi zuten hara joateko aldapa handiak zituztela, eta, bizikletaz baino beste era batera nahiago zutela esan, eta bizikletak hemen utzita joan ziren.

Zeuk bidaiatzen duzunean arreta jartzen al duzu turismo guneetan?

Formazio profesionala izanik, izaten dut kuriositatea beste hirietan turismo zerbitzuak nola funtzionatzen duen jakiteko. Hego Amerikan, adibidez, gurea bezalako bulegoak apenas dauden, denak pribatuak dira. Ingalaterran, berriz, alferrik da ingelesa ez den hizkuntza batekin turismo bulegora sartzea; badakite ingelesa hizkuntza nagusia dela munduan, eta dena hala egiten dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.